Lurrazalaren gainean Ekialde-Mendebalde orientazioa duten irudimenezko lerroak dira, eta planeta osoa inguratzen duten alegiazko zirkuluak osatzen dituzte. Paralelorik ezagunena ekuatorea da. Nahiko ezagunak dira, halaber, Kantzer tropikoa, Kaprikornio tropikoa eta bi Zirkulu polarrak (artikoa eta antartikoa). Paraleloak 0º-tik 90º-ra bitarte graduatuta daude, ekuatoretik abiatuta, Ipar polorantz edo Hego polorantz. Beraz, toki bat Iparraldean (N) edo Hegoaldean (S) kokatzeko balio dute, toki horren latitudea zehaztuz. Koordenatu sistemetan, paraleloekin batera, meridiano izeneko lerro perpendikularrak ere baliatzen dira.
Etiketa: koordenatu geografikoak
Meridianoak
Ipar polotik Hego polora joanik, Lur planetaren azalera zeharkatzen duten irudimenezko lerroak dira, arku formakoak. Meridianorik ezagunena Greenwich-ekoa da. Gune horretatik abiatuta, beste meridiano guztiek 0ºtik 180ºra bitarteko graduak dituzte eta toki bat ekialdean (E) edo mendebaldean (W) kokatzeko balio dute eta toki horren longitudea zehazteko. Meridiano guztiek luzera berbera dute: Ipar polotik Hego polora lurrazalean zehar doan distantzia, hain zuzen; hau da, 20.004 kilometro. Koordenatu-sistemetan, meridianoekin batera, paralelo izeneko lerro perpendikularrak ere baliatzen dira.
Longitudea
Lurrazalaren gaineko puntu baten eta Greenwich meridianoaren artean dagoen distantzia angularra da (gradutan neurtuta, 0º-tik 180º-ra). Puntu bat ekialdean (E) ala mendebaldean (W) dagoen zehazten du.
Latitudea
Lurrazalaren gaineko puntu baten eta ekuatorearen artean dagoen distantzia angularra da (gradutan neurtuta, 0º-tik 90º-ra) eta puntu bat iparraldean (N) ala hegoaldean (S) dagoen zehazten du.
Ekuatorea
Lur planetaren errotazio-ardatzarekiko perpendikularra izanik, lurraren erdigunetik igarotzen den paraleloa da. Ekuatoreak, besteak beste, herrialde hauek zeharkatzen ditu: Ekuador, Brasil, Kongo eta Indonesia. Ekuatore-lerroak bi hemisferiotan banatzen du Lur planeta (Ipar hemisferioa eta Hego hemisferioa).