1728an Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarra sortu zen, lurralde horretako ekonomia suspertzen eragin handia izan zuena. Garai hartan Espainia eta Amerikako kolonien arteko merkataritza Cadiztik pasatzen bazen ere, konpainia hark, Cadiztik pasa beharrik gabe, Pasaia eta Venezuela arteko merkataritza zuzena izateko pribilegioa lortu zuen. Honako hauek ziren, besteen artean, konpainiak zituen pribilegioak:
– Kakaoaren monopolioa, hau da, Espainiako Erresumaren eta Venezuelaren arteko merkataritza egiteko pribilegioa soilik erakunde horrena zen.
– Kontrabandoa eta legez kanpoko merkataritzari aurre egin eta kendutako materialaz jabetzeko baimena lortu zuen.
Konpainiaren merkataritza-tratua honako elkartruke honetan oinarritzen zen: joateko bidaian, Pasaiako portutik ateratzen ziren itsasontziek burdinazko denetarikoak (iltzeak, aizkorak, goldeak, erremintak…), mertzeriazkoak eta Andaluziako nekazaritza-produktuak (olioak, olibak, ozpina, edari biziak) garraiatzen zituzten, bai eta Frantziako ardoak, edari alkoholdunak eta irinak ere.
Caracastik bueltan, generorik gehiena eta inportanteena kakaoa zen, baina ez bakarra, aldiro-aldiro kafea, azukrea, kotoia, tabakoa, larru onduak ere iristen baitziren, gehienetan Herbehereetara bidaltzeko.
Konpainiak diru irabazi handiak lortu zituen eta Gipuzkoaren garapenean eragin biziki handia izan zuen. Konpainiaren garrantziari zela eta, lanpostu asko sortu ziren; marinel eta ofizial ia guztiak gipuzkoarrak ziren. Hainbestekoa, Larramendi jesuita kexu azaldu baitzen kostaldeko herriak arrantzarako gazterik gabe geratzen zirela, Gipuzkoar Konpainiak erakarrita.
Era berean, Pasaiako badiako biztanle asko baliatu zen itsasontzien eraikuntzak ontzioletan eragindako lanaz. Konpainia Gipuzkoako ekonomiaren benetako bultzatzailea izan zen; merkataritzan etekinak handitzea ekarri zuelako, konpainiaren irabaziak Espainiako Erresuman geratu behar izaten zuten.
Konpainiak garrantzia galdu zuen, konpainiaren egoitza Madrilera pasa zelako (1751) eta gero eta mozkin gutxiago lortzen zituzten ingelesekin konpetentzia handia zelako, besteak beste.
Ibaien inguruko nekazaritza garrantzitsua zen, bereziki arroza, garia, garagarra, azukre kanabera eta tea lantzen zituzten. Zetazko harrarentzat masustondoak ere landatzen zituzten. Abeltzaintzan behiak, txerriak, ardiak, eta oiloak zituzten. Zaldi ugari zituzten gauzak eta pertsonak garraiatzeko eta gurdiak tiratzeko.
Metalgintzaren artisautza ongi ezagutzen zuten, bereziki brontzea, burdina, beruna, kobrea eta urrearen lanketa.
Merkataritza suspertzeko, inperioaren bazter guztietara hedatzen zen komunikazio-sarea antolatu zen. Unitate guztiak, pisua eta txanpona gehien bat, estandarizatu ziren. Txina osoan legeria bera izatera iritsi ziren.
Garai hartan sortu zen Zetaren bidea. Gainera, Txinak zetaren monopolioa zuen eta hari buruzko argibideak inperiotik kanpora zabaltzeak heriotza-zigorra zekarren. Hasiera batean, zetaren erabilera enperadorearen pribilegioa zen. Gero, gizartearen goi-mailakoen artean ere hedatzen joan zen. Zetaren bidearen bidez merkataritza Persiaraino eta Erromaraino iritsi zen.
Ehizan eta bilketan oinarritzen zen Paleolitoko ekonomia, horixe baitzen gizakiek elikagaiak lortzeko zuten bidea. Janaria ez ezik, erregaia, jantziak eta tresnak egiteko lehengaiak ere naturatik lortzen zituzten. Ingurua oso ondo ezagutzen zuten. Garai haietan agertu gabe zeuden nekazaritza, abelazkuntza eta metalgintza.
Gizakiak taldean biltzen ziren ehizarako, fruituak biltzeko. Lana sexuen arabera banatzen zuten: emakumeak, umeen laguntzarekin, nagusiki fruitu, landare edota itsaski bilketan aritzen ziren eta gizonak, nagusiki, ehizan. Bilketarako eta ehizarako lurraldea, gehienetan, kanpalekuaren inguruan aurkitzen zen, 6-10 kilometroko erradioan. Noizean behin, taldeak kanpalekuz aldatzen zuen beharrekoak zituzten elikagaiak edo lehengaiak lortzeko beste leku batzuetara desplazatuz.
Batez ere, animalia belarjaleak ehizatzen zituzten; oreinak, zaldiak, bisonteak eta basahuntzak ezagutzen zituzten, eta, ehiza-teknika egokiak erabilita, nahikoa erraza zen haiek harrapatzea. Taldean ehizatzen zituzten eta lantzak urrunera indarrez botatzeko jaurtigailuak erabiltzen zituzten.
Kostaldean eta erreketan hezurrezko arpoiak erabiliz aritzen ziren arrantzan. Itsasoko arrainen aztarnaz gain, errekako amuarrain, izokin, karpa eta aingirenak ere agertu dira aztarnategietan. Arpoia indarrez jaurti eta arrainaren gorputzean sartutakoan tira egiten zuen arrantzaleak; horrela, arrainari zaila egiten zitzaion ihes egitea. Arpoiari egurrezko kirtena jarri ohi zioten errazago jaurtitzeko. Kostaldean, itsaskiak hartzen zituzten: lapak, ostrak, karrakelak…
Tresna berriak
Naturako lehengaiak erabiltzen zituzten lanabesak egiteko: harria, egurra, hezurra, adarrak, larrua, landare-zuntzak… Horietako asko galkorrak zirenez, ia arrastorik utzi gabe usteldu dira. Garai hartatik iraun izan duten tresnak harrizkoak, hezurrezkoak edo adarrez egindakoak dira.
Paleolitoko garai zaharrenetan silexeko harri puskei zuzenean koskak eginda egiten zituzten tresnak, aizkorak, karrakagailuak, zulakaitzak…
Baina harria lantzeko teknologia garatuz joan ziren gizakiak eta, silex harria xaflatan apurtzen ikasi zutenean, lehengaia hobeto baliatuz lanabes eraginkorragoak egiten hasi ziren: labanak, gezi-puntak, lantza … Tresna horietako askok zurezko heldulekua zuten, usteldu egin zelako desagertu dena.
Silexa zen harri motarik egokiena tresnak egiteko eta oso preziatua zen. Euskal lurraldeetan silexa lortzeko hainbat harrobi zeuden: Gernika inguruan, Urbasan, Trebiñun, Karrikan… Euskal lurraldeetatik beste leku batzuetara, Asturiasera, adibidez, “esportatu” ere egiten zuten.
Tresna mota bakoitzak funtzio jakin bat zuen. Karrakagailuak larrua leuntzeko erabiltzen ziren, zulakaitzak zuloak egiteko, labanak haragia eta beste hainbat gai ebakitzeko.
Arkua asmatu gabe zegoen arren, gezi antzekoak egiten zituzten; haiek urrunera indarrez botatzeko, berriz, jaurtigailuak erabiltzen zituzten.
Hezurrezko tresnei dagokionez, animalien adarrekin zein hezurrekin egiten ziren, puntak, jaurtigailuak, jostorratzak, espatulak, arpoiak… Horietako askok, apaingarri moduan, grabatuak izaten zituzten.
Elikadura
Paleolitoan elikaduraren iturri bakarra natura zen. Haragia lortzeko animalia handiak ehizatzen zituzten (oreina, zaldia, orkatza, basahuntza, bisontea…), baina baita animalia txikiagoak ere (erbiak, marmotak, hegaztiak…).
Errekako arrainak ere jaten zituzten: izokinak, amuarrainak, karpak eta aingirak. Kostaldean itsasoko arrainak eta moluskuak (karrakelak eta lapak bereziki) ere jaten zituzten.
Horrezaz gain, fruituak (hurrak, gaztainak, ezkurrak, masustak…), onddoak, sustraiak eta hainbat landare biltzen zituzten inguruko basoetan, baina apenas dagoen aztarna arkeologikorik, eta oso zaila da zer espezie biltzen zituzten zehaztea; urtaroen araberako espezieak izango ziren.
Jakiak prestatzea
Sua zen jakiak prestatzeko oinarrizko elementua. Aztarnategietan sarri aurkitu dira erretako hezurren arrastoak; beraz, argi dago ehizatutako ugaztunen haragia erre egiten zutela. Karrakelak eta lapak ere sutatik pasatzen zituzten, jateko. Era berean, aztarnek baieztatzen dute, oso arrunta zela hezur luzeak zatitzea, barruko muina atera eta jateko.
Litekeena da, bestalde, harrapatzen zuten arrain eta haragi guztia berehala ez kontsumitzea, garai hartako klima hotza tarteko, elur-zuloez baliatuko baitziren soberakinak izozteko.
Gizakia abeltzaintzan eta nekazaritzan hasi zen, beraz, Neolitoan elikaduraren kontrola lortu zuen gizakiak; dagoeneko ez zuen jardun behar elikagaiak lortzeko ehizan eta fruituak biltzen, ehiztari eta biltzaile izatetik ekoizle izatera pasatu zen.
Naturari behatuz konturatu ziren landareen haziak lurrera erorita landare berriak sortzen zirela eta poliki-poliki landareak ereiten ikasi zuten: garia, garagarra… Labore horietatik irina lortzen zuten eta, urarekin nahastuz, talo antzekoak egiten ikasi zuten. Nekazaritzari esker eguneroko janaria ziurtatzea lortu zuten, leku batetik bestera bila ibili gabe.
Animalia batzuk etxekotzea ere lortu zuten: behiak, ardiak, ahuntzak, txerriak… Animalia taldeak zainduz gero, esnea, haragia eta larrua lortzeko aukera zutela konturatu ziren, horrela ez zeukatela ehizara joan beharrik. Txakurra ere etxekotu zuten eta etxe-abereen zaintzan txakurrak laguntza paregabea eskaintzen zien, batez ere, artzaintzan. Adituak ez datoz bat txakurra noiz etxekotu zen esatean, baina argi dago txakurra izan zela gizakiek etxekotu zuten lehen animalia, ehiza jardueretan laguntzeko.
Nekazaritza eta abelazkuntzaz gain, osagarri gisa, jarraitu zuten ehizan eta fruituak biltzen ere. Animaliak ehizatzeko batez ere arkuez eta geziez baliatzen ziren. Geziak harriz eginiko puntak egurrezko euskarri bati lotuta prestatzen zituzten.
Beste jarduera batzuk ere sortu ziren; hala nola, ehungintza eta ontzigintza.
Tresna berriak
Lurra lantzeko aitzurra asmatu zuten, garia eta garagarra ehotzeko eskuzko errotak; haziak gordetzeko zeramikazko ontziak eta uzta biltzeko zereala mozteko balio zuten igitaiak.
Paleolitoan erremintak harriari kolpeak emanez lortzen bazituzten, Neolitoan harria lantzeko modua aldatu egin zen, kolpatu ordez beste harri baten kontra leunduz eta zorroztuz lortzen zuten aizkorak egitea. Erreminta horiei zurezko heldulekuak jartzen zizkieten. Tresna horiek ez ziren silex edo suharriz egindakoak bezain zorrotzak, baina hobeto egokituta zeuden etengabeko kolpeak jasotzeko. Harri leunduzko aizkorak egurra ebakitzeko erabiltzen ziren. Egurra erregai moduan ez ezik eraikinak egiteko ere erabiltzen zen..
Zeramika izan zen Neolitoko artisau-produktu nagusietako bat. Buztinezko ontziak eskuz egiten ziren eta 600-1000 °C artean berotuz egosten zituzten. K.a. 3000. urteko ontziak ez ziren oso ikusgarriak, nahiz aldika apaindurak izan. Zeramikazko ontzi handiek, besteak beste, ekoizten zituzten gaien soberakinak (garia, garagarra…) gordetzea ahalbidetu zuten; horrela, ez zuten janari bila ibili beharrik. Zeramikazko ontzietan gordetzen zituzten gaiak karraskarietatik nahiz hezetasunetik babestuta zeuden.
Elikadura
Jende gehienaren elikadura etxean ekoitzitakoa zen; hau da, nekazariek edo abeltzainek ekoitzitakoa. Dietaren parterik handiena, landare jatorrikoa izango zen seguru asko, eta haragia eta arraina urri.
Aztarnategi ugaritan aurkitu dituzten erretako haziek frogatzen dute K. a. 3.000. urterako euskal lurraldeetan zerealak ereiten zituztela: ezkandia (gari mota bat), garagarra, gari arrunta eta artatxikia. Zereal horiekin irina egiteko, lehenbizi, eskuzko errota txikietan eho behar izaten zituzten aleak.
Basoetan bildutako fruituak eta landareak ere jaten zituzten, osagarri gisa: sagarrak, hurrak, intxaurrak, masustak,basaranak,ezkurrak, gaztainak, basaranak… Bestelako landare eta sustrai jangarriak ere bilduko zituzten seguru asko, orobat perretxikoak eta onddoak. Basoko erleek ekoitzitako eztia biltzen zutela ez da dudarik: Euskal Herri bertako aztarnategietan horren froga zuzenik aurkitu ez den arren, Europa osoan, eta handik kanpo (Egipton, Mesopotamian, Afrika iparraldean…) eztia biltzea lan arrunta zen.
Haragiari dagokionez etxekotutako behiak, ardiak, ahuntzak eta txerriak ziren okela-iturri nagusiak. Animaliek, haragiaz gain gantza ere ematen zuten, eta esnea ere bai. Bereziki, oreina ehizatzen zuten, baina aldika basurdeak, uroak, orkatzak, untxiak eta hegaztiak ere harrapatzen zituzten jateko. Arrantza eta itsaski bilketa ere aipa daitezke (batez ere txirlak, ostrak eta lapak), nekazaritza- abelazkuntza-jardueren osagarri.
Jakiak prestatzea
Buztinezko lapikoetan janaria egosten zuten. Zerealez eginiko janari berriak azaldu ziren; hala nola, ogiak, taloak eta opilak. Zerealekin irina egiteko, lehenbizi, eskuzko errota txikietan ehotzen zuten alea. Irina urarekin nahastu, eta orea labean erretzen zuten.
Irinarekin, ogiaz gain, ahia edo orea ere egin zitezkeen; horretarako, urarekin nahastu eta buztinezko eltze batean egosten zuten.
Aztarna arkeologikoetan erretako hezurren arrastoak sarri aurkitu dira, baita erretako moluskuenak ere. Beraz, argi dago moluskuak zein haragia txingarretan erreta jaten zituztela noizean behin, seguru asko egun berezietan. Ahuntzen eta behien esnea freskoan edaten zuten, baina gazta egiteko ere erabiltzen zuten.
Sagarrak erretzeko ohitura ere dokumentatuta dago: sagarrak gordinik jan zitezkeen, baina baita labean erreta ere.
Edaritan, ura eta esnea edateaz gain, baliteke garagardoa ere ezaguna izatea garaian hartan.
Metalen erabilerak benetako iraultza ekarri zuen. Hasieran brontzea erabili zen, metal horrekin apaingarriak eta armak egiten zituzten, batez ere, lanabesak eta egiteko bigunegia baitzen.
Geroago hasi ziren burdinazko tresnak egiten, aitzurrak, goldeak igitaiak… Euskal lurraldeetan ugari zegoen, merkea zen eta edonon aurki zitekeen. Gauzak horrela, nekazaritzarako eta meatzaritzarako lanabesak egiteko oinarrizko lehengai bihurtu zen burdina. Burdina urtu ondoren, forma emanez egiten zituzten erremintak. Aztarnategi askotan aurkitu dituzten eskoriak(metala urtu ondoren geratzen diren hondakinak) frogatzen du jarduera hori ohikoa zela.
Zurezko tresnen aztarna oso gutxi aurkitu dira, egurra usteldu egiten delako, baina haiek egiteko tresna ugari aurkitu dira; horrek frogatzen du eguneroko tresnak egiteko zura erabiltzen zutela.
Iparraldeko leinu edo tribuak, batez ere, abelazkuntza eta ehizatik bizi zirela esan dezakegu, lurralde horietako erliebearen eta eguraldiaren ezaugarriengatik nekazaritzak ez zuelako irtenbide handirik. Abelazkuntza ezaguna zen, Neolito Arotik behia, ardia, ahuntza eta txerria ziren animalia etxekotu nagusiak. Metal Aroan horiez gain oiloa ere azaldu zen. Horiei guztiei esker, haragia eta larruaz gain, esnea eta gantza edo arrautzak lortzen zituzten. Ilearekin, bereziki ardiaren artilearekin, arropak egiten zituzten. Lurra lantzeko eta gauzak garraiatzeko ere animalien indarrez baliatzen ziren.
Hegoaldean aldiz, laborantza, nekazaritzazen jarduera ekonomiko nagusia, horko lurrak eta klimak horretarako baldintza egokiagoak ematen zituelako.
Jarduera horiek ez zituzten erabat baztertu aurreko garaietako jarduerak, ehiza, arrantza eta fruitu-bilketa osagarri moduan mantendu ziren.
Tresna berriak
Burdinazko tresnen erabilerak nekazaritza-jarduera erraztea ekarri zuen: lurra lantzeko aitzurrak eta goldeak, zerealak ebakitzeko igitaiak; eraikuntzarako iltzeak, grapak, errematxeak; arrantzarako amuak; guraizeak, labanak … eta beste hainbat tresna eraginkor egitea ahalbidetu zuen metalen erabilerak.
Brontze Aroan sartzean, zeramika mota ikusgarria azaldu zen euskal lurraldeetan, jatorria Europan zuena: ezkila (kanpai)-itxurako zeramika. Badirudi luxuzko zeramikagintza zela, agian eliteei, goi mailakoei erreserbatua, edo agian zeregin oso jakinetarako erabiltzen zena. Zeramika horrez gain, egunerokoan erabil zitekeen zeramika arrunta ere egiten segitu zuten. Ohikoa da elikagaiak biltzeko ontzi handiak aurkitzea.
Elikadura
Jende gehienaren elikadura etxean edo etxe inguruan egindakoa zen; hau da, nekazari edo abeltzain jatorrikoa. Ehizatik eta bilketatik lortutako jakiak osagarriak ziren. Bestalde, dietaren parterik handiena landare jatorrikoa izango zen seguru asko, eta haragia eta arraina urri.
Aztarnategietan kiskalitako hainbat hazi aurkitu dira, espelta, garagarra, oloa… Horrek frogatzen du ereindako janaria jaten zutela. Baba beltzak eta ilarrak ere ohikoak ziren.
Osagarri gisa, basoetan bildutako fruituak eta landareak jango zituzten: sagarrak, hurrak, intxaurrak, masustak, basaranak, ezkurrak, gaztainak, basaranak… Bestelako landare eta sustrai jangarriak ere bilduko zituzten seguru asko, orobat perretxikoak eta onddoak.
Basoko erleek ekoitzitako eztia biltzen zutela ez da dudarik: Aztarnategietan horren froga zuzenik aurkitu ez den arren, Europa osoan, eta handik kanpo (Egipton, Mesopotamian, Afrika iparraldean…) ezti bilketa arrunta zen, gutxienez Neolito Arotik.
Haragiari dagokionez, etxekotutako behiak, ardiak, ahuntzak eta txerriak ziren okela-iturri nagusiak. Horiek, haragiaz gain gantza ere ematen zuten, eta esnea ere bai, txerriak izan ezik. Oiloa ere azaldu zen garai hartan. Ehiza, bigarren mailakoa zen, baina ez zen guztiz desagertu, oreina eta basurdea ziren gehien ehizatzen zituzten animaliak.
Arrantza eta itsaski-bilketa (batez ere txirlak, ostrak eta lapak), elikaduran osagarri ziren.
Edaritan, ura eta esnea edateaz gain, baliteke garai horretan garagardoa ere ezaguna izatea.
Janarien prestaketa
Buztinezko ontzigintzak lapikokoak egitea ahalbidetu zuen.
Zerealez eginiko janariak azaldu ziren; hala nola, ogiak, taloak eta opilak. Zerealekin irina egiteko lehenik eskuzko errota txikietan ehotzen zuten. Irina urarekin nahastu, eta orea labean erretzen zuten. Irina, ogiaz gain, oreak egiteko erabil zitekeen, horretarako urarekin nahastu eta buztinezko eltze batean egosten zuten.
Aztarna arkeologikoen arabera erretako haragi eta moluskuak ere jaten zituten noizean behin. Ildo berean ardien, ahuntzen eta behien esnea fresko hartzeaz gain gazta egiten zuten.
Merkataritza
Nekazaritzaren eta abeltzaintzaren garapenak eta metalen teknologia hobetzeak soberakinak izatea ekarri zuen. Soberan zituzten gaiak falta zituzten beste batzuengatik trukatu egiten zituzten, ez baitzen oso ohikoa dirua erabiltzea.
Euskaldunak ez zeuden ingurukoetatik isolatuta, izan ere Euskal Herrian aurkitu diren zenbait objekturen jatorria beste lurralderen batean dute. Adibidez, bariszita harri berdeak, idunekoak (lepokoak) egiteko oso estimatua zirenak, Kataluniako harrobi batetik ekartzen zirela dirudi.
Lanbide nagusiak nekazaritza eta abeltzaintzari lotuak zeuden.
Nekazaritzan garia, garagarra sesamoa eta kotoia lantzen zituzten, eta arioen etorrerarekin, baita arroza ere. Bufaloak, gameluak eta ahuntzak hazten zituzten.
Artisauek, brontze, kobre, berun eta eztainuzko lan bikainak sortzen zituzten, lur azpiko ubide eta ura lortzeko putzu ugari eraiki zuten. Indiako industria oihalgintzarekin lotuta egon zen beti. Horrez gain, zeramika eta bolia lantzen iaioak izan ziren.
Merkataritzak indar handia hartu zuen Ashokaren garaian Egipto, Pertsia eta Greziarekin gehienbat. Garraiorako elefante-karabana luzeak erabiltzen omen ziren.
Erromatarrak menderatu zituzten lurraldeetatik ahalik eta etekinik handiena ateratzen saiatu ziren, baita euskal lurraldeetan ere. Horretarako, konkistatutako lurraldeak berrantolatu egin zituzten, bakoitzak eman zezakeen onuraren arabera.
Jarduerak
Nekazaritzarako egokiak ziren lurraldeetan, lanak egiteko moduak erabat aldatu zituzten. Berrikuntza nagusien artean ureztatze-lanak, goldea, ongarrien erabilera etalursailen hirurteko txandatze-sistema aipatu behar dira. Horrek guztiak aldaketa handia ekarri zuen; izan ere, lehen aldiz uzta handiak lortzen hasi ziren; beraz, soberan zutena saldu eta irabaziak lortzeko aukera izan zuten. Euskal lurraldeetan, batez ere Ebro eskualdean garatu zen egoera hori.
Produktu berri ugari ekarri zituzten erromatarrek: garia, olioa, mahatsa…, fruta-arbolak ere sartu zituzten, besteak beste, gerezia eta pikua. Edarietan garagardoa, ardoa eta sagardoa egiteko teknikak ere ekarri zituzten. Ehunak egiteko zenbait landare (kalamua eta lihoa bereziki) erromatarrei sor dizkiegu.
Zenbait lekutan, meatzaritza landu zuten, urrea, beruna, eztainua, kobrea, burdina eta merkurioa lortzeko. Arditurritik (Aiako Harria) adibidez, zilarra, kobrea eta burdina atera zituzten. Oiassoko (Irun) portutik bideratzen zuten mearen garraioa.
Elikagaien transformazioari lotutako jarduerak aipa daitezke azkenik. Erribera aldean olioa egiteko prentsak aurkitu dira. Ardoa ere toki askotan egiten zen. Bai ardoa eta bai olioa anforetan garraiatzen zen.
Tresna berriak
Jarduera berriekin lotuta hainbat tresna berri ekarri zituzten erromatarrek. Nekazaritzan golde erromatarra erabiltzen hasi ziren, goldeak lurra errazago biratzea ahalbidetu zuen, horrela, uzta handiagoak eta hobeak lortuz.
Ureztatze-sistemari dagokionez, ubideak dira aipagarrienak, haien bitartez ura noranahi eraman zezaketen: soroetara, landareak ureztatzeko, nahiz etxeetara, etxeko ur beharrak asetzeko.
Erromatarrek ekarritako tresna eta teknika berriei esker arrantza- jarduerek ere loraldia izan zuten. Arraina kontserbatzeko lantegiak sortu ziren; horrez gain beste ekoizpen berezi bati ekin zioten: arrainetatik ateratzen zuten saltsa bat, garum izenekoa, erromatar munduan oso preziatua. Anfora ontzietan garraiatzen zuten. Horrelako lantegien aztarnak aurkitu dira Getarian (Lapurdi).
Erromatarrek artisautzaere indartu zuten. Horren eredu terra sigillata motako zeramika ekoizten zuten tailer txikia aurkitu da Pompaelo-n (Iruñea). Era berean, zenbait eskulangintza-tailer egon ziren garai hartan, bereziki hiri inguruetan: arotzak, harginak, teilaginak, beiragileak, oihalgileak, larrugileak, jostunak, etab.
Elikadura
Garai hartan euskal lurraldeetako biztanle gehienen elikadura etxean bertan ekoitzitako edo bildutako produktuetan oinarritzen zen: etxean hazi eta etxean jan. Dietaren parterik handiena, landare jatorrikoa zen, haragia eta arraina eskasak ziren.
Garia, garagarra, artatxikia, oloa, baba, ilarra, mahatsa eta beste landare batzuk aspalditik ziren ezagunak euskal lurraldeetan. Gariak garrantzia berezia zuen lurralde osoan, ogia egiteko lehengaia baitzen, barku formako eskuzko errotak erabiltzen zituzten gari-alea eho eta irina lortzeko.
Zereal eta barazki horiei erromatarrek ekarri zituztenak erantsi zitzaizkien: aza, tipula, baratxuria, porrua, dilistak…
Bildutako fruituak eta landareak osagarri gisa maiz jaten zituzten. Horrela, basoan edo etxe inguruko fruta-arboletan sagarrak, hurrak, intxaurrak,masustak,basaranak eta ezkurrak biltzen ziren jateko, gaztainak ere bai, seguru asko.
Aipaturiko fruituei erromatarrek ekarritakoak erantsi behar dizkiegu: olibak, gereziak, pikuak, almendrak, pinoiak, aranak eta melokotoiak. Horien guztien arrastoak aurkitu dira aztarnategietan. Garaiko dietan abelazkuntzak ere bazuen garrantzirik. Abere motarik ohikoenak behiak, ardiak, ahuntzak, txerriak eta oiloak ziren. Abere horietatik, esnea, gantza , arrautzak eta haragia lortzen zituzten.
Edaritan ardoa zen estimatuena, Estrabon historialariak aipatzen zuen menditarrek garagardo moduko bat ere egiten zutela.
Jakien prestaketa
Janari prestatzeko nagusiki metalezko eltzeak edo pertzak, lapikokoak egosteko balio zutenak, bai kobrezkoak eta bai burdinazkoak erabiltzen zituzten.
Merkataritza
Erromatarren garaian euskal lurraldeak, galtzada eta itsas bideen bidez, Erromako merkataritza-sarean sartu ziren. Merkataritza ahalbidetzeko neurri eta txanponak sortu eta hedatu zituzten.
Garai hartan euskal lurraldeek Ebro ibarrarekin eta Galia (gaur egungo Frantzia) hegoaldearekin izan zituzten merkatal-harreman handienak, nahiz urrunagoko produktuak ere iristen ziren aldika. Horren erakusgarri da terra sigillata zeramika, Galiatik, Italia edo Afrika iparraldetik ekarritakoak aurkitu dira. Beirazko zenbait ontzi ere, adibidez Veleian aurkitu direnak, urrutikoak zirela dirudi.
Ildo berean, elikagaiaren parte handiena norbere ingurukoa izan arren, kanpotik ekarritako jaki eta edari batzuk lortzea ere nahiko arrunta zela dirudi.
Diruaren erabilera, Metal Arotik ezagutzen bazen ere, erromatarren garaian merkataritza-jarduerarekin batera hedatu zen. Batez ere hirietan erabiltzen zen, nekazaritza-eremuetan gutxiago erabiltzen zen. Zergak ere ezarri zituzten erromatarrek.
Produktuak garraiatzeko eta lurraldea kontrolatzeko galtzadak (gaur egungo autopistekin konparatu daitezkeen bideak) eta ibaiak zeharkatzeko zubiak eraiki zituzten. Ardoa, olioa eta garum-a garraiatzeko anforak erabiltzen zituzten. Anforak elikagaiak itsasontzietan garraiatzeko forma egokia zuten, behetik estua itsasontziaren hondora ondo egokitzeko.
Merkataritzaren mesedetan ezarri ziren pisu eta neurriak ere. Esate baterako, distantziak miliatan (mila pauso) neurtzen zituzten eta galtzadetan distantziei buruzko informazioa milia-harrietan (miliario izenekoa) jartzen zuten.
Denbora neurtzeko unitateak ere ezarri zituzten, hala nola Juliar egutegia (Julio Zesarrek proposatutakoa), urteari 365 eguneko iraupena ezarri eta guk ezagutzen ditugun hamabi hilabetetan banatu zuen: Ianuarius, Februarius, Martius, Aprilis, Maius, Iunius, Iulius, Augustus, September, October, November eta December.
Bereziki nekazaritzan eta merkataritzan oinarritu zen.
Nekazaritza
Nekazaritzan mahastiak, zerealak eta olibondoak lantzen ziren bereziki. Patrizioen eskuetan zeuden lursail handiak izaten ziren gehienetan, esklaboen esku-lanaz baliatuta. Hirietatik gertu zeuden eremuetan frutak eta barazkiak ere lantzen ziren, hirietako merkatuak hornituz.
Artisautza
Hiriak ugaritzeak eta handitzeak artisautza ere zabaldu zuen. Landa-ingurunetan nekazaria askotan artisau ere bazen, baina hiriak denda eta lantegi txikiz beteta zeuden: zapatariak, bitxigileak, zeramikagileak, okinak, harakinak… Eraikuntza arloko artisauak ere ugari zeuden: igeltseroak, arotzak, iturginak, margolariak, harginak…
Lanbide libreetan aritzen zen jendea ere ugari zen: medikuak, irakasleak, bankariak, eta, zer esanik ez, merkatariak.
Merkataritza
Merkataritza, batez ere elikagaiena, oso garrantzitsua zen, bereziki hirietan. Arlo horretan oso kontuan hartzekoa da Erromak zuen hedadura. Europa, Asia eta Afrikako hainbat lurralde bereganatzean, Mare Nostrum (Mediterraneoa) ingurua merkataritzagune izugarria bihurtu zen. Lehorreko merkataritzak garrantzi handia hartu zuen. Erromatarrek inperio osoa elkartzen zuen 90.000 km-ko galtzada-sare handia eraiki zuten, merkataritzarako ere oso baliagarria izan zena.
Antzinateko beste lekuetan bezalaxe, Greziako oinarri ekonomikoa nekazaritza zen. Nagusiki, hiru produktu ekoizten zituzten: garia, ardoa eta olioa. Produktu horiek kolonietan eta Mediterraneo inguruko beste herrialdeetan zabaldu zituzten, merkataritza-harremanak garatuz. Gainera, Greziako lurra oso emankorra ez denez, nekazaritzako produktu asko, garia bereziki, urrundik lortu behar izaten zuten.
Artisautza
Greziaren historian hasiera-hasieratik agertzen dira bai artisau-tailerrak eta bai merkataritza-harremanak. Ditugun datuen arabera, gehien garatu zen artisautza zeramika izan zen. Zeramika-ontzi gehienak olioa edota ardoa garraiatzeko erabiltzen zituzten.
Merkataritza
Merkataritza Mediterraneo inguruan garatzeak ondorio garrantzitsuak izan zituen, besteak beste itsasontzien garapena eta txanponaren garapena ekarri zituen. Hiri bakoitzak bere txanpona zuen, eta ezagunena Atenasko drakma izan zen. Era berean, txanponen erabilera Mediterraneo inguruko herrialdeetan zabaldu zuten.
Egiptoko ekonomia nekazaritzan oinarritzen bazen ere, artisautza eta merkataritzak ere garrantzi handia izan zuten.
Nekazaritza. Egipto Saharako basamortuaren ekialdean dago, baina, hala ere, han nekazaritzan oinarritutako zibilizazio bat sortu zen, Nilo ibaiari esker. Urtero, uda hasieran, Afrikako ekialdean izandako eurite handiek Niloren uhaldia eragiten zuten; ibaia hazi, bere bidetik atera eta ibar osoa urpean jartzen zen. Uhaldi horrek bi ondorio onuragarri zituen: alde batetik, lur idortua ureztatzea, eta, bestetik, ura bere onera itzultzen zenean, berarekin zeramatzan sedimentuak lur gainean uztea. Sedimentu horiek ongarri gisa funtzionatzen zuten, lurra nekazaritzarako prestatuz. Uhaldia urtero gertatzen zela kontuan izanik, nekazaritzak oso garapen handia lortu zuen, baina uhaldia txikia edo berantiarra bazen, gosetea zen nagusi, Egiptoko historian hainbat aldiz gertatu zen bezala. Egoera horri aurre egiteko, herri-lan handiak egin zituzten, ubideak eta ureztatze-sistemak garatuz. Uhaldiaren neurria kontrolatzeko “nilometro” neurri sistema ere sortu zuten. Horri esker, estatuko funtzionarioek urte horretako uzta nolakoa izango zen kalkula zezaketen eta, ondorioz, baita nekazariek zenbateko zerga ordaindu beharko zuten ere.
Egipton nekazaritza estatuaren eta tenpluen kontrolpean zegoen: lurraren jabetza horien esku zegoen, eta nekazariek bi erakunde horietako funtzionarioen esanetara lan egiten zuten.
Niloren erriberetan zereal mota ugari landatzen zituzten, bereziki garia, garagarra eta lihoa. Zereala ogia eta garagardoa egiteko erabiltzen zen.
Ortuetan ilarrak, dilistak, tipulak, porruak eta letxugaz gain mahatsa, datilak eta pikuak lantzen zituzten.
Abeltzaintzari dagokionez, etxekotutako abereak, bereziki behiak, zituzten; baita txerri, ardi, ahuntz, antzar eta ahateak ere. Dena den, ez dirudi abeltzaintza garrantzitsua zenik.
Merkataritza. Egiptoarrek soberakinak zituzten nekazaritzan eta horrek salerosketa bideratzen zuen. Elikagaiak eta lehengaiak saltzen zituzten bereziki, eta intsentsua, zilarra, zedrozko egurra, eta esklaboak ere erosten zituzten. Gehienetan, merkataritza atzerritarren eskuetan egon zen. Garraioa, bereziki, Nilo ibaian zehar egiten zen, baina baita Mediterraneotik ere, itsasontziz.
Artisautza oso garatua zegoen. Oso ezagunak diren artelan bitxiez gain, buztina, metala, harria… landu zituzten.
Mesopotamian bezala, Egipton ere gizarte eta ekonomia-mailako antolamenduan konplexutasun handia lortu zuten, eta benetako lanaren banaketa eratu zutela esan daiteke.