Erdi Aroko gizarte estamentalaren barruan, talde horren funtzioa gizartearen arima salbatzea zen. Horretarako, otoitz egin behar zuten. Talde pribilegiatua ziren eta ez zuten lan egiteko ardurarik. Nobleak bezala, feudoak jasotzen zituzten eta hortik lortzen zuten bizitzeko beharrezko guztia.
Erdi Aroan, kristauentzat eliza zen pertsonen eguneroko bizitza arautzen zuen erakundea. Horrez gain, pertsonen eta Jainkoaren arteko bitartekari-lanak egiten zituen, eta herriaren otoitzak bideratzeko ardura zuen. Karitatea, otoitz egitea, ondasunak dohaintzan ematea eta mezatara joatea ziren Jainkoaren haserreari ihes egiteko eta paradisua iristeko elizak ematen zituen gomendioetako batzuk. Zeregin horri esker, elizak pribilegio ugari lortu zituen, baita ondasun ikaragarriak ere, eta izugarrizko boterea izan zuen.
Erdi Aroan erlijioak eginkizun garrantzitsua betetzen zuen. Izan ere, Jainkoarekiko harremanak baldintzatzen zuen gizarte osoa: jainkoak uztak ziurtatzen zituen eta espiritu gaizkileetatik herria babesten zuen.
Klerikoek ez zuten zergarik ordaindu behar, ezta zenbait lege bete behar ere. Fededunen dohaintzei esker (uste zuten horrela zerua irabazita zutela), elizak lursail asko lortu zituen. Gainera, nekazariei hamarrenak, uztaren ehuneko hamarrak, eta beste zerga batzuk kobratzen zizkieten, eta haiek guztiak diru-sarrera garrantzitsuak osatzen zituzten. Elizako goi-karguek jaun feudalak balira bezala administratzen zituzten jabetza ikaragarri haiek. Gainera, Erdi Aroan kulturaren ardura ere beren esku zegoen, batez ere monasterioetan.
Klero guztia ez zen maila berekoa. Goi-kleroa eta behe-kleroa bereizten ziren.
Goi-kleroari dagokionean, gainerako gizarte-taldeekin gertatzen zen moduan, elizak ere piramide-egitura zuen. Gailurrean, aita santua zegoen. Haren ondoan, lekurik gorenean, kardinalak eta artzapezpiku gutxi batzuk zeuden. Horiek erregearen kontseiluko kideak ere baziren. Ondoren, gotzainak zeuden, elizbarrutien buru.
Behe-kleroari dagokionez, Erdi Aroan monasterioak eta komentuak ugaritu ziren, eta han bizi ohi ziren, komunitatean, fraideak eta mojak. Haien buru abadeak eta abadesak izaten ziren.