Erdi Aroko gizarte-antolamendua: gutxiengo baztertuak

Baziren beste talde batzuk, bereziki arrazoi erlijiosoak zirela medio, gizartetik at zeudenak. Gizarte kristau hartan, kristau ez zirenak eta sinesgabeak gizartetik kanpo edo gizarteko azken mailan zeuden, inolako eskubiderik gabe. Egoera horren ondorioz, mespretxuak eta erasoak ugari izaten ziren.

Juduak, noizbait egiazko fedea hartuko zutelakoan onartzen zituzten, eta aljama deituriko auzoetan bizi ziren. Jarduera bereziak egiten zituzten: lanbide liberalak zituzten (mediku, itzultzaile…), erregeen diru-biltzaile ere bai batzuk, edo diru-maileguak egiten zizkieten bai herritar xeheei bai diru beharrean zeuden jaunei edo erregeei ere, inoiz lukurreriara ere jotzen zuten (maileguz ematen zen dirutik ateratzen zen gehiegizko irabazia). Eliza katolikoak halako jarduerarik onartzen ez zuenez, juduek egiten zituzten garai hartan maileguak. Herritar xeheek gorroto zieten juduei, beste era batekoak zirelako, bai erlijioz, bai ohituraz. Txiroen bizkar aberasten zirela esaten zuten, eta, askotan, eliza katolikoak bultzaturik, gaitz guztien errudun egiten zituzten (ekaitzen, uzta txarren, izurriteen errudun). Horregatik, bereziki krisi garaian, pogromak edo haien auzoen kontrako erasoak ugari izaten ziren.

Juduen aljama ugari zeuden euskal hiribilduetan, Nafarroan bereziki. 1118an kristauek Tutera eskuratu zutenean, estatutu berezia eman zien Alfontso I.a Borrokalariak hango juduei. Tuterako foru berezi horretan, haien eskubideak eta betebeharrak zehazten ziren: erlijioa, jabetza, zuzenbide-eskubideak… XII. mendean, foru hura inguruko herrietako judu auzoetara zabaldu zen (Viana, Lizarra, Erribera…).

Juduak, euskal lurraldeetan ere artisautzan, merkataritzan, mediku-lanetan… aritzen ziren, erregearen gorterako zerga-biltzaile eta administrazio karguetan ere aritzen ziren. Erregeei maileguak ematen zizkieten diru-beharra zutenean.

Krisi-garaian Nafarroan ere juduen aurkako jarrerak bizi-bizian agertu ziren: 1328ko pogromak Lizarran, 1355-61ekoak Iruñean, Tuteran, eta Lizarran.

Nafarroaz gainera, beste lurralde batzuetan ere aljama garrantzitsuak sortu ziren, bereziki Gasteizen, Balmasedan, Arrasaten eta Seguran.

Musulmanei mairu deitzen zitzaien. Nafarroako hegoaldean ziren ugarien, garai batean mairuen esku egondako lurretan alegia (Valtierran, Arguedasen, eta, jakina, haiek IX. mendean fundatutako Tuteran). Zerga bereziak ordainduz gero, beren auzoetan aske bizitzeko aukera zuten. Artisau- eta nekazari-lanetan aritzen ziren, eta estatutu berezi batek mugaturiko eskubideak zituzten.

Kristau ez ziren beste erlijio batzuetako taldeekiko harremanak onak izan ziren XII. eta XIII. mendeetan. Erregeak babes berezia ematen zien, eta juduekiko zuen harreman ona nabarmen erakusten zuen. Hala ere, ikusi dugun bezala, XIV. mendean, eliza katolikoak bultzatuta, juduen aurkako mugimenduak zabaldu ziren, eta 1517an Nafarroatik ere kanporatu egin zituzten, Gaztela eta Frantziaren presioaren ondorioz.

Erdi Aroan lurralde musulmanak gizarte hiritarrak zirela esan daiteke, batez ere garai hartako Europarekin konparatzen baditugu. Hiri haien gunea medina gune gotortua zen. Horren inguruan antolatzen zen hiria, auzotan banatutako inolako ordenarik gabeko kale estuen sarea. Hirietan bi motatako eraikin publikoak zeuden: batetik, eginkizun erlijiosoa zutenak, meskitak, eta bestetik herri xehearentzako bainuetxeak.

Erdi Aroko artea: arte islamiarra

Erlijio islamiarra oso azkar hedatu zen Asian, Afrikan eta Europan. Horrekin batera arte islamiarra ere zabaldu zen. Arrazoi erlijiosoak direla medio, arte islamiarrak oso gutxi garatu du irudigintza, eskulturan nahiz pinturan. Arte horren gailurra arkitektura eta eraikinen apainketa dira, apainduraren arloak garapen bereziki aipagarria izan zuen. Arkitekturari dagokionez, eraikin garrantzitsuenak otoitz egitekoak dira: meskitak, alegia. Eraikin zibilak ere aipagarriak dira, Al Andaluseko Granadako Alhambra jauregia eta Kordobako Medina Azahara hiri-jauregia dira horren adibide. Arkitektura islamiarraren ezaugarri nagusiak hauek dira:

• Gehien erabiltzen duten materiala adreilua da.

• Zutikako elementuen artean, zutabeak eta pilareak dira aipagarri.

• Arkuak bi motatakoak dira: ogiba-arkua edo zorrotza, eta bisigodoengandik ikasitako ferra-arkua. Aurrerago gingil-arkua agertu zen.

• Sabaia eta ganga erabiliena gurutze-ganga da.

• Apaindura oso aberatsak dituzte. Hormetan, igeltsuz egindako landare itxurako irudiak, Koranetik hartutako pasarteak, etab.