Erdi Aroko gizarte-antolamendua: errege-erreginak eta noblezia

Nobleek, Erdi Aroko gizarte estamentalean, herria armekin defendatzeko ardura zuten. Talde pribilegiatuak ziren, beraz ez zuten lan egiteko ardurarik. Gerlariak ziren lanbidez, ez zuten ekoizpen-jarduerarik egiten, eta ez zuten zergarik ordaindu behar. Noble guztiak ez ziren maila berekoak. Bi noblezia mota bereizten ziren: goi-noblezia eta behe-noblezia.

Goi-mailako nobleak erregearen basailu zuzenak ziren. Erregeak emandako feudoetatik bizi ziren; jakina, feudo horiek oso handiak ziren. Dukeek eta kondeek osatzen zuten goi-mailako noblezia. Erregearen kontseiluko kideak ziren; erregeak, gobernuko erabakiak hartu baino lehen, aholkua eskatzen zien. Dukerri eta konderri bakoitzean jaun feudala lurraldeko jaun eta jabea zen. Euskal lurraldeetan goi-mailako nobleak, oro har, honako hauek ziren: jauna (Bizkaiko jauna), bizkondea (Lapurdin eta Zuberoan), kondea (Araban) eta ahaide nagusiak (oinaztarrak eta ganboarrak)

Erregea ere goi-mailako noblea zen. Erregea guztien jauna zen, eta ez inoren basailua. Bere gainetik ez zeukan inor, Jainkoa ez bazen. Erregea zen erresumako buruzagi militar gorena, gerrak zuzentzen zituena, eta bere agintepean zeuden erresumako gaztelu, gotorleku… Noble boteretsuenak (kondeak, dukeak eta markesak) erregearen zuzeneko basailuak ziren, baita elizako goi-karguak ere (gotzainak eta abadeak). Harreman-sare konplexu horren jatorria lurraldearen konkistan eta defentsan zegoen, eta baita nekazariei kendutako errenten banaketan ere. Kanpaina militarren ondoren, erregeari berari lagundu zioten nobleak saritzen zituen. Laguntzaren ordainetan, konkistatutako lurren zati bat ematen zien. Erregea goi-mailako noble bat zen eta horiekin batera gobernatzen zuen erresuma. Praktikan erregeak eskumen gutxi zituen: gerra-garaian armada zuzentzea, zerga gutxi batzuk biltzea (gerrarako, ezkontzeko eta erregea koroatzeko) edo nobleen arteko liskarrak epaitzea. Berez, noble guztiak erregearen basailuak baziren ere, eta mendekotasuna eta fideltasuna zor bazioten ere, errealitatea guztiz bestelakoa zen: zenbait noblek erregeak berak baino aberastasun eta indar militar handiagoa zuen. Egoera horretan, ez da harritzekoa nobleek beren borondatea erregeari berari ere inposatzea.

Erdi Aroko erregeek ez zuten egoitza-hiriburu finko bat. Bere jabetzako gazteluetan bizi ziren eta batetik bestera ibiltzen ziren, bere jabetzako ondasunak kontrolatzeko. Erregeari gobernu-lanetan laguntzeko gortea zegoen. Gaztelu batetik bestera gortea erregearekin batera joaten zen. Gortea erregearen aholkulari zuzenek eta armagizonek osatzen zuten. Erregea ez zen agintari bakarti bat. Aldamenean zuen bere gortea, gertuko senideek, bere konfiantzazko aristokratek osatua. Haiek ematen zioten aholku eta haien laguntzaz kudeatzen zuen erresuma. Gorte hori ibiltaria zen. Erresumak, beraz, ez zeukan hiriburu politiko-administratibo finkorik: erregea zegoen tokian han zegoen aginte gorena; adibidez, Nafarroako erregea, aldi batzuetan Iruñean egon zitekeen, beste aldi batean Naiaran, eta beste batean beste nonbaiten.

Euskal lurraldeetan errege kargua honako hauek izan zuten Erdi Aroan: Nafarroako erregeak, Gaztelako erregeak (Bizkaian, Gipuzkoan, Araban), Ingalaterra edo Frantziako erregeak (Lapurdin, Zuberoan).

Behe-mailako nobleak goi-mailako nobleen basailuak ziren. Noble handien feudo handia noble txikien artean feudo txikiagotan banatzen zuten. Euskal lurraldeetan ahaide txiki, etxeko jaun, infantzoi, zaldun, ezkutari edo kapare gisa ziren ezagunak.

Erdi Aroko erakundeak euskal lurraldeetan: aginte-politikoa

Aginte-politikorik gehiena errege-erreginek zuten. Haiek zuten erresumako buruzagitza militar gorena, gerrak zuzentzen zituena, eta bere agintepean zeuden erresumako gaztelu, gotorleku eta defentsaguneak. Haiek izendatzen zituzten beren konfiantzazko nobleen artean erresumako gazteluen zaindariak, eta txandaka mugitzen zituen gaztelu batetik bestera. Erresumako aginte judizial gorena ere erregea zen, hau da, epaiketen arduradun nagusiak ziren.

Erregeak lur eta ondare publikoak ere kudeatzen zituen, haien gaineko eskubide eta zergak jasoz. Basoak, mendiak, larreak, ura, bide-sariak, merkatuak erregearen eskumenekoak ziren, eta zerga zuzen batzuk ere jasotzen zituen nekazarien ekoizpenetik. Errege-karguak ematen zizkion eskubide horiez gain, lur-jabetza partikularrak ere bazituen, bere propioak.

Erregea, ordea, ez zen agintari bakarti bat. Aldamenean zuen gortea, gertuko senideek eta bere konfiantzazko nobleek eta kleroak osatua. Haiek ematen zioten aholku eta haien laguntzaz kudeatzen zuen erresuma. Bestetik, Elizak ere babesten zuen erregea, Jainkoak hautatua zela esanez.

Nafarroako beste erakunde garrantzitsu bat Konptoen Ganbera zen, XIV. mende erdialdean sortua. Erresumako auzitegi gorena zen eta bere inguruan antolatu zituen epaileak, notarioak, abokatuak eta erregearen prokuradorea, azken hori erregearen interesak babesteko ardura zuena. Hala ere, berez, erregearen interesak babesteko erakunde nagusia Errege Kontseilua zen, erregearen gobernu antzean funtzionatzen zuena.

Erdi Aroko gazteluak

Erdi Aroko gizarte feudalaren sinboloa gaztelua zen. Gazteluak babeserako eraikinak ziren eta gaztelu on batek harrizkoa izan behar zuen. Horretarako, denbora eta dirua behar zen. Hortaz, boterearen adierazgarri zen, esan nahi baitzuen jauna hura egiteko gai izan zela.