Munduko klimak

Klima-zona edo klima-eremua deitzen zaio, klima antzekoa duen Lurreko zona bati. Klimaren elementuetan eta faktoreetan oinarrituz, mundua hiru klima-zona edo klima-eremu handitan banatzen da.  Oro har, latitudeak bereizten ditu klima-zonak.


Ekuatore inguruan, Kantzer tropikotik Kaprikornio tropikora dagoen zonari beroa deitzen zaio; tropikoetatik zirkulu polarretara dauden biak zona epelak dira, eta bi poloen inguruan daudenak, zona hotzak.

Lurreko klimak urteko batez besteko tenperaturen arabera sailkatzen dira: beroak, epelak eta hotzak.

  1. Klima beroak. Kantzer tropikoa eta Kaprikornio tropikoaren artean dauden lurraldeetako klimak dira: ekuatoriala, tropikala eta basamortuko klima.
  2. Klima epelak. Tropikoen eta zirkulu polarren artean dauden lurraldeetako klimak dira, ipar hemisferioan eta hego hemisferioan: kontinentala, ozeanikoa edo atlantikoa, mediterraneoa eta txinatarra. Klima epeleko lurraldeetan ere ager daitezke basamortuak.
  3. Klima hotzak. Zirkulu polarren barneko lurraldeetako klimak dira: siberiarra eta polarra. Goi-mendietan ere izan ohi da mota horretako klima: goi-mendietako klima.

Prezipitazioen arabera

Prezipitazioen arabera, klimak honela sailkatzen dira:
Klima oso hezea. Lurralde oso hezetan, urteko prezipitazioa 1.750 mm-tik gorakoa da.

Klima hezea. Lurralde horren urteko prezipitazioa 1.000-1.750 mm bitartekoa da.

Klima lehorra. Lurralde horietako urteko prezipitazio kopurua 250-1.000 mm bitartekoa da.

Klima oso lehorra. Lurralde horren urteko prezipitazio kopurua 250 mm baino txikiagoa da.

Klima faktoreak: Fenomeno atmosferikoak

Fenomeno atmosferikoak

Kliman eragiten duten faktore nagusaik fenomeno atmosferikoak dira. Troposferan gertatzen diren fenomeno atmosferikoetako batzuk presio atmosferikoa eta haizeak dira. Atmosferak eragiten duen presioa ez da berdina izaten planetako leku guztietan, aireak (beroa, hotza, hezea…) ez baitu berdin pisatzen beti eta, jakina, gure planetaren mugimenduaren eraginez, hainbat eratako erradiazioak jazotzen dira leku batetik bestera. Horren eraginez prezipitazio eta tenperatura ezberdinak egoten dira planetaren luze-zabalean.