Erdi Aroko gizarte-antolamendua: burgesia

XI.-XII. mendeen inguruan, beste talde ekoizle bat agertu zen: burgesia osatzen zuten artisau eta merkatariena. Hirietan bizi ziren, eta egitura feudaletik at zeuden. Pribilegiorik gabea ziren, gizarteko talde hori ez zegoen jaunen mende eta erregeak ezarritako zergak bakarrik ordaintzen zituen. Euskal lurraldeetan hiribildu asko sortu ziren mende horietan, eta horrekin batera, burgesak ugaritu egin ziren. Hiri askok itsas merkataritza zuten oinarri (Bilbo, Donostia, Hondarribia…), baina barrualdean ere baziren garrantzi handiko hainbat hiribildu: Gasteiz, Agurain… Baziren artisau-hiriak ere (arrantza Bermeon, oihalgintza Durangon, armagintza Markinan…).

Euskal lurraldeetan bi artisautza-jarduera nagusi zeuden Erdi Aroan: burdingintza eta ontzigintza. Burdingintza batez ere burdinoletan egiten zen. Hasieran, mendietan kokaturik zeuden burdinolak, baina IV. mendetik aurrera haranetan eraikitzen hasi ziren. Nekazaritzako tresnak, arrantzarako arpoiak, ontzigintzarako tresnak, etab. egiten zituzten. Metala lantzearekin lotuta, beste hainbat artisau lanbide zeuden: errementariak, sarrailagileak, eztainugileak, zilarginak, labanagileak, armagileak… Ontzigintzari dagokionez, euskaldunek normandiarrengandik ikasi zituzten lehen itsas teknikak, XI. mende inguruan. Industria horren garapenean hiru arrazoi aipatu ohi dira: itsasoaren gertutasuna, arrantza eta merkataritza. Beste artisau batzuk ehunekin eta jantzigintzarekin lotutakoak ziren (ehuleak, zapataginak, sokagileak…), baita larruarekin lotutakoak ere (larrugileak, tindatzaileak, poltsagileak…), eraikuntzarekin edo etxeko tresnekin lotutakoak (arotzak, harginak, pitxargileak …). Artisau talde bakoitza gremio banatan antolatuta egon ohi zen.

Merkataritzari dagokionez, hasieran eskualdeko nekazarien eta artisauen arteko produktuen trukea egiten hasi ziren, baina pixkanaka komunikabideak hobetu ahala, eta bideetan bakea nagusitu ahala, merkataritza-sare zabalak antolatu zituzten. Garraioa bereziki itsasoz egiten zen. Lurreko garraiorako, erromatarren garaiko galtzada zaharrak eta zubiak konpontzeari ekin zioten, eta baita bide berriak sortzeari ere, hiri ingelesak, flandriarrak eta italiarrak lotu zituzten horrela.

Burgesiaren barruan, maila asko bereizten ziren: merkatari- edo gremio-maisu aberats batzuen ondoan, lanbide liberalak zituztenak zeuden (irakasle, mediku, bankari). Burgesak ez zuten talde handia osatzen, baina garrantzi ekonomiko handia lortzen joan ziren heinean, haien boterea handitu egin zen.

Erdi Aroko erakundeak euskal lurraldeetan: hiriak

1000. urtean euskal lurraldeetan, hiri dei genitzakeen guneak hiru besterik ez ziren: Iruñea, Baiona eta Tutera. Gune horiek, gainera, hiri gisa aski txikiak ziren, 2.000 biztanle inguru zituzten.

Iruñea, jakina, erromatar garaiko Pompelo hiritik zetorren. Pompaelo apezpikuen egoitza bihurtu zen erromatarren garaiko azken partean, IV. mende amaieran edo V. mende hasieran, eta geroztik estatus hori mantendu zuen. Ezaugarri horrek, hau da, apezpikua gisako kargu garrantzitsu bat hirian kokatuta egoteak, posible egin zuen Iruñeak hiri mailari eustea Goiz Erdi Aro osoan.

Baionak ere erromatar hiri batean zuen jatorria, Lapurdum hirian. Gainbehera joan bide zen Goiz Erdi Aroan, eta ziurrenik Andelos, Veleia edo Oiasso bezala amaituko zuen, ez balitz izan IX. mendean apezpiku egoitza bertan ezarri zelako. Horrek suspertu eta indartu zuen Baiona, Iruñearen pareko bihurtuz 1000. urterako.

Tuteraren kasua aurrekoetatik bestelakoa zen. Erromatarren garaian ez dirudi han hiririk egon zenik, baina bai herrixka bat eta agian baita Ebro ibaia zeharkatzen zuen zubi estrategiko bat ere. Musulmanak iritsi zirenean, oinarri horien inguruan hiri bat sortu zuten eta eskualdeko hiriburu bihurtu. Funtzio politiko-administratibo horrek hiriaren hazkundea eragin zuen. Ez zen Al Andalusko beste hiri musulman batzuen mailara iritsi, baina bere inguruan garrantzia izan zuen.

Berant Erdi Aroan hiriek izan zuten goraldia zela eta 1400. urtean euskal hiriak ere handitu egin ziren. Handienak, Iruñeak, sei mila biztanle inguru izango zituen. Iruñearen atzetik Baiona eta Tutera zeuden, bost mila biztanlera gerturatzen zirenak. Donostia, Bilbo eta Gasteizen kasuan baliteke bakoitzak lau mila biztanle inguru izatea. Beste hirixka aipagarri batzuk Lizarra, Guardia, Durango, Zangoza eta Urduña ziren, bizpahiru mila biztanle ingurukoak. Euskal Herriko biztanleriaren % 88-95, herrietan bizi zen, betiere, gaur egungo hiri/herri bereizketa konbentzionala baliatzen badugu (bost mila biztanletik gora edo behera).

Erdi Aroko munduko hiriak

Berant Erdi Aroan munduko hiririk handienak ekialdean zeuden. Txinako Nanjing hiria, Ming dinastiako erresumaren hiriburua, guztietan populatuena zen, milioi erdi inguru biztanlerekin. Gertu zituen Indiako Vijayanagara hiria eta Egiptoko Kairo; azken hori Erdi Aro osoan eta geroago ere, musulman hiri nagusietakoa. Europa mendebaldeko hiriak ondoren zetozen, Paris denen buru, baina Brugge ez zen askoz atzerago geratzen, eta Italiako hiriak, bereziki Genova ere handia zen. Ezin utzi aipatu gabe Granada, Iberiar penintsulan geratzen zen azken erresuma musulmaneko hiriburu distiratsua.

Munduko hiru hiri populatuenak eta beste batzuk 1400 urte aldera (biztanleria)

 

Nanjing (Txina)                           487.000

Vijayanagara (India)                    400.000

Kairo (Egipto)                              360.000

Paris (Frantzia)                            275.000

Brugge (Flandria)                        125.000

Genoa (Italia)                              100.000

Granada (Al Andalus)                   100.000

Iruñea (Euskal Herria)                 6.000

 

Erdi Aroko ekonomia-jarduerak: azokak

Gazteluaren harresietatik kanpora, jaunak emandako lurrak lantzen jarraitzen zuten nekazariek. Nekazariek soberakinak lortzen zituzten, nekazaritzaren garapenaren eraginez. Gazteluko eta inguruko herrietako bizilagunen beharrei erantzuteko, merkatuak sortuz joan ziren; merkatuetara nekazariak, artisauak eta kinkilariak agertzen ziren, eta hori baliatuz, nekazariek beharrezko zenbait produktu lortzen edo trukatzen zituzten: nekazaritza-tresnak, ehunak, zeramikak…

Hasieran, artisauak eta kinkilariak aldizka joaten ziren merkatura, baina, geroago, harresien ondoan betiko jartzea erabaki zuten batzuek. Lantegi txikietan, gazteluko eta herriko bizilagunei saltzeko produktuak egiten zituzten. Denboraren poderioz, ugaritu egin ziren artisauen eta merkatarien etxe iraunkorrak.

Zenbait nekazari ganadua, nekazaritza-produktuak eta egindako produktuak (ogia, esaterako) saltzera edo trukatzera joaten ziren azokara. Haien bezero ohikoenak han bertan bildutako artisauak eta kinkilariak izaten ziren.

Azokara joaten zirenen beharrak asetzeko, ostatuak, tabernak… jarri zituzten. Burgua edo herria etengabe ari zen hazten, eta, bizilagunak babesteko, beste harresi bat eraiki behar izan zuten. Hasieran, herri gehienak feudoaren zati ziren, eta jaun edo gotzain baten agintepean zeuden. Denborarekin, jaunek askatasun eta eskubide batzuk onartzea lortu zuten burguetako bizilagunek, hiri-foruaren bitartez.

 

Erdi Aroko hirien sorrera

Berant Erdi Aroan, hiri handietan, artisau eta merkatari ugariz gain, unibertsitateak sortzen hasi ziren, eta katedral ugari eraiki ziren; Goiz Erdi Aroan, lehen mendekoaz oso bestelako bizimodua zabaldu zen. Hiribilduak sortzeko arrazoi asko izan ziren. Batzuek gune estrategikoan zeudelako eraiki zituzten: erresumen arteko mugak zehazteko, arrazoi politikoengatik (Segura, Ordizia, Tolosa), defentsarako (Uxue, Arguedas, Caparroso, Peñalen…), merkataritzarako (Nafarroako salgaiak itsasoratzeko), kostaldean (Hondarribia, Donostia, Bartzelona…), Gaztelako artilea kanporatzeko (Santander) eta Donejakue Bidearen inguruan.

Hiribilduak errege edo beste jaun handi baten eskutik hiri-gutuna jaso zuten biztanleguneak ziren (agiri horri fundazio-gutuna eta udal-forua ere deitzen zaio; gaztelaniaz carta puebla, carta fundacional edo fuero municipal). Gutun hori jasotzean, hiribildua fundatuta geratzen zen, hau da, lege-ikuspegitik existitzen hasten zen. Izan ere, hiri-gutuna agiri ofiziala zen, latinez edo erromantzez idatzia, hiribildua sortzeko eta populatzeko baimena ematen zuena, eta hiribilduaren baldintza legalak zehazten zituena. Agiri horretan jasotzen ziren hiribilduari zegozkion lurrak zein ziren, baita bertan biziko zirenen zenbait eskubide, zerga-salbuespen, pribilegio eta betebehar ere. Hiri-gutunaren emailea eta bermea erregea zen (edo gutuna eman zuen jauna): arazorik gertatuz gero hiribilduaren eta beste talde sozialen artean (adibidez, inguruko nobleekin), hiribilduak hiri-gutuna argudia zezakeen bere eskubideak zaintzeko eta erregearen babesa eskatzeko.

Erregeek eskubide ugari eman zizkieten hiribilduei, foruen edo hiri-gutunen bidez (adibidez, hirien fundazio-agiriak): azoka edo merkatua egiteko eskubidea, hiribilduko edo hiriko administrazioaren neurri bateko ardura, gerrara joan beharrik eza, jauntxoei zergarik ordaindu beharrik eza, harresia eraikitzeko ahalmena, larre-eskubideak, merkataritza-monopolioa… Horri esker, bertako biztanleek abantaila handiagoak zituzten. Horrenbestez, landan baserritarrak oso bizi-baldintza txarretan bizi baziren ere, hiribilduak askatasun lekuak bihurtu ziren.

Euskal lurraldeetan, Nafarroako erregeek fundatu zituzten lehen hiribilduak. Ondoren, Gaztelako errege-erreginek eta, gero, Bizkaiko jaun/andreek jarraitu zuten hiritartze-prozesua.

Hiriak ugaritu eta indartu ahala, ahaide nagusien boterea apaltzen hasi zen. Hiribilduen jaun bakarra erregea zen, legedi bakarra erregearena zen, eta haren aurrean bakarrik ziren erantzule hiritarrak. Zergak ordaintzeko garaian ere, erregeari bakarrik ordaindu behar zioten, inguruko nekazariek baino mendekotasun txikiagoa zuten, agintea ere beren eskuetan baitzegoen, kontzejuen bidez. Hiribilduek, beraz, jauntxoen boterea murriztu zuten, eta horrek, bereziki krisi-garaietan, gatazka ugari sortu zituen (Ahaide Nagusiek hiribilduei egindako erasoak, adibidez).

Erdi Aroko hiriak

XI. mendetik aurrera, mendebaldeko Europaren zati handienean, hiriak suspertzen hasi ziren berriro. Nekazaritzan ekoizpena hobetzeak demografiaren hazkundea ekarri zuen, elikagaiak ugaritzeak hilkortasuna jaitsarazi egin baitzuen. Era berean, elikagaiak sobera zituztenez, lan-banaketa zehazten joan ziren, merkataritzak eta artisautzak aurrera egin zuten eta horrek guztiak hiriak birsortzea eragin zuen.

Merkatariak leku seguruetan, herrixka zaharretako harresien inguruan, kokatu ziren, nekazaritzako eta artisautzako gaiak salerosteko. Gero, artisauak ere merkatarien inguruan finkatzen joan ziren. Gune horiek burgoak ziren eta haietako biztanleei burgesak deitu zitzaien. Erdi Aroko gizartean giza talde berri bat sortu zen. Hiriek artisautzaren eta merkataritzaren bilakaera geldiezina ekarri zuten. Artisauak gremiotan bildu ziren. Artisau maisuak bere lantegia izan ohi zuen, ofizial eta ikasleekin, eta baita denda bat ere, produktuak saltzeko.