Planeta nanoak

2006ko abuztuaren 24an Nazioarteko Astronomia Elkarteak astroak sailkatzeko kategoria berri bat sortu zuen: planeta nanoak. Multzo horretan sailkatutako astrorik ezagunena Pluton da.

Oraindik sailkapen berria denez, eztabaidagai dago: Halere astro bat planeta nanotzat hartzeko, oraingoz, ondorengo baldintzak bete behar ditu:

  • Izar baten inguruan orbitatzea.
  • Bere masari forma biribildua emateko adina grabitate izatea.
  • Garbitu gabea edukitzea orbitaren ingurua.
  • Beste astro baten satelite ez izatea.

Plutonez gain, planeta nanoen artean sailkatzen da asteroide-gerrikoan aurkitutako Ceres eta Neptuno baino urrunago dagoen Eris ere.

Jupiter

Eguzki-sistemako bosgarren planeta da eta denen artean handiena.

Jupiterrek ez du gainazal solidorik: gasezko planeta da. Guk ikusten duguna atmosfera sendo bat da eta hango lainoak, hainbat bandatan antolatuta. Jupiterren argazkietan ikus daitekeen Orban Gorri Handia izeneko egitura obala ekaitza da; berau da, laino guztien artean, gehien nabarmentzen dena. Gainazalean dauden gasezko geruzak zeharkatuko bagenitu, nukleo solido batera iritsiko ginateke.

Gasezko beste planeta guztiak bezala, eraztunak ditu, Saturnorenak bezain ikusgarriak ez badira ere.

Eguzki-sistemako planeta handiena izan arren, Jupiterrek du errotazio-periodo laburrena; oso bizkor dabil eta itzuli osoa 9,81 ordutan osatzen du.

Jupiterren inguruan, biraka, 63 satelite aurkitu dira.

Batez besteko distantzia Eguzkira

778.330.000 km

Diametroa

142.800 km

Errotazio-periodoa

9,81 ordu

Translazio-periodoa

11,86 urte

Gainazaleko batez besteko tenperatura

–121 ºC

Satelite kopurua

63

Marte

Martek aspaldidanik liluratu du gizakia; izan ere, Lurretik ikus daitekeen planetetako bat izateaz gain, kolore gorrixka baitu. Hori dela-eta, planeta gorria izenez ere ezagutzen da. Planeta gorri honen orbita oso eliptikoa da, Lurrarena eta Artizarrarena ez bezala. Marteren gainazala, bestalde, kraterrez, mendikatez eta kanalez (bailara estuak edo arroilak) beteta dago. Gaur egun, Marteko tenperaturak direla-eta, ura egoera solidoan bakarrik egon daiteke bertan, baina litekeena da antzina ur likidoa ere egotea agian. Gizakiak, horregatik, bizitza mikroskopikoa aurkitzeko itxaropena du planeta horretan.

Martek atmosfera xumea du, karbono dioxidoz osatua, nagusiki. Batez besteko tenperatura, berriz, –65 ºCkoa da: 20 ºCko maximoen eta –140 ºCko minimoen emaitza.

Bi satelite natural ditu: Phobos eta Deimos.

Batez besteko distantzia Eguzkira

227.940.000 km

Diametroa

6.794 km

Errotazio-periodoa

24,62 ordu

Translazio-periodoa

686,98 egun

Gainazaleko batez besteko tenperatura

–65 ºC

Satelite kopurua

2

Artizarra

Artizar planetaren orbita da Lurraren orbitatik gertuen dagoena; tamainari dagokionez ere, Artizarra da Lurraren antzekoena.

Artizarraren atmosfera, gehienbat, karbono dioxidoz osatuta dago eta azido sulfurikozko laino beltzak ditu.Atmosfera ilun horrek zaildu egiten du gainazalaren azterketa. Tenperaturari dagokionez, eguzki-sistemako planetarik beroena da (482 ºC-ko tenperatura maximoa), oso berotegi-efektu handia gertatzen delako han.

Lurretik ikus daitekeen planeta da, Eguzkia sartu eta lehen hiru orduetan bakarrik bada ere. Artizarra da, Ilargiaren eta Eguzkiaren ondoren, ikus dezakegun astro distiratsuena.

Merkuriorekin batera, sateliterik ez duen planeta bietako bat da.

Batez besteko distantzia Eguzkira

108.200.000 km

Diametroa

12.104 km

Errotazio-periodoa

243,01 egun

Translazio-periodoa

224,70 egun

Gainazaleko batez besteko tenperatura

464 ºC

Satelite kopurua

0

Merkurio

Eguzkitik gertuen dagoen planeta da: 57.910.000 km. Haren translazio-periodoa, horregatik, eguzki-sistemako laburrena da: 87,96 egunekoa.

Merkurio da eguzki-sistemako planetarik txikiena. Planeta txikia izaki, oso grabitate-indar txikia du eta ezin die gasei eutsi. Ondorioz, ia ez du atmosferarik. Hori dela-eta, han ez da berotegi-efektua ematen eta tenperatura-bitartea (eguneko tenperatura beroenaren eta gaueko tenperatura hotzenaren arteko aldea), eguzki-sistemako handiena da, –173 ºC eta 427 ºC artean mugitzen baita.

Artizarrarekin batera, sateliterik ez duen planeta bietako bat da.

Batez besteko distantzia Eguzkira

57.910.000 km

Diametroa

4.878 km

Errotazio-periodoa

58,64 egun

Translazio-periodoa

87,96 egun

Gainazaleko batez besteko tenperatura

179 ºC

Satelite kopurua

0

Saturno

Eguzki-sistemako seigarren planeta da. Jupiter baino txikixeagoa bada ere, gasezko planeta erraldoi bat da. Saturnoren ezaugarri nabarmenena inguruan dituen eraztunak dira. Nahiz eta gasezko gainerako planetek ere badituzten, Saturnorenak dira handienak. Eraztunon osagai nagusiak izotza eta arroka-hautsa dira.

Planeta honen translazio-periodoa 29,45 urtekoa da eta errotazio periodoa, 10,23 ordukoa.

Saturnoren inguruan biraka, 61 satelite aurkitu dira; horietatik 53 izendatuta daude.

Batez besteko distantzia Eguzkira

1.429.400.000 km

Diametroa

120.000 km

Errotazio-periodoa

10,23 ordu

Translazio-periodoa

29,45 urte

Gainazaleko batez besteko tenperatura

–40 ºC

Satelite kopurua

61

Urano

Eguzki-sistemako zazpigarren planeta da.

Hau ere gasezko planeta da; osagai nagusia hidrogenoa da.

Beste planeten aldean, Urano oraindik urte gutxi dela aurkitutako planeta da: 1781ean.

Ezaugarri aipagarrienetako bat da errotazio-mugimendua planeta gehienen aurkako norabidean egiten duela. Artizarra eta Urano dira, zehazki, errotazioa era horretan egiten duten bakarrak. Gainera, errotazio-ardatza paraleloa denez translazio-planoarekiko, piririka mugitzen da, puxtarri bat lurrean bezala.

Batez besteko distantzia Eguzkira

2.870.990.000 km

Diametroa

52.000 km

Errotazio-periodoa

17.9 ordu

Translazio-periodoa

84.01 urte

Gainazaleko batez besteko tenperatura

–195 ºC

Satelite kopurua

27

Neptuno

Zortzigarrena planeta hau da Eguzkitik urrutien dagoena. 1846an aurkitu zuten eta oraindik gauza gutxi dakigu berari buruz. Kolore urdina du, baina ez du zerikusirik itsasoarekin. Neptuno ere gasezko planeta dugu.

Batez besteko distantzia Eguzkira

4.504.300.000 km

Diametroa

48.000 km

Errotazio-periodoa

16,11 ordu

Translazio-periodoa

164,79 urte

Gainazaleko batez besteko tenperatura

–200 ºC

Satelite kopurua

13

Eguzki-sistema

Planeta izena ematen zaie izar baten inguruan itzulika dabiltzan eta berezko argirik ez duten astroei. Eguzki-sistemak zortzi planeta ditu; ondorengo hauek, Eguzkitik gertuen dagoenetik hasita: Merkurio, Artizarra, Lurra, Marte, Jupiter, Saturno, Urano eta Neptuno.

Eguzki-sistemako planetak, kokapena nahiz osaketa kontuan hartuta, bi multzotan banatzen dira:

  1. Barneko planetak edo planeta telurikoak (Lurraren antzekoak). Eguzkitik hurbilen daudenak: Merkurio, Artizarra, Lurra eta Marte. Tamaina nahikoa txikiko eta dentsitate handiko planetak dira.
  2. Kanpoko planetak edo planeta jobianoak (Jupiterren antzekoak). Gainerako guztiak: Jupiter, Saturno, Urano eta Neptuno. Erradio (eta tamaina) handiko eta dentsitate baxuko planetak dira.

Zenbat eta Eguzkitik urrunago egon, orduan eta handiagoa da planeten orbita; bai eta, ondorioz, itzulia egiteko behar duten denbora ere. Orbitak eliptikoak direnez gero, aldatu egiten da planeten eta Eguzkiaren arteko distantzia. Orbita bakoitzean, Eguzkitik gertuen dagoen puntuari afelioa deritzo eta Eguzkitik urrutien dagoenari, perihelioa.