Erdi Aroko erakundeak euskal lurraldeetan: Ipar Euskal Herriko lurrak

Gaur egungo Ipar Euskal Herriko lurraldeen banaketari buruzko lehen erreferentziak Antso III.a Nagusiaren erregealdikoak dira. XI. mendearen lehen herenetik aurrera, oso argi ageri dira Lapurdiko bizkonde-leinuaren dokumentuak. Nafarroako errege-etxetik sortu zen leinu horrek Baionan zuen egoitza. Zuberoa Biarnoko bizkondearen agintepean zegoen, eta bizkondea Iruñeko erregearen basailua zen. Amikuze-Oztibarre inguruetako egoera zalantzazkoa zen, Akitaniako dukeak eta Nafarroako erregeak aldarrikatutako lurraldea baitzen. Iruñeko erregea hil ondoren, lurralde horietako zati batzuek Akitaniaren eremura jo zuten, baina XI. mendearen amaiera aldera, Lapurditik Zuberoaraino onartzen zen errege-aginte bakarra Nafarroako erregearena zen. XII. mendearen erdialdean, ingelesen esku zegoen lur hori, eta horrek erregeen arteko liskarrak ekarri zituen (Nafarroako, Ingalaterrako eta Frantziako erregeen artekoak). Hor hasi zen lurralde horien behin betiko osaeraren prozesua.

Erdi Aroko erakundeak euskal lurraldeetan: Gipuzkoako sorrera

Gipuzkoaren lehen aipamen historikoa 1025ekoa da, bertan Gartzea Aznarren mendeko lurraldea zela agertzen da eta hura Nafarroako Antso III.aren mende zegoela. Kasu horretan ere, testuetan egiten den Gipuzkoaren aipamena ez dator bat gaur egun guk ezagutzen dugun Gipuzkoarekin. Testu horretan agertzen denaren arabera, Urola eta Oria arroek osatzen zuten Gipuzkoa. Garai horiez ez dakigu askoz gehiago, soilik Iruñeko erregeen mende egon zela Gaztelako Alfontso VI.ak eskuratu arte.

XII. mendearen amaieran, gaur egungo Gipuzkoako lurrak ongi bereizitako hiru lurraldez zeuden osatuta: Gipuzkoa nuklearra edo Ipuçcoa, Donostia hiria eta erdialdeko Debako eta Debabarreneko lurrak. XIII. mendean Gaztelaren esku gelditu ziren lurrak konkista bidez, eta Ipuçcoa izena lurralde osoa izendatzeko erabiltzen hasi ziren.

Gipuzkoako lurraldeko herriak Gipuzkoako Ermandadean bildu ziren, Gaztelako erregeek babestutako elkarteetan. Erakunde horrek, XV. mendearen bukaera aldera, gaur egungo Gipuzkoa osatzen duten leku eta lur gehienak biltzen zituen.

Erdi Aroko erakundeak euskal lurraldeetan: Bizkaiaren sorrera

Bizkaiko egitura politikoa prozesu luze baten bidez eratu zen. Bizkaiaren lehen aipamena Alfontso III.aren VIII. mendeko kronikan agertzen da. Testu horretan, bereizita agertzen dira, Bizkaia bera, Urduña, eta Sopuerta, Garape eta Karrantza. Testu horren arabera, Garape eta Karrantza, gaur egungo Enkarterri alegia, Asturiasko erregeen mende zeuden, eta aipamenean agertutako beste guztiak, tokiko biztanleen eskuetan, besterik gabe.

IX. mendeko Bizkaiari buruzko aipamenak iparraldetik itsasoak, mendebaldetik Nerbioi ibaiak eta ekialdetik Deba arroak mugatutako esparru geografikoaz ari direla esan daiteke. Bizkaia Asturiasko Erresumaren eta garai hartan sortzen ari zen Iruñeko Erresumen artean menderatu gabe zegoen lurralde gisa agertzen da.

Bizkaiko jaunaren lehen aipamena 924koa da, Antso Gartzez I.aren alaba Belaskita Momo bizkaitarren kondearekin ezkonduta zegoela aipatzen denean, Rodako eskuizkribu genealogikoetan. Hurrengo aipu garbia 1043koa da: Enneco Lupiz Vizcayensis comes deitua, Eneko edo Iñigo Lopez delakoarena. Haro familiak zuen lurralde gobernatzeko eskumena. Eskumen hori Eneko Lopezek lortu zuen, Gaztelako Alfontso VI.a erregeari eman zion babesari esker. Bizkaiko jaunek errekonkistan lagundu zuten. Horren ordainetan, Durangoko lurraldea eman zitzaien jaurerri moduan, Bizkaian sartuz, beren izaera galdu gabe. Geroago, Urduñak, Enkarterriko lurrek eta hainbat herrik zabaldu zuten Bizkaiko jaurerria.

Erdi Aroko erakundeak euskal lurraldeetan: Arabaren sorrera

“Araba” hitza Gorbeiatik (jatorrizko gunetik) Arabako Lautadako lurraldeetara hedatu zen. 1025. urteko “Donemiliagako golde-nabarra” dokumentuan Arabako lurrek Donemiliaga Kukulako monasterioari eman behar zioten burdin zergaren berri jasotzen da (golde-nabarretan ordaintzen zen). Garrantzitsuak dira, halaber, Arriagako Kofradiako jaunen esku zeuden herrixkei buruzko datuak; izan ere, guztien artean gobernatzen zuten Arabako zatirik handiena, eta San Joan Arriagakoa ermitan (Gasteiz) biltzen ziren.

XIII. mendearen erdialdetik, jaunen eskumenetik errege-eskumenera igaro ziren zenbait herrixka. Errege-boterea 1332an finkatu zen erabat, Arriagako Kofradiaren esku zeuden lurraldeak erregeari “borondatez ematean”. Erdi Aroaren azken urteetan, jaunen gehiegikeriak geldiarazteko, herrixkak ermandadetan bildu ziren; hau da, Gaztelako erregeek babestutako elkarteetan. XV. mendearen amaiera aldera, Arabako ermandadeak gaur egungo lurralde historikoaren antzeko lur-eremuan banatutako lekuak hartzen zituen.

Erdi Aroko erakundeak euskal lurraldeetan: Iruñeko eta Nafarroako Erresumak

Iruñeko Erresumaren sorrera

IX. mendean, Aritza familiak erregetza ezartzea lortu zuen Iruñea inguruan, Tutera eta Zaragoza arteko Ebro ibarra kontrolatzen zuen Banu Qasi familia musulman boteretsuaren laguntzari esker. Leireko monasterioa izan zen Iruñeko Erresuma berriaren gune politikoa. Harreman onak izaten jarraitu zuten musulmanekin.

Ximenotarren dinastia

X. mendearen hasieran, Ximenotarren dinastiak edo leinuak hartu zuen Iruñeko erregetza, eta Antso I.a Gartzez (905-925) izan zen leinu horretako lehen erregea. Erregeak, Leongo erregeekin aliatuta, bultzada handia eman zion musulmanen aurkako borrokei. Mende horren erdialdean, Iruñeak Aragoiko Konderria bereganatu zuen, eta mendebalderantz hedatu zen, Gaztelaren kaltetan. Antso II.a Gartzez Abarkaren garaian (970-994), Arabako lurraldearen zati bat Iruñeko Erresumari lotuta geratu zen.

Antso III.aren erregealdia

Antso III.a Gartzez Nagusiaren garaian (1000-1035) lortu zuen Iruñeko Erresumak goieneko unea, orduan izan baitzuen erresumak lurrik gehien. Errege horrek musulmanen aurkako borroketan arrakasta handirik izan ez bazuen ere, erresumaren mugak zabaltzea lortu zuen, sortu berria zen Gaztelatik Kataluniako mugaraino, eta, barne arazoez baliatuta, Leongo Erresuma ere bere eraginpean jarri zuen. Antso III.aren boterea Lapurdira eta Nafarroa Behereko lurralde batzuetaraino zabaldu zen.

Antso III.a hil zenean, erresumako mugak bere semeen artean banatu ziren. Gartzea Santxez Naiarakoari Nafarroako lurrak egokitu zitzaizkion, eta baita bere anaien gaineko aginte gorena ere. Hauek zituen anaiak: Ramiro, Aragoiko erregea; Fernando, Gaztelakoa; eta Gonzalo, Sobrarbe eta Ribagorzako kondea. Anaien arteko desadostasunen ondorioz, Atapuercako zelaietan hil zen Gartzea Santxez Naiarakoa, Fernando Gaztelakoaren aurka aritu ondoren. Antso IV.a Peñalengoa erresumaren buru jarri zen, Aragoiren eta Gaztela eta Leonen hedatzeko asmoen mehatxupean.

Antso Jakitunaren eta Antso Azkarraren erregealdiak

Antso IV.a hil egin zuten, eta Iruñeko nobleziak Aragoiko Antso Ramirez erregeari eman zion Iruñearen gobernua. Haren agintaldian, burgu edo herri ugari sortu ziren (Lizarra, Zangoza, Gares…) eta bizilagun asko bildu ziren burgu haietara (Erdi Aroko herri edo herrixka), emandako pribilegioek eta salbuespenek erakarrita. Iruñeko Erresumak Aragoiren inguruan jarraitu zuen ondorengoen agintaldian ere. Nafarroako Gartzea Ramirez (1134-1150) erregeak bereizi zuen Nafarroa Aragoitik.

Antso VI.a Jakitunarekin batera, Berrezarkuntza-garaia (1134-1234) hasi zen. Ordura arte Iruñeko Erresuma izenarekin ezagutzen zenari Nafarroako Erresuma deitu zitzaion. Errege horren garaian erresumaren osotasunari eutsi nahi izan zitzaion. Hala ere, pixkanaka-pixkanaka, ondoko bi erresuma boteretsuk, Gaztelak eta Aragoik, itzal egin zioten Nafarroari, eta erresuma txiki bilakatu zen.

Antso VII.a Azkarraren (1194-1234) agintaldian, Nafarroak Araba eta Gipuzkoa galdu zituen. Erregea oinordekorik gabe hil zen, eta nafarrek Tibalt II.a aukeratu zuten ondorengo. Horrela, bada, Frantziako dinastiak hasi ziren Nafarroan agintzen: Xanpainako etxearen, Frantziako etxearen eta Evreuxko etxearen garaia zen.

Nafarroaren konkista

Nafarroako Erresumaren konkistaren hasiera 1512an hasi zen, hau da, Gaztelako Fernando Katolikoak Nafarroa konkistatzea agindu zuenean. 1512ko uztailetik irailera bitartean, Albako dukeak Nafarroa konkistatu zuen. Urritik abendura bitartean, Nafarroako erresuma berreskuratzeko lehenengo ahalegina egin zen, baina porrot egin zuen. Nafarroako tronuan berriz ere legezko errege-erreginak jartzeko beste ahalegin batzuk egin zituzten 1516ko martxoan eta 1521eko maiatzetik ekainera, baina haiek ere porrot egin zuten. Iritzirik zabalduenaren arabera, armek beharturik beretu zuen Gaztelak Nafarroa, batere sinesgarriak ez ziren arrazoi juridikoak erabiliz eta Julio II. aita santuaren bulda edo agiri eztabaidagarriak baliatuta. Nafarroako Erresumak Nafarroa Beherean jarraitu zuen 1620ra arte.

Erdi Aroko erakundeak euskal lurraldeetan: egitura-politikoa

Erdi Aroan euskal lurraldeak hainbat egitura politikotan kokatu izan dira eta asko aldatu izan dira historian zehar. Euskal lurraldeetako erakunde nagusiak Iruñeko Erresuma eta Nafarroako Erresuma izan ziren. Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Ipar Euskal Herriko lurraldeak Nafarroako eta Iruñeko Erresumen testuinguruan osatu ziren. Gerora, lurralde horietako erakundeak Gaztelako, Frantziako edo Ingalaterrako erresumen barruan kokatzen joan ziren.