Permiarra (290-245 m.u.)

Paleozoikoaren azken periodoa da, seigarrena. Garai honetan, hainbat espezieren iraungitzea gertatu zen, eta, beste askoren artean, trilobiteak desagertu ziren. Horregatik, fosildutako trilobiteen presentziak kasuan kasuko harri hori Paleozoikoan sortu dela adierazten du. Lehorrean, Devoniarrean agertutako landare gimnospermoak ―loredunak eta obulu biluzikoak― ugaldu egin ziren eta orduz gero, garoak eta antzeko beste zenbait landare baino garrantzitsuagoak izan dira.

Karboniferoa (362,5-290 m.u.)

Paleozoikoaren bosgarren periodoa da. Lehorreko ekosistemetan garo erraldoiek osatutako basoak sortu ziren. Landare horiek dira gaur egun erabiltzen dugun ikatzaren jatorria. Animaliei dagokienez, lehen narrastiak agertu ziren, eta anfibioak ziren abere-espezie ugariena. Itsasoan, berriz, aurreko periodoetan baino txikiagoa egin zen trilobitearen presentzia; arrainei dagokienez, berriz, gaur egungo arrainen antz handia zuten.

 

Devoniarra (408,5-362,5 m.u.)

Paleozoikoaren laugarren periodoa da. Devoniarrean agertu ziren lehorreko lehen landare gimnospermoak; hau da, obulu biluziko loreen bidez ugaltzen ziren landareak. Lehorrean, bestalde, lehen animaliak ere agertu ziren: anfibioak eta intsektuak, hain zuzen. Itsasoan handitu egin zen arrainen aniztasuna.

 

Ordoviziarra (510-439 m.u.)

Paleozoikoaren bigarren periodoa da. Trilobiteak ziren itsasoko bizidun nagusiak, baina, horiez gain, lehen arrainak ere agertu ziren; bai eta zona lehorretan goroldioaren antzeko lehen landareak ere. Eremu lehorretako landareok, bizirauteko, estrategia berriak garatu behar izan zituzten: zutik mantentzeko ahalmena, adibidez, eta ura gordetzeko gaitasuna.

 

Kanbriarra (570-510 m.u.)

Paleozoikoaren lehen periodoa da. Horretan gertatu zen Kanbriarreko bizi-eztanda: denbora tarte laburrean bizitza-mota ugari agertu ziren: besteak beste, lehen itsas ornodunak eta, horien artean, Paleozoiko osoaren adierazgarri izango den trilobitea. Kanbriarrekoak dira baita lehen moluskuak eta algak ere.