Zerua

Gau oskarbietan ortzia izarrez betea agertzen da eta jende asko erakartzen du aztertzera. Izarrak identifikatzeko modurik egokiena argi-kutsadura txikiko leku batean zeruari begiratzea da, planisferio bat lagun dugula. Iluntasunean, izan ere, izar gehiago ikusten da, batetik, eta planisferio batean, bestetik, izarrek egun eta ordu bakoitzean duten kokapena adierazten da.

Zeruaren hegoaldea aztertzeko datarik egokiena Eguberri ingurua da, nahiko erraz identifika daitezkeelako Orion, Taurus, Gemini eta Canis Major konstelazioak. Konstelazio horietan kokatzen dira neguan ageri diren lau izar ederrenak, Lau ederrak deiturikoak: Aldebaran, Taurus konstelazioan; Betelgeuse eta Rigel, Orionen; eta Sirius, Canis Major konstelazioan.

Iparraldera begiratuz gero, Hartz handia eta Hartz txikia konstelazioak ikus daitezke urte osoan. Biek burruntzali-itxura dute eta elkarren aurkako noranzkoan daude bata eta bestea. Hartz txikiaren kirtenaren muturreko izarra oso distiratsua ez bada ere, oso garrantzitsua da orientatzeko: Ipar Izarra da. Konstelazio hau Ipar poloaren gainean egoten da beti eta, mugitzen ez den izar bakarra denez, kontuan hartu beharreko erreferentzia nagusia da orientatzeko orduan, orain bezala, baita historian zehar ere.