Esne-Bidea da gure Lur planeta kokatuta dagoen galaxia; kiribil formakoa da. 200.000-400.000 milioi izarrek osatzen dutela kalkulatzen da. Esne-Bidearen erdigunea aztertzea zaila den arren, jakin, badakigu zulo beltz bat dagoela bertan eta bertatik lau beso ateratzen direla. Eguzki-sistema Esne-Bidearen beso horietako batean dago.
Lurretik begiratzean, ortzi guztia zeharkatzen duen kolore zurixkako lerro zabal bat ikusten da. Galaxiaren deitura bitxi honen jatorria Greziako mitologiatik dator: xingola zuri hori Juno jainkosak Herkules semeari titia ematen ari zitzaiola isuritako esnea omen zelakoan, Esne-Bidea deitu zitzaion (latinez, Via Lactea). Galaxiaren plano nagusiko izarrak lirateke xingola zurixka horretan ikusten direnak.