Klima polarra

Klima polarra zirkulu polarren barnean eta poloetatik hurbil dauden lurraldeetakoa da; hau da, Antartikako eta ipar-polo ingurukoa.

Horixe da gizakiarentzat eta ia gainerako bizidun guztientzat lurrazalean aurki daitekeen klimarik gogorrena

Klima polarra

Batez-besteko tenperaturak oso hotzak izaten dira, 0°C azpitik beti, oso azpitik gainera, askotan, negu luzeetan bereziki. Udan nekez iristen da 0 °C-ra. Horregatik, tenperatura-bitartea nahiko handia izaten da, 20 °C-tik gorakoa gehienetan. Kontuan izan, poloetan sei hilabetez izaten dela negua. Inoiz jaso den lurraren tenperaturarik hotzena klima polarrean izan da: –89,5 °C.

Klima polarreko prezipitazio kopurua oso aldakorra eta txikia da: normalean, 300 mm/urteko baino gutxiago. Prezipitazio-banaketa irregularra izaten da gehienetan. Batez ere udan egiten du euria edo elurra. Baina euri askorik egiten ez badu ere, tenperatura hotzek hezetasuna gordetzen dute, eta izotza pilatu egiten da, izotz-geruza handiak sortuz.

Landaredia oso urria izaten da (goroldioak, likenak) eta, hotzagatik babesteko, oso altuera gutxikoa. Poloetatik urruntzen garen neurrian, hotza ez da hain handia, eta udak zertxobait epelagoak dira: tundra bioma agertzen da. Tundra, batik bat, zuhaitz txikiz, zuhaixkaz, goroldioz eta likenez osatua dago. Tundrako lurra (zorua) izoztuta egon ohi da urteko hilabete askotan. Izotz hori urtzen denean ere, lurzoruko sakonera txiki batean besterik ez da gertatzen, eta zoruaren gainerako guztiak izozturik jarraitzen du. Lur izoztu horri permafrost esaten zaio.

Ingurune polarrean animalia espezie gutxi bizi da, baina kide ugarikoak: itsas-hegaztiak eta ugaztunak (zetazeoak eta fokaren familiakoak bereziki). Itsas azpiko fauna, ordea, desberdintasun handikoa bezain aberatsa da: krustazeoak (krill), arrainak…

Klimak berak ezartzen dituen baldintza gogorrak direla eta, gizakiaren eragina txikia da, oro har. Baina petrolio-ustiatzeak asko ugaritu dira azken urteotan, horrek bioma horrentzat duen arriskuarekin.

Goi-mendietako klima

Neurri batean, goi-mendietakoa klima polarrarekin aldera genezake. Mendikate handietako goi-mendietan eta gailurretan aurki daiteke, eta oso gogorra da gizakiarentzat. 

Goi-mendietako klima

Kontuan hartu behar da igotzen ditugun 1.000 m bakoitzeko 6 °C jaisten dela tenperatura. Lurreko garaiena den Everest mendiaren gailurrean, adibidez, batez besteko tenperatura –30 °C-koa izaten da, baina neguko zenbait egunetan –60 °C-raino ere jaitsi daiteke. 

Goi-mendietako tenperatura beti 0°C azpikoa izan ohi da. Tenperatura-bitartea asko aldatzen da leku batetik bestera, baina 10 °C ingurukoa izan daiteke.

Goi-mendietako klima ez da polarra bezain lehorra. Alderantziz, prezipitazioak ugariak izaten dira, 1.300 mm/urteko, askotan elurretan, neguan bereziki. 

Goi mendietako kliman taiga eta tundra bioma dira nagusi, nahiz eta altitude eta hezetasunaren arabera aldatzen joan.

Landaredia taigaren antzekoa izan daiteke, koniferoen azken mailarekin, edo tundraren antzekoa: goroldioak, likenak… 

Goi mendietako fauna lurraldearen arabera desberdina izaten da. Ipar Amerikan hartzak, otsoak eta oreinak aurki ditzakegun bezala, Hego Amerikan  kondorrak, llamak, guanakoak aurkituko ditugu.Gizakiaren eragina ere nabaritzen hasia da. Zoritxarrez, goi-mendietako gune ezagunenetan, mendi espediziotako oinarrizko kanpalekuetan bereziki, gizakion zaborrak pilatzen dira nonahi.

Klima siberiarra

Klima siberiarra zirkulu polarren inguruetako eta Asia eta Ipar Amerikako kontinenteen iparraldeko klima da; Siberia eta Kanadako iparraldekoa, baita Groenlandiako itsasertzekoa ere.

Klima siberiarra

Klima siberiarra oso gogorra da bizidunentzat (gizakia barne), batez-beste 2 °C-tik beherako tenperaturak izaten dira. Neguak oso luzeak eta oso hotzak izaten dira eta, hainbatetan, –50 °C-ra irits daiteke tenperatura. Udak nahiko epelak izan ohi dira, 15 °C ingurukoak, eta hezeak; ondorioz, tenperatura-bitartea 35-50 °C artekoa izan daiteke.  Siberiako Oymyakon herrian neurtu da herri batean inoiz jaso den tenperaturarik hotzena: –71,2 °C.

Udan izaten dira euriak, ekaitz eran, askotan. Baina prezipitazio kantitatea nahiko txikia izaten da, 450 mm/urteko ingurukoa.

Klima siberiarra duten lurraldeetako landaredia taiga basoa da. Zuhaitz koniferoz (izeiak, alertzeak…) osatua dago, gehienetan, hosto-zabal zenbaitekin nahasian (zumarrak…).

Gizakiaren eraginez, esan beharra dago, oso deforestazio-prozesu indartsuan murgilduta dagoela ingurunea. Gainera, meatzaritzak sekulako garrantzia hartu du lurralde siberiarretan, eta horrek asko indartu du deforestazio-prozesua.

Taigako animalia batzuek, hartzak kasu, negu partean hibernatu egiten dute. Beste askok, hegaztiek bereziki, hegoaldera emigratzen dute, ingurune epelagoen bila. Ingurune horietan, otsoak, azeriak, lepahoriak, bisoiak, erbinudeak, oreinak eta elur-oreinak, altzeak… aurki daitezke.

Klima siberiarrean bizi den ia biztanleria osoa hegoaldean kokatuta dago, Transiberiar trenbide famatuaren bidetik gertu.