Kretazeoa (145,6-65 m.u.)

Mesozoikoaren azken periodoa da: narrasti erraldoiak eta dinosauro ezagunenak bizi ziren garaia. Landareei dagokienez, lehen landare angiospermoak (benetako loredunak) agertu ziren; hau da, lorearen baitan babesturik dagoen obuluaren bidez ugaltzen diren landareak.

Hala ere, Kretazeoko gertaera nagusia ez da bizi-forma berrien sorrera, hainbat espezieren desagerpen masiboa baino; izan ere, beste bizidun askoren artean, periodo honetan dinosauroak desagertu ziren.

Hainbat teoria dago desagerpen horren arrazoiei buruz. Onartuenetako bat dio asteroide batek Lurraren kontra (dirudienez Yucatángo penintsulan) egindako talkak eragin zuela. Talkaren ondorioz gertatu zen klima-aldaketak eragin zuela uste da aipatu desagerpen masibo hori. Talkaren ondorio ugarien artean, atmosferan barreiatutako iridioa da aipagarriena; hau da, une jakin batean atmosferako iridio-kontzentrazioa handitu egin zen eta kretazeoaren amaierako geruzetan ingurukoetan baino iridio gehiago dago; sedimentario hori Zumaiako flysch-ean ikus daiteke.

Jurasikoa (208-145,6 m.u.)

Mesozoikoaren bigarren periodoa da. Jurasikoa ezaguna da dinosauroak ugari zirelako: ekosistema lehorretako nagusi egin ziren. Dinosauroez gain, lehen hegaztiak eta ugaztun txiki batzuk ere (gaur egungo arratoi txikien antzekoak) agertu ziren lehorrean. Itsasoan, berriz, lehia bizia zegoen gaurko marrazoen arbasoen eta narrastien artean.

 

Triasikoa (245-208 m.u.)

Mesozoikoaren lehen periodoa da. Triasikoan bizi-formen beste eztanda bat gertatu zen: Permiarreko desagerpenen ondoren izandako hutsuneak betetzeko sortu ziren aukera berriek ahalbideratu zuten. Animaliei dagokienez, narrastien garaia hasi zen eta, horien artean, lehen dinosauroak agertu ziren. Landareei dagokienez, koniferoak (landare gimnospermoak) asko garatu ziren Triasikoan zehar.