Presio atmosferikoa

Lurrazalean, kokapenaren arabera, erradiazio edo eguzki-izpi kopuru ezberdina jasotzen denez, airea leku batzuetan besteetan baino beroago egoten da. Airea beroa dagoen aldeetan igotzeko joera izaten du, aire beroa hotza baino arinagoa baita. Airea gora igotzen den puntu horretan, aire-kopurua txikiagoa izango da eta haren pisua ere bai. Aire horrek eragiten duen presioa, beraz, txikiagoa izango da. Airea hotzagoa den aldeetan, ordea, aire gehiago egongo da, pisu handiagoa izango du eta handiagoa izango da pisu horrek sortutako presioa ere. Aireak duen pisuaren eta presioaren arabera, behe-presio (depresio) eta goi-presio uneak sor daitezke lurrazaleko lekuetan. Milibara da atmosferaren presioa neurtzeko erabiltzen den neurria, segundoak denbora neurtzeko edo metroa luzera neurtzeko erabiltzen ditugun bezala. Leku jakin bateko presioa 1.013 milibaretik beherakoa bada, behe-presioaz ari gara eta hortik goragokoa bada, berriz, goi-presioaz. Behin edo behin ikusiko zenituen, agian, eguraldi-mapak. Mapa horietan lurrazalaren zati bat agertzen da (Europako mendebaldea, esate baterako) eta, marra batzuen bidez, inguru horretan presioak nola banatzen diren adierazten da. Bai al dakizu zer diren marra horiek? Lurrazal-zati horretan presio berbera duten puntuak marra batez lotzen baditugu, isobara izeneko marrak sortzen zaizkigu, hau da, presio bereko puntuen marra. Meteorologoek eguraldi-mapetan agertzen dizkiguten marra horiek dira, hain zuzen, isobarak; eta marra bakoitza presio jakin bati dagokio. Askotan, presio hori milibaretan adierazita etortzen da marran bertan, goiko irudian ikus dezakezun bezala.

Presio-banaketa

Gauza jakina da gure planetan eguraldia oso aldakorra dela. Hori goi-presioen eta behe-presioen kokapenaren ondorioz gertatzen da kasu askotan, mugitu egiten baitira. Dena den, eta Eguzkitik jasotako energiaren zein Lurraren mugimenduen ondorioz, goi-presio eta behe-presio horiek planetan zehar gerriko gisa kokatzen dira, ondoko irudian adierazten den erara. Horrek izugarrizko eragina du klimaren eta eguraldiaren aniztasuna ulertzeko.

Klima faktoreak: Fenomeno atmosferikoak

Fenomeno atmosferikoak

Kliman eragiten duten faktore nagusaik fenomeno atmosferikoak dira. Troposferan gertatzen diren fenomeno atmosferikoetako batzuk presio atmosferikoa eta haizeak dira. Atmosferak eragiten duen presioa ez da berdina izaten planetako leku guztietan, aireak (beroa, hotza, hezea…) ez baitu berdin pisatzen beti eta, jakina, gure planetaren mugimenduaren eraginez, hainbat eratako erradiazioak jazotzen dira leku batetik bestera. Horren eraginez prezipitazio eta tenperatura ezberdinak egoten dira planetaren luze-zabalean.