Orogenia mugimenduak

Mendian fosil-bila ibiliz gero, maiz gerta ohi da itsas animalienak aurkitzea; hala gertatzen da, adibidez, Urbasan eta Aralarren. Era berean, errepide batetik goazenean, sarri ikus ditzakegu alboetako paretetako harri-geruzak paperezkoak balira bezala tolestuak. Adibide bi horietatik ondoriozta daiteke gaur egun mendiak diren lurralde batzuk noizbait itsaspean egon zirela eta harri-geruzek indar handiak jasan dituztela, modu horretan tolestuta geratzeko.

Orogenia-mugimenduak argitzen ditu gertaera horiek. Bi plaka litosferikoren arteko talka gertatzen den lekuan oso indar handiak sortzen dira: plakaren ertzean barrena hedatzen dira eta milioika urtetan luzatzen dira. Horren ondorioz, harrien geruzak tolestu egiten dira eta, denboraren poderioz, altxatuz joaten dira. Batzuetan, hain da handia jasaten duten presioa, harrien geruzak, tolestu ordez, apurtu egiten baitira eta, failak sortzen.

Lurraren historian orogenia-mugimendu gehiago ere izan dira, baina orain eta hemen gure inguruko bi mugimenduren ondorioak ikustera mugatuko gara. Zaharrena orain dela 300 milioi urte hasi zen: hertziniar orogenia da; orduan sortu zen Iberiar penintsulako Erdialdeko Mendigunea.Orogenia berriena, berriz, orain 60 milioi urte hasi zen: alpetar orogenia, alegia; une hartan sortu ziren bai Pirinioak eta bai Euskal Herriko uren banalerro osoa ere.

Lurrikarak

Lurrikarak lurrazalaren bat-bateko mugimendu bortitzak dira. Kontinenteen jitoaren teoriak dioenez, plaka litosferikoak mugitzen ari dira etengabe, eta bi plakaren arteko elkarrekintza-zonetan sekulako tentsioak sorrarazten dituzte. Zenbaitetan, tentsio horiek plakak apurtzen dituzte eta askatzen den energia hori da lurrikara eragiten duena. Energia hori uhinen antzera hedatzen da, eta hiru motatako uhinak sortzen dira: P uhinak, L uhinak eta S uhinak.

Lurrikara handi bat gertatu ondoren, plakek berriz ere oreka-puntu batera iritsi behar izaten dute; ondorengo egunetan, horregatik, erreplika ugari gertatzen dira lurrikara gertatu den zonaldean.

Lurrikara hipozentroan sortzen da, hau da, lur barnean dagoen puntu batean. Lurrazalean hipozentrotik gertuen dagoen puntua, berriz, epizentroa da.

Epizentroa itsas azpian badago, tsunamia eratzeko arriskua egoten da, lurrikarek baino are kalte handiagoak sor ditzaketenak.

Lurrikara bakoitzean, energia-kopuru jakin bat askatzen da eta eragiten dituen kalteak ere ez dira beti berdinak izaten. Horregatik, lurrikara-eskala erabiliz, lurrikararen magnitudea kalkulatzen da.

Hipozentroaren sakonerak eragin zuzena du lurrikarak sortutako kaltean: zenbat eta txikiagoa den sakonera, orduan eta kaltegarriagoa izaten da lurrikara.

Plaken ertz konbergenteak eta pasiboak dira jarduera sismiko handiena duten zonak: Ozeano Pazifikoko kostalde guztia, adibidez. Han argi ikusten da lurrikarak sortutako kaltea, bere indarraren araberakoa ez ezik, lurraldearen egoera ekonomikoaren araberakoa izan ohi dela. Magnitude bereko lurrikarek, adibidez, oso bestelako kalteak sortzen dituzte Japonian edo Filipinetan.

Sumendien sorrera

Antzina uste zuten sumendiak jainkoen haserrealdien ondorioz sortzen zirela; XX. mendean, sumendien dinamika azaltzen duen hainbat teoria plazaratu zituen zientziak.

Gaur egun badakigu litosferaren azpian, hango tenperatura eta presio altuagatik, harri urtua dagoela: magma. Dentsitatea litosferarena baino txikiagoa duenez, magmak, bideren bat topatuz gero, goranzko bidea hartzen du eta, lurrazalera irtetean, sumendi bat sortzen du. Sumendiek hiru osagai nagusi dituzte: tximinia, hau da, barruko gasak nahiz laba kanporatzeko bidea; konoa, hau da, erupzioetan sumendiak botatako materialek tximiniaren inguruan eratzen duten kono-formako egitura; eta kraterra, hots, konoaren gainaldean dagoen irteera-zuloa edo sumendiaren ahoa.

Sumendi guztiek ez dute erupzio-mota bera izaten; batzuk besteak baino leherkorragoak dira: zenbat eta likidoagoa den laba, orduan eta errazago isurtzen da eta leherketa txikiagoak eragiten ditu.

Sumendiak planetako zonalde zehatz batzuetan kokatzen dira; leku horiek ertz konbergenteen, ertz dibergenteen eta puntu beroen ingurukoak dira. Euskal Herria inguru horietatik urrun dagoenez, ez dago sumendirik.

Aiako Harria da, Euskal Herrian, bulkanismoarekin zerikusia duen mendia; izan ere, nahiz eta sumendia ez izan, berez intrusio magmatiko bat da: Paleozoikoan magmak gorako bidea egin zuen arren, ez zen azaleratzera iritsi eta lur barnean hoztu zen eta gaur egun ezagutzen dugun granitozko mendia sortu zen.

Bulkanismoarekin lotura duen beste gertaera ikusgarri bat geyserrek sortutakoa da.

Belaguako bailara

Euskal Herriko ekialdean kokaturiko bailara da. Bailararen hegoaldeko sarrera Izabaren barrenean dago; iparraldean Zuberoarekin muga egiten duten mendiak daude: Larra-Belaguakoak, alegia. Inguru honetan, bi berezitasun geologiko dauzkagu: batetik, jatorri glaziarreko bailara da eta, bestetik, bertan dago Euskal Herriko inguru karstiko garrantzitsuenetako bat.

Paisaia karstikoa

Kareharria nagusi den zonaldeetan sortzen den paisaia da. Kareharria, nagusiki, kaltzio karbonatoz (CaCO3) osatutako harria da eta, ur azidoarekin kontaktuan jartzean, urak disolbatu egiten du kaltzio karbonatoa. Prozesu horrek urte asko behar baditu ere, ikuspegi geologikotik begiratuta, aski azkarra da.

Kareharriz osatutako mendiak zuloz beteta daude kanpoaldetik eta barrualdetik. Urak bere ubidea bertikalean higatzen duenean kareharrian, pareta bertikaleko arroilak sortzen ditu: Arbaiun eta Irunberrikoa, esaterako, Nafarroan; edota Kakueta eta Holtzartekoak, Zuberoan.

Ura iragaziz doan zonetan, berriz, urak harria disolbatzen du eta leizeak sortzen dira. Denbora igarotzeaz bat, leize batzuen sabaia erori egiten da eta dolinak sortzen. Dolinak forma zirkularreko zuloak izaten dira. Horietako batzuk elkartzean, ubalak sortzen dira. Sortu den zuloaren tamainak bailara oso bat hartzen duenean, polje izena ematen zaio.

Kareharria nagusi den inguruetako lur azpian leize ugari izaten dira; bertan, sedimentazio-prozesu ikusgarri baten ondorioz, estalaktitak eta estalagmitak sortzen dira. Gertakaria are ikusgarriagoa egiten da biak elkartu eta zutabe bat eratzen dutenean.

Lurpeko urak eta higadura

Euria egiten duen bakoitzean, uraren zati bat lur gainetik joaten da eta beste zati bat lurpean sartzen da, beti ere baldin eta lurzoruaren gaineko geruza iragazkorra bada edo harri-geruzan pitzadurak badaude.

Ur horiek geruza iragazgaitz batekin topo egitean, pilatu egiten dira; sorrera ematen diote, horrela, akuifero bati edo lurpeko ibai bati. Lurpeko urek, kanpoko urek bezala, higatzeko gaitasuna dutenez, lur-barnea zulatzen dute eta leizeak sortzen.

Lurpeko ibai horiek lurrazalera irteten diren lekuetan, iturri naturalak sortzen dira. Beste batzuetan, berriz, lurpeko urak akuiferotan biltzen dira eta ur gezako erreserba garrantzitsuak osatzen dituzte.

Gizakiak behar duen ur geza eskuratzeko, akuifero horiek ustiatzen ditu, bertarainoko putzuak eginez. Ustiaketa hori, ordea, askotan, arazo bihurtzen da, ez delako batere erraza akuiferoak kudeatzea: batetik, gehiegi ustiatzeko arriskua dagoelako eta, bestetik, oso sentikorrak direlako kutsadurarekiko eta, behin kutsatuz gero, oso zaila delako akuiferoak araztea.

Lurpeko urak eman daitezen, kareharria da materialik egokienetakoa, kareharri-geruzen pitzaduretatik ur ugari iragazteko aukera eskaintzen duelako.

Euskal Herrian kareharri ugari dagoenez, lurpeko ur asko dago; era berean, hainbat paisaia karstikoa ere sortu dira: Larra-Belagua, Aralar, Itxina…

Haizea eta higadura

Haizeak, berez, ez du higatzeko gaitasun handirik: harat-honat doala garraiatzen dituen partikulak dira haizearen higatzeko gaitasun apal hori izugarri handitzen dutenak. Haizeak eragina du babesik gabeko zonetan; hau da, landaretza urriko lautadak eta kostaldeak izaten dira, gehienbat, haizearen eraginpeko zonalde aipagarrienak.

Landaretza urriko lautadetan, basamortuak dira haizeak gehien jotzen dituen zonak. Haizeak oso erraz garraiatzen du hango harea eta, oztoporen bat aurkitzen duenean, harea sedimentatzen hasten da eta dunak sortzen ditu. Oro har, haizeak jotzen duen aldetik dunak malda txikikoak izaten dira, baina, goialdea harrapatu bezain laster, malda handiko zona hasten da.

Kostaldean ere haizeak erliebea aldatu egiten du eta hondartzetan dunak sorrarazten ditu. Asfaltoak hartu badu ere, hondartza gehienetan, dunen lekua, azken urteetan Euskal Herriko zenbait lekutan (Zarautz, Laida…) dunak berreskuratzeko neurriak hartzen hasi dira.

Ibaia eta higadura

Euri-urak bilduz doazen neurrian, ibaia sortzen dute. Ibaiak egiten duen ibilbidean hiru zati bereizten dira: goiko ibilgua, erdikoa eta behekoa. Ibaiaren zati bakoitzean beren beregizko prozesu jakinak nagusitzen dira.

Goiko ibilgua: Ibaien hasierako zatia da. Sorburua, gehienetan, mendietan izaten denez, ibaiak aldapa handia jaitsi behar du eta urak, ibilgu honetan, energia handia izaten du. Higadura mekanikoa da tarte honetan nagusitzen den prozesua; higadura hau, gainera, ubidearen hondoan egiten denez, gehienbat bertikalki, V itxurako bailara estuak sortzen dira. Zenbat higatu ubidea, bailara estuagoak edo zabalagoak sortuko dira, alboetako pareten materialak erakus lezakeen gogortasunaren arabera. Goi-ibilguko erliebe ikusgarrienak arroilak eta ur-jauziak dira.

Erdiko ibilgua: Ibaiaren malda txikituz doan neurrian, ura abiadura galduz joaten da eta, horrekin batera, higatzeko gaitasuna ere murriztu egiten da. Zati honetan higakinen garraioa da nagusitzen den prozesua. Garraiatzean, sedimentuek harrien kontra jotzen dutenez etengabe, higakinak biribildu egiten dira eta forma biribileko errekarriak sortzen dira. Erdiko ibilguan bailarak gero eta zabalagoak izaten dira eta higakinak sedimentatzen hasten dira; hemen sortzen dira lehen meandroak ere.

Beheko ibilgua: Ibaiak, itsasora hurreratzean, abiadura galtzen du, jaisten duen aldaparen malda are eta txikiagoa izaten delako. Sedimentazioa da tarte honetako prozesua nagusia. Sedimentu horiek direla bide, ibai ertzetan nekazaritzarako ezin hobeak diren lautadak agertzen dira, uholdeak sortzen diren bakoitzean sedimentu berriz elikatzen direnak. Tarte honetan ikusten diren egitura ohikoenak meandroak eta alubioi-terrazak dira; edota, ibaia itsasoratzerakoan, deltak eta estuarioak.

Itsasoa eta higadura

Itsasoa da kostaldeko erliebea aldatzen duen eragile garrantzitsuena. Honek ere, gainerako kanpo-eragileen antzera, materiala higatu, garraiatu eta sedimentatu egiten du. Itsasoak erliebearen aldaketan duen eragina nolakoa den ulertzeko, kontuan hartu behar da ozeanoak direla planetako ur-masa handiena eta, horrez gain, etengabe mugitzen ari direla, Eguzkiaren eta Ilargiaren erakarpen-indarren eraginez.

Itsasoaren mugimendu horien artean, hiru aipatuko ditugu hemen: olatuak, mareak eta itsaslasterrak.

Olatuak

Olatuak haizeak eragindako uraren gainazaleko mugimenduak dira eta etengabe iristen dira kostaldera. Olatuek labarrarekin talka egitean eragiten dute higadura; baina ez da ura eragile bakarra: honekin batera, urak garraiatzen dituen solidoek ere eragiten dute. Hori dela-eta, itsaslabarrak gero eta atzerago doaz; eta ingurukoa baino material gogorragoren bat agertzen den guneetan, lurmuturra sortzen da.

Lurmuturrak, denborak aurrera egin ahala, kostaldeko uharte bihurtzen dira.

Olatuek, labar batekin topo egin ordez, itsasertz lauak topatzen badituzte, hango materialak sedimentatu egiten ditu eta askotan hondartzak sortzen dira.

Mareak

Mareak itsasoko uren goraldiak eta beheraldiak dira. Klima-zona epeletan, sei ordutik sei ordura gertatzen dira gutxi gorabehera itsasgoraren eta itsasbeheraren arteko aldaketak. Mareen eragina sedimentuen garraioan nabarmentzen da.

Itsaslasterrak

Itsaslasterrak itsasoko uren mugimenduak dira. Ezagunenetakoa Golkoko korrontea da, Karibe itsasotik Europara iristen dena. Bizkaiko golkoan ere mendebaldetik ekialderako ur-lasterra da nagusi. Horrek eraginda, Euskal Herriko kostatik desagertzen den hondarra Landetako hondartzetan sedimentatzen da, eta kilometrotako luzera duten hondartzak sorrarazten ditu.

Glaziarrak eta higadura

Glaziarrak urte osoa urtu gabe irauten duten eta mugitzen ari diren izotz-ibaien gisakoak dira. Nahiz eta urtean zentimetro edo metro gutxi batzuk mugitu, higatzeko gaitasun handia dute, mugitzen dena izotz-masa handia delako.

Bi motatako glaziarrak daude. Ezagunenak mendiko glaziarrak dira, baina Antartikako eta Groenlandiako lautadetan ere sortzen dira lautadetako glaziarrak.

Mendiko glaziarren sorreran, zirkua dugu oinarri; izotza pilatzen den lekua da zirkua, eta forma zirkularreko bailara-modukoa izaten da; izotzak zirkutik gainezka egiten duenean, maldan behera mugitzen hasten da astiro-astiro; horrela, sortzen da izotz-mihia. Mugitzen ari den izotz horrek higatu egiten du glaziarraren azpialdeko materiala eta, denbora joan ahala, U itxurako bailara zabalak sortzen ditu.

Glaziarrak mihiaren aurrean eramaten du, arrastaka, higatutako materialen zati bat; horrek glaziarraren muturreko morrena sortzen du. Alboetan higatutako materialek, berriz, alboko morrenak sortzen dituzte.

Gaur egun, mendi garaien edo poloen inguruan soilik aurki daitezkeen arren, antzina Euskal Herrian ere aurki zitezkeen. Belaguako bailara, adibidez, glaziar batek sortutakoa da. Oro har, planetako glaziar gehienak txikiagotzen ari dira, hego-hemisferioko glaziar batzuk izan ezik.