Klima tropikala

Klima tropikala

Klima tropikala ekuatorearen bi aldeetan aurki dezakegu, 5°-25° koordenatuen artean

Tenperatura nahiko altuak izaten dituzte (23-26 °C) eta egunetik gauerako tenperatura-bitarte txikia, 3-5 °C artekoa. 

Batez besteko prezipitazio kopuru handia da, 600-1.000 mm/urteko, baina erabat irregularra. Klima horren ezaugarri nagusia prezipitazioen irregulartasun hori da. Zenbait hilabetetan, negukoetan hain zuzen ere, ia ez da prezipitaziorik izaten. Udan, ordea, prezipitazioak oso ugariak dira. Oro har, ekuatoretik urruntzen den heinean, txikiagoa izaten dira prezipitazioak eta nabarmenagoa bi urtaroen (lehorra eta hezea) arteko desberdintasuna. Lur lehorragoetan, sabana estepa bihurtzen da.

Klima tropikaleko biomari  sabana deitzen zaio. Belardi ugariko eta zuhaitz gutxi batzuetako (akaziak gehienbat) bioma da. Belardiok  lastodun belarrez osatuta daude, bi metrotik gorakoak hainbatetan, faunarentzat elikagai aproposa direlarik. 

Sabanaren itxura eta landaredia  euri kantitateen araberakoa izaten da, neurri handi batean eta landaredi kantitatearekin lotura estuan egon ohi da fauna edo animalia multzoa. Euri kantitate horien arabera moldatzen dira sabanako landareak ingurura, eta, horrela, batzuek sustrai luzeak garatzen dituzte urtaro lehorrean, gune sakon hezeetara iristeko; beste batzuek, aldiz, ura gordetzeko hainbat estrategia dituzte.

Oro har, sabanak zoru aberatsa du, eta landarediak hazkunde azkarra izaten du euriteen garaian. Lurrazpiko ura hobeto baliatzeko, landareen sustraiak oso luzeak izaten dira gehienetan. 

Faunari dagokionez, larreetako belarjaleek leku gogokoa dute sabana: elefanteak, zebrak, ñanduak, jirafak, errinozeroak, gazelak…, ibai edo putzu eta ur-bazterretan bizi ohi dira bereziki. Han ugaltzen dira, eta haiek ehizatuz bizi dira haragijaleak: lehoiak, gepardoak, hienak… Sabanek, gaur egun, legez kanpoko ehizaren eragina jasaten dute eta animalien babeserako guneak sortu dira. Dena den, zoritxarrez, legez kanpoko ehizak jarraitu egiten du.

Aipamen berezia merezi dute Asiako eta Afrikako hego-ekialdean hain ezagunak diren euriteek, “montzoi” izenekoak. Eskualde horietan oso handiak izan ohi dira udako euriteak eta, berez basamortua egon beharko zukeen lekuan oihanak sortu dira. Leku horietako hezetasunak nekazaritza garatzeko aukera ematen du.