Gaur egun bizi dugun periodoa da Kuaternarioa. Nahiz eta ugaztunak ez izan planetan dauden animalia ugarienak, aro hau ugaztunen eboluzioarekin lotzen da, besteak beste, hor agertu delako homo sapiens-a: Lurraren historian agertu den azken espezietako bat izan da gizakia.
Etiketa: lurraren historia
Neogenoa (23,3-1,6 m.u.)
Zenozoikoaren bigarren periodoa da. Neogenoaren eta Paleogenoaren arteko muga ez dago oso ongi zehaztua, tarte horretan ez zelako eman inolako gertaera berezirik. Neogenoan zehar, bai ugaztunek eta bai hegaztiek ere garapen handia izan zuten. Periodo honetan elkartu egin ziren Hego Amerikako eta Ipar Amerikako kontinenteak. Aro honetan, halaber, agertu ziren hominidoek ere. Bizidun horiek, beste hainbat gauzaren artean, bi hankatan ibiltzeko gaitasuna garatu zuten.
Paleogenoa (65-23,3 m-u.)
Zenozoikoaren lehen periodoa da. Kretazeo amaieran gertatutako desagerpenaren ondoren, ugaztunek garatzeko aukera izan zuten, eta, horretaz baliatuta, Paleogenoan zehar garatu ziren ugaztun modernoak. Ugaztun horien artean aurkitzen dira lehen primateak: gizakiok eta tximinoek elkarrekin dugun arbasoa.
Zenozoikoa
Zenozoikoa duela 65,5 milioi urtetik gaurdaino luzatzen da, eta hiru periodotan zatitzen da: Paleogenoa, Neogenoa eta Kuaternarioa.
Kontinenteak gaur duten posizioa hartuz joan ziren eta mugimendu horrek orogenia alpetarra sortu zuen. Horren eraginpean, Indiak Eurasiarekin talka egin eta Himalaia sortu zuen, esate baterako. Afrikako plakak eta Eurasiakoak talka egin zutenean, bestalde, Mediterraneo itsasoa itxi eta Pirinioen, Alpeen, Balkanen, Kaukasoren eta beste hainbat mendikateren sorrera ekarri zuen.
Bizidunei dagokienez, Mesozoiko amaieran gertatutako desagertzearen ondoren, hainbat bizidunek eboluzionatzeko aukera izan zuten. Zenozoikoan ugaztun ugarik eboluzio handia jasan zuten.Era horretan agertu ziren lehen hominidoak ere; horregatik Zenozoikoa, askotan, ugaztunekin lotu ohi da. Ugaztunez gain, hegazti eta landare loredun ugari ere agertu ziren eboluzio-bide beretik. Hala ere, ezin genezake ahaztu intsektuak izan direla, bai espezie-kopuruaren eta bai biomasaren ikuspuntutik, gehien ugaritu diren animaliak.
Kretazeoa (145,6-65 m.u.)
Mesozoikoaren azken periodoa da: narrasti erraldoiak eta dinosauro ezagunenak bizi ziren garaia. Landareei dagokienez, lehen landare angiospermoak (benetako loredunak) agertu ziren; hau da, lorearen baitan babesturik dagoen obuluaren bidez ugaltzen diren landareak.
Hala ere, Kretazeoko gertaera nagusia ez da bizi-forma berrien sorrera, hainbat espezieren desagerpen masiboa baino; izan ere, beste bizidun askoren artean, periodo honetan dinosauroak desagertu ziren.
Hainbat teoria dago desagerpen horren arrazoiei buruz. Onartuenetako bat dio asteroide batek Lurraren kontra (dirudienez Yucatángo penintsulan) egindako talkak eragin zuela. Talkaren ondorioz gertatu zen klima-aldaketak eragin zuela uste da aipatu desagerpen masibo hori. Talkaren ondorio ugarien artean, atmosferan barreiatutako iridioa da aipagarriena; hau da, une jakin batean atmosferako iridio-kontzentrazioa handitu egin zen eta kretazeoaren amaierako geruzetan ingurukoetan baino iridio gehiago dago; sedimentario hori Zumaiako flysch-ean ikus daiteke.
Jurasikoa (208-145,6 m.u.)
Mesozoikoaren bigarren periodoa da. Jurasikoa ezaguna da dinosauroak ugari zirelako: ekosistema lehorretako nagusi egin ziren. Dinosauroez gain, lehen hegaztiak eta ugaztun txiki batzuk ere (gaur egungo arratoi txikien antzekoak) agertu ziren lehorrean. Itsasoan, berriz, lehia bizia zegoen gaurko marrazoen arbasoen eta narrastien artean.
Triasikoa (245-208 m.u.)
Mesozoikoaren lehen periodoa da. Triasikoan bizi-formen beste eztanda bat gertatu zen: Permiarreko desagerpenen ondoren izandako hutsuneak betetzeko sortu ziren aukera berriek ahalbideratu zuten. Animaliei dagokienez, narrastien garaia hasi zen eta, horien artean, lehen dinosauroak agertu ziren. Landareei dagokienez, koniferoak (landare gimnospermoak) asko garatu ziren Triasikoan zehar.
Mesozoikoa
Mesozoikoa orain 245 milioi urte hasi eta duela 65 milioi urte amaitu zen. Hiru periodotan zatitzen da: Triasikoa, Jurasikoa eta Kretazeoa.
Geologiaren ikuspegitik, Paleozoikoaren amaierako aktibitatearen ondoren, Mesozoikoarekin batera, garai lasaiagoa iritsi zen. Pangea superkontinentea apurtzen hasi zen; hasiera batean, bi zatitan: Laurasia iparraldean eta Gondwana hegoaldean. Ondoren, Ipar Amerika eta Eurasia banandu ziren Laurasiatik; baita Hego Amerika, Afrika, India, Australia eta Antartika ere, Gondwanatik. Mesozoikoaren amaieran, Hego Amerikako plakak talka egin zuen Nazcako plakarekin, eta Andeetako mendilerroa sortu zen.
Bizidunei dagokienez, Mesozoikoa narrastien eta dinosauroen garaia izan zen, nagusiki; baina lehen ugaztunak eta hegaztiak ere sortu ziren; bai eta landare-espezie berriak ere. Narrasti erraldoiek eta dinosauroek kontinente guztiak kolonizatu zituzten. Meteorito erraldoi baten erorketak, uste denez, Mesozoikoaren amaierako desagertze handia ekarri zuen: beste espezie askoren artean, dinosauroen eta narrasti erraldoien erabateko desagerpena.
Mesozoikoan zehar, ia Euskal Herri osoak urpean jarraitu zuen, eta inguruko kontinenteetan higatutako materialen sedimentazio-gune izaten. Mesozoikoaren hasieran sedimentatutako materialen artean, garrantzi berezia eduki zuten gatzek, horiek osatu baitzituzten, izan ere, geroago diapiroak. Mesozoikoaren amaierako sedimentazioaz bat, gaur egun ezagutzen ditugun egiturak sortzen hasi ziren. Sakonera txikiko zonetan, sedimentatu egin zen gaur egun uren banalerroa diren mendietako kareharria. Sakonera handiko lekuetan, berriz, material bigunak eta gogorrak sedimentatu ziren txandaka, eta gaur egun ezagutzen ditugun flysch deituriko egiturak sortu zituzten.
Euskal Herriko erliebea erdibitzen duten mendiak (Aralar, Aizkorri, Gorbeia…) Mesozoikoan sedimentatutako kareharriz osatuta daude.
Permiarra (290-245 m.u.)
Paleozoikoaren azken periodoa da, seigarrena. Garai honetan, hainbat espezieren iraungitzea gertatu zen, eta, beste askoren artean, trilobiteak desagertu ziren. Horregatik, fosildutako trilobiteen presentziak kasuan kasuko harri hori Paleozoikoan sortu dela adierazten du. Lehorrean, Devoniarrean agertutako landare gimnospermoak ―loredunak eta obulu biluzikoak― ugaldu egin ziren eta orduz gero, garoak eta antzeko beste zenbait landare baino garrantzitsuagoak izan dira.
Karboniferoa (362,5-290 m.u.)
Paleozoikoaren bosgarren periodoa da. Lehorreko ekosistemetan garo erraldoiek osatutako basoak sortu ziren. Landare horiek dira gaur egun erabiltzen dugun ikatzaren jatorria. Animaliei dagokienez, lehen narrastiak agertu ziren, eta anfibioak ziren abere-espezie ugariena. Itsasoan, berriz, aurreko periodoetan baino txikiagoa egin zen trilobitearen presentzia; arrainei dagokienez, berriz, gaur egungo arrainen antz handia zuten.