Donejakue bidea

Jakue Jesusen jarraitzaileetako bat izan zen. Kondairaren arabera Hispaniara ekarri zuen Jesusen mezua. Jerusalema itzuli zenean, juduen agintariek hil egin zuten, baina haren jarraitzaileek Hispaniara ekarri zuten gorpua eta Compostelako Donejakue edo Santiagon hilobiratu. IX. mendean hezurdura bat aurkitu zuten han, eta Jakuerena zela erabaki zuten. Handik aurrera, Erroma eta Jerusalemekin batera, erromesaldiak egiteko hirugarren gune nagusia izan da Europako kristau guztientzat.

Santuaren balizko hilobia aurkitu zenetik, errege-erregina kristauak, Asturiaskoak bereziki, jabetu ziren garrantzi handiko aurkikuntza zela, ez soilik arrazoi erlijiosoengatik, baizik eta arrazoi kulturalengatik eta, batez ere, ekonomikoengatik. Hasieran, erromesaldia egiteko zailtasun handiak zeuden. XI. mendera arte, musulmanen erasoak etengabeak ziren, eta oso arriskutsua zen bidaia. Horrexegatik, hasieran kostaldetik egiten zen bidea. Dirudienez, Hendaia eta Hondarribitik sartu eta, Gipuzkoako kostaldetik, Bizkairaino heltzen zen. Handik Kantabriara, Asturiasera, eta, azkenik, Donejakuera iristen zen. Musulmanen arriskua apalduz joan zen heinean, hegoalderago mugitu zuten bidea. Azkenean, Nafarroako Antso III.ak ohiko bidea finkatu zuen. Iruñean bat egiten zuten Orreagatik eta Jakatik zetozen bideek, eta handik Errioxara, Burgosera, Leonera, Astorgara eta, azkenik, Donejakuera heltzen zen.

XI. mendetik aurrera, bidaia seguru egiteko aukera izan zenetik, milaka eta milaka erromes igarotzen ziren urtero bide horretatik. Berez bide erlijiosoa zena bide komertzial eta kulturala bihurtu zen. Erromes haietako asko penintsulako hirietan geratu ziren, Iruñean eta Lizarran besteak beste (Iruñean ikusi dugun frankoen auzoan adibidez) eta garrantzi handiko ekonomiagune bihurtu zituzten.

Halere, askoz adierazgarriagoa izan zen kulturan izandako eragina. Donejakue Bidea Europako kultura guztien bilgune bihurtu zen, eta bide horretan barrena sartu ziren Iberiar penintsulan Europako eredu kultural berriak, esaterako arkitekturaestilo berria, erromanikoa. Ez da halabeharra penintsulako aztarna erromaniko antzinakoenak Leiren eta Jakan egotea, hots, bidearen hasieran, bide horretan eliza erromanikoak nonahi ikustea, eta Santiagoko katedrala penintsulako eliza erromaniko nagusietakoa izatea.

Erdi Aroko monasterioak

Erdi Aroan, erlijio kristauetako monasterioak kulturaren babesleku izan ziren. Baina monasterioen helburu nagusia ez zen kulturala, erlijiosoa baizik. Otoizguneak ziren, eta otoitz hori liburu santuen gainean eginiko gogoetetan oinarritzen zen. Lekaideek latinez eta, ahal izanez gero, grekoz, irakurtzen eta idazten jakin behar zuten. Horren ondorioz, monasterio guztietan liburutegia eta irakurtzen eta idazten irakasteko eskolak sortu zituzten.

Zer ikasten zuten

Ikasketak latinez egiten ziren, hizkuntza hori baitzen elizaren hizkuntza “ofiziala”, hizkuntza horretan edo grekoz idatzita zeuden liburu santu guztiak. Idazle klasikoen testuak irakurriz eta buruz ikasiz ikasten zuten hizkuntza. Latina ikasteaz gainera, beste arlo batzuetako zientziak ere ikasten zituzten: Geometria, Geografia, Historia, Musika, etab. Baina ikasketa horien helburua ere dokrina kristaua ulertzea zen.

Ikaste-prozesuan berebiziko garrantzia zuen liburuak kopiatzeak. Liburuak kopiatzen zituen lekaideak, monasterioko liburutegia aberasteaz gainera, kopiatzen ari zen liburua barneratzen zuen, eta hari buruzko gogoeta egiten zuen. Hori dela eta, orri ertzetan bere iritziak eta interpretazioak idazten zituen, eta, batzuetan, hizkuntzaren zailtasunak zirela eta, aldamenean edo lerro artean hizkuntza mintzatura itzulpena egiten zuen. Ezin dugu ahaztu ezagutzen ditugun lehen euskal hitzak Donemiliaga Kukulako lekaide batek idatzitako horrelako itzulpen batean agertu zirela.

Nolanahi ere, lekaideak helburu erlijiosoa zuen, Jainkoaren maitasunean bat egitea, otoitzaren bidez. Hortik dator Erdi Aroko lekaideen lelo nagusia: Ora eta labora, egin otoitz eta lan, Jainkoarekin bat egiteko. Garrantzi handiko lana egin zuten lekaideek monasterioetan Erdi Aroan. Euren helburua beste bat, erlijiosoa, bazen ere, antzinateko kultura gordetzeko egin zuten ahaleginari esker, kultura hari iraunarazi egin baitzioten.

Monasterioetako liburutegiak

Monasterioak sortzen hasi zirenean, VI. mendean, liburu gutxi zeuden, baina X. mendetik aurrera, liburutegiek gero eta garrantzi gehiago hartu zuten.

Jarritako arauen arabera, liburuak gela isolatu batean gorde behar ziren, eguraldi txarretik babestuta eta ondo aireztatuta, hezetasunetik babesteko. Ondo irakurri ahal izateko, irakurgelak lasaia eta isila izan behar zuen. Mahai bat edo bi izaten ziren gela horietan. Honako liburu hauek irakurtzen zituzten, nagusiki: Biblia, teologiako liburuak, santuen bizitzak, etab. Liburu horiek kate batez lotuta egoten ziren, ezin ziren gelatik atera, irakurleak hantxe bertan irakurri behar zituen, beste inora eraman gabe.

XIII. mendetik aurrera, liburuak mailegatzen hasi ziren. Mailegatutako liburuak monasterioko liburutegiko zerrendan idazten ziren, eta liburu bat mailegatzeko, monasterioko abadearen baimena behar zen. Liburua maileguan hartzen zuenak berme batzuk eman behar zituen, liburua ez zela galduko ziurtatzeko.

Monasterioetako idaztegiak

Esan dugunez, monasterioetan egiten zuten lan nagusia liburuak kopiatzea zen. Lan hori idaztegietan egiten zuten. Lehenengo lana pergaminoa prestatzea zen. Ondoren, liburu-orriak egiteko larrua mozten zen, prozesu hori oso garestia zen, liburu bat egiteko 25 bildotsen larrua behar zelako. Hortik aurrera kopiatzailearen lana hasten zen. Egunsentian hasten zen lanean, eta goizeko bederatziak arte jarduten zuen, gero arratsaldeko hiruretan hasten zen berriro, ilundu arte. Lekaide bakar batek urtebete behar zuen Biblia osorik kopiatzeko. Lan nekeza zen, eta badakigu lekaide batzuk kexu zirela, bizkarreko mina zela, neguko hotza zela, etab.

Liburuetan irudiak jarri behar baziren, kopiatzaileak horietarako lekua uzten zuen, eta lan hori lekaide marrazkilari bati agintzen zioten gero.