Erromanizazioa euskal lurraldeetan

Erromanizazioa Erromak beste lurralde bat bereganatzeko prozesuari deitzen zaio. Erromarena  ez zen izan konkista militarra bakarrik, bere kultura, hizkuntza eta ezaugarri orokorrak ere ezartzen baitzituen inperio osoko egoera bateratuz.

Erromanizazioa k.a. II. Mendetik k.o. V. mendera arte eman zen gure lurraldeetan eta ondorioz Antzinaroa erromanizazio garaiarekin hasi zela esan dezakegu, ordukoak baitira gure lurraldeko tribuei buruzko lehen idatziak.

Erromanizazioa euskal lurraldeetan

Erromanizazioa ez zen modu berean egin leku guztietan. Iparraldean adibidez, nahiko ahula izan zen, hegoaldean berriz sakona eta eraginkorra izan zen.

Erromatarrek  lurraldea bi multzo nagusitan antolatu  zuten: ager vasconum eta saltus vasconum.

Ager delakoa, gutxi gorabehera, isurialde mediterraneoak hartzen duen lurraldea izango litzateke. Lur horiek egokiak ziren, erromatarrek lantzen zuten nekazaritzarako, ardoa, garia eta olioa lantzeko, alegia.

Saltus delakoa, isurialde atlantikoa alegia, menditsuagoa zen eta basoz betea zegoen. Uste zenaren aurka, azken urteotako indusketa arkeologikoetan laboreak, garia, garagarra, oloa, eta abar aurkitu dituzte; beraz maila apalean bada ere, nekazaritza mota hori ere ezagutzen zuten. Itsaso aldeko eremu geografiko horretan garrantzi handiagoa izan zuten abeltzaintzak, meatzaritzak eta baita esklaboak eta mertzenarioak lortzeko ahaleginek ere.

Erromanizazioa euskal lurraldeetan: kultura eta artea

Erromanizazioa gure artean  k.a. II. Mendetik k.o. V. mendera arte eman zen, eta garai horretan hainbat erromatar ohitura gure artean zabaldu ziren.

Hizkuntza

Latina batez ere erromatar Inperioak hedatu zuen. Latina hizkuntza ofizial bakarra zen eta administrazioarekin harremanetarako ezinbestekoa. I. mendetik aurrerako inskripzio guztiak latinez agertzen dira eta pixkanaka alfabeto latinoa lurralde guztian zehar zabaldu zen.

Euskara eta latina elkarrekin bizi izan ziren mende askotan, eta horrek ondorioak ekarri zituen. Batetik, latina goi mailakoen eta Elizaren hizkuntza bihurtu zen , boteretsuen ezaugarri bihurtu baitzen. Bereziki Ebro arroan jende askoren artean zabaldu zen Bestetik, herritarren artean euskara zen ia hizkuntza bakarra. Dena den ezin dugu ahaztu latinak euskaran oso eragin handia izan zuela, hiztegian batez ere.

Janzkera eta apaindura

Erromatarren jantziak (tunika, estalkiak, togak, sandaliak, legionarioen armadurak…) jende-talde jakin bati zegozkion: hirietan bizi zen biztanleriaren goi mailako jendeari.

Hiriez kanpo, nekazari-guneetan, gehienek bertako janzkera tradizionala mantendu zutela dirudi. Euskal biztanle gehienak, seguru asko, ortozik edo abarken tankerako oinetakoekin ibiliko ziren. Nolanahi ere, erromatar moldeko oinetakoak ere azaldu dira; adibidez Oiasso hirian oinetako baten zola azaldu da.

Garai hartako aztarnetatik ondoriozta daiteke, ehotzea eta jostea ohiko jarduerak zirela. Landare-zuntzetan lihoa, eta animalia-zuntzetan artilea ziren lehengai arruntenak garai hartan. Larruzko jantziak ere erabiltzen zituzten.

Gizonezkoak depilatuta joatea zen erromatarren moda. Arruntena gizon bakoitzak pintza batekin bere gorputza depilatzea zen.

Aztarnategietan brontzezko eta beirazko apaingarriak (eraztunak, eskumuturrekoak, lepokoak eta kateak) eta zeramikazko edo beira-orezko lepoko aleak topatu dira, baita urrez egindako bitxiak.

Sinismenak

Erromatar Inperioaren toki gehienetan politeismoa (jainko ugari gurtzea ) zen nagusi eta tokian tokiko jendearen sinesmenak, erromatarrentzat arriskutsuak ez ziren neurrian, errespetatu egiten zituzten. Datu horiekin pentsa liteke euskal biztanleriaren gehiengo zabala, bereziki nekazaria eta abeltzaina, betiko  sinesmenen jarraitzailea zela, eta erromatar ereduko erlijioa batez ere hirietan, goi-mailakoen artean zabaldu zela.

Erromatarren ikuspegi tradizionalean jainko-jainkosek zeru-lurrak gobernatzen zituzten.

Artea: Arkitektura

Hiri nagusietan oso garrantzitsu bihurtu ziren eraikin publikoak: foroak, teatroak, zirkuak, termak… Horrelako eraikinek probintzietako biztanleei Erromaren handitasuna eta edertasuna erakusten zizkieten. Horren adibide ditugu euskal lurraldeetan topatutako bai monumentu handiak (Lodosako akueduktua, Oiassoko termak, Andeloseko ur-biltegia) eta baita hainbat mosaiko, pintura, terma, etab. ere.

Villa bateko termak (Arkaia)

Hileta-errituak

Hileta erriturik ohikoena errausketa zen, bai bertako jendearen artean, baita erromatarren artean ere. Hildakoak erretzeko ohitura erromatarrak iritsi aurretik zegoen errotuta. Gorpua sutan kiskaltzen zen lehenik eta ondoren errautsak kontu handiz bildu eta zenbait objekturekin batera lurperatu egiten ziren toki berezi batean.

Errauts-ontzia (Ama Xantalengo nekropolia)

Bertakoen eta erromatarren errituen artean baziren desberdintasun batzuk. Euskaldunen ohitura errautsak harrespila (edo tumulu) batean ehorztea zen. Erromatarrek berriz nekropolietan (hilerrietan) biltzen zituzten. Hildakoaren errautsak buztinezko errauts-ontzi batean sartzen zituzten eta ontzi hori lurperatu egiten zuten.

Errauts-ontziaren aldamenean edo barruan zenbait objektu sartzen ziren: beirazko ukendu-ontzitxoak, txanponak, gezi-puntak, metalezko apaindurak, kolorezko beira-bolatxoak, etab. Aberatsek beren errauts-ontziaren aldamenean hilarri landu bat jar zezaketen.

Erromanizazioa euskal lurraldeetan: ekonomia-jarduerak

Erromatarrak menderatu zituzten lurraldeetatik ahalik eta etekinik handiena ateratzen saiatu ziren, baita euskal lurraldeetan ere. Horretarako, konkistatutako  lurraldeak berrantolatu egin zituzten, bakoitzak eman zezakeen onuraren arabera.

Jarduerak

Nekazaritzarako egokiak ziren lurraldeetan, lanak egiteko moduak erabat aldatu zituzten. Berrikuntza nagusien artean ureztatze-lanak, goldea, ongarrien erabilera eta lursailen hirurteko txandatze-sistema aipatu behar dira. Horrek guztiak aldaketa handia ekarri zuen; izan ere, lehen aldiz uzta handiak lortzen hasi ziren; beraz, soberan zutena saldu eta irabaziak lortzeko aukera izan zuten. Euskal lurraldeetan, batez ere Ebro eskualdean garatu zen egoera hori.

Produktu berri ugari ekarri zituzten erromatarrek: garia, olioa, mahatsa…, fruta-arbolak ere sartu zituzten, besteak beste,  gerezia  eta  pikua. Edarietan garagardoa, ardoa eta sagardoa egiteko teknikak ere ekarri zituzten. Ehunak egiteko zenbait landare (kalamua eta lihoa bereziki) erromatarrei sor dizkiegu.

Zenbait lekutan, meatzaritza landu zuten, urrea, beruna, eztainua, kobrea, burdina eta merkurioa lortzeko.  Arditurritik (Aiako Harria) adibidez, zilarra, kobrea eta burdina atera zituzten. Oiassoko (Irun) portutik bideratzen zuten mearen garraioa.

Elikagaien transformazioari lotutako jarduerak aipa daitezke azkenik. Erribera aldean olioa egiteko prentsak aurkitu dira. Ardoa ere toki askotan egiten zen. Bai ardoa eta bai olioa anforetan garraiatzen zen.

Tresna berriak

Jarduera berriekin lotuta hainbat tresna berri ekarri zituzten erromatarrek. Nekazaritzan golde erromatarra erabiltzen hasi ziren, goldeak lurra errazago biratzea ahalbidetu zuen, horrela, uzta handiagoak eta hobeak lortuz.

Ureztatze-sistemari dagokionez, ubideak dira aipagarrienak, haien bitartez ura noranahi eraman zezaketen: soroetara, landareak ureztatzeko, nahiz etxeetara, etxeko ur beharrak asetzeko.

Akueduktu  erromatarra ( Lodosa)

Erromatarrek ekarritako tresna eta teknika berriei esker arrantza- jarduerek ere loraldia izan zuten. Arraina kontserbatzeko lantegiak sortu ziren; horrez gain beste ekoizpen berezi bati ekin zioten: arrainetatik ateratzen zuten saltsa bat, garum izenekoa, erromatar munduan oso preziatua. Anfora ontzietan garraiatzen zuten. Horrelako lantegien aztarnak aurkitu dira Getarian (Lapurdi).

Erromatarrek artisautza ere indartu zuten. Horren eredu terra sigillata motako zeramika ekoizten zuten tailer txikia aurkitu da Pompaelo-n (Iruñea). Era berean, zenbait eskulangintza-tailer egon ziren garai hartan, bereziki hiri inguruetan: arotzak, harginak, teilaginak, beiragileak, oihalgileak, larrugileak, jostunak, etab.

Elikadura

Garai hartan euskal lurraldeetako biztanle gehienen elikadura etxean bertan ekoitzitako edo bildutako produktuetan oinarritzen zen: etxean hazi eta etxean jan. Dietaren parterik handiena, landare jatorrikoa zen, haragia eta arraina eskasak ziren.

Gariagaragarraartatxikiaoloababailarramahatsa eta beste landare batzuk aspalditik ziren ezagunak euskal lurraldeetan. Gariak garrantzia berezia zuen lurralde osoan, ogia egiteko lehengaia baitzen, barku formako eskuzko errotak erabiltzen zituzten gari-alea eho eta irina lortzeko.

Zereal eta barazki horiei erromatarrek ekarri zituztenak erantsi zitzaizkien: azatipulabaratxuriaporruadilistak

Bildutako fruituak eta landareak osagarri gisa maiz jaten zituzten. Horrela, basoan edo etxe inguruko fruta-arboletan sagarrakhurrak, intxaurrak,  masustak, basaranak eta ezkurrak biltzen ziren jateko, gaztainak ere bai, seguru asko.

Aipaturiko fruituei erromatarrek ekarritakoak erantsi behar dizkiegu:  olibakgereziakpikuakalmendrakpinoiakaranak eta melokotoiak. Horien guztien arrastoak aurkitu dira aztarnategietan. Garaiko dietan abelazkuntzak ere bazuen garrantzirik. Abere motarik ohikoenak behiakardiakahuntzaktxerriak eta oiloak ziren. Abere horietatik, esnea, gantza , arrautzak eta haragia lortzen zituzten.

Edaritan ardoa zen estimatuena, Estrabon historialariak aipatzen zuen menditarrek garagardo moduko bat ere egiten zutela.

Jakien prestaketa

Janari prestatzeko nagusiki metalezko eltzeak edo pertzak, lapikokoak egosteko balio zutenak, bai kobrezkoak eta bai burdinazkoak erabiltzen zituzten.

Merkataritza

Erromatarren garaian euskal lurraldeak, galtzada eta itsas bideen bidez, Erromako merkataritza-sarean sartu ziren. Merkataritza ahalbidetzeko neurri eta txanponak sortu eta hedatu zituzten.

Garai hartan euskal lurraldeek Ebro ibarrarekin eta Galia (gaur egungo Frantzia)  hegoaldearekin izan zituzten merkatal-harreman handienak, nahiz urrunagoko produktuak ere iristen ziren aldika. Horren erakusgarri da  terra sigillata zeramika, Galiatik, Italia edo Afrika iparraldetik ekarritakoak aurkitu dira. Beirazko zenbait ontzi ere, adibidez Veleian aurkitu direnak, urrutikoak zirela dirudi.

Ildo berean, elikagaiaren parte handiena norbere ingurukoa izan arren, kanpotik ekarritako jaki eta edari batzuk lortzea ere nahiko arrunta zela dirudi.

Diruaren erabilera, Metal Arotik ezagutzen bazen ere, erromatarren garaian merkataritza-jarduerarekin batera hedatu zenBatez ere hirietan erabiltzen zen, nekazaritza-eremuetan gutxiago erabiltzen zen. Zergak ere ezarri zituzten erromatarrek.

Produktuak garraiatzeko eta lurraldea kontrolatzeko galtzadak (gaur egungo autopistekin konparatu daitezkeen bideak) eta ibaiak zeharkatzeko  zubiak  eraiki zituzten. Ardoa, olioa eta garum-a garraiatzeko anforak erabiltzen zituzten. Anforak elikagaiak itsasontzietan garraiatzeko forma egokia zuten, behetik estua itsasontziaren hondora ondo egokitzeko.

Galtzada erromatarra (Ziortza)

Merkataritzaren mesedetan ezarri ziren pisu eta neurriak ere. Esate baterako, distantziak miliatan (mila pauso) neurtzen zituzten eta galtzadetan distantziei buruzko informazioa milia-harrietan (miliario izenekoa) jartzen zuten.

Denbora neurtzeko unitateak ere ezarri zituzten, hala nola Juliar egutegia (Julio Zesarrek proposatutakoa), urteari 365 eguneko iraupena ezarri eta guk ezagutzen ditugun hamabi hilabetetan banatu zuen:  IanuariusFebruariusMartiusAprilisMaiusIuniusIuliusAugustusSeptemberOctoberNovember eta December.