Eguzkia

Eguzkia da lurretik gertuen dagoen izarra: eguzki-sistemaren erdigunean dago, eta berak igortzen du Lurrera iristen den energia. Eguzkitik Lurrera 150.000.000 km daude gutxi gorabehera. Argiaren abiadura 300.000 km/h denez, haren izpiak 8 minutu eta 20 segundotan iristen dira Lurrera.

Lurrarekin alderatuz gero, tamaina erraldoiko astro bat da (Lurra baino 1.300.000 aldiz handiagoa, gutxi gorabehera), eta haren grabitate-indarrak baldintzatzen du inguruan dituen astroen mugimendua; tartean, zortzi planetena. Unibertsoko beste izar batzuen tamainarekin alderatuz gero, ordea, tamaina ertainekoa da.

Eguzkiaren osagai nagusia hidrogenoa da: % 71; % 27 helioa da; eta geratzen den % 2 beste elementu batzuek osatzen dute. hidrogenoak jasaten duen fusio nuklearra da Eguzkiak igortzen duen energiaren jatorria; erreakzio horretan, bi hidrogeno-atomo elkartu, eta helio-atomo bihurtzen dira.

Lurretik ikusita, lehen begiratuan astro biribil perfektua dirudien arren, teleskopioz begiratuta, orban beltzak ikusten dira. Orban horiek, gainera, aldatuz doaz denboran zehar eta 11na urteko zikloak osatzen dituztela ikusi da. Aldakortasun horrek erakusten du Eguzkiaren aktibitatea ez dela konstantea.

Zerua

Gau oskarbietan ortzia izarrez betea agertzen da eta jende asko erakartzen du aztertzera. Izarrak identifikatzeko modurik egokiena argi-kutsadura txikiko leku batean zeruari begiratzea da, planisferio bat lagun dugula. Iluntasunean, izan ere, izar gehiago ikusten da, batetik, eta planisferio batean, bestetik, izarrek egun eta ordu bakoitzean duten kokapena adierazten da.

Zeruaren hegoaldea aztertzeko datarik egokiena Eguberri ingurua da, nahiko erraz identifika daitezkeelako Orion, Taurus, Gemini eta Canis Major konstelazioak. Konstelazio horietan kokatzen dira neguan ageri diren lau izar ederrenak, Lau ederrak deiturikoak: Aldebaran, Taurus konstelazioan; Betelgeuse eta Rigel, Orionen; eta Sirius, Canis Major konstelazioan.

Iparraldera begiratuz gero, Hartz handia eta Hartz txikia konstelazioak ikus daitezke urte osoan. Biek burruntzali-itxura dute eta elkarren aurkako noranzkoan daude bata eta bestea. Hartz txikiaren kirtenaren muturreko izarra oso distiratsua ez bada ere, oso garrantzitsua da orientatzeko: Ipar Izarra da. Konstelazio hau Ipar poloaren gainean egoten da beti eta, mugitzen ez den izar bakarra denez, kontuan hartu beharreko erreferentzia nagusia da orientatzeko orduan, orain bezala, baita historian zehar ere.