Ilargia

Lurraren inguruan biraka dabilen satelitea da eta Lurretik gertuen dagoen astroa.

Ilargiak, Lurraren antzera, bi mugimendu egiten ditu: translazioa, Lurraren inguruan; eta errotazioa, bere ardatzaren inguruan. Lurrean ez bezala, bi mugimenduok sinkronizatuta daude: biak 27,3 egunetan betetzen dira. Ilargiaren aurpegi bat, horregatik, beti argiztatuta egoten da eta bestea, beti iluna. Dena dela, kontuan izatekoa da, Ilargiak bide hori egiten duen bitartean, Lurra ere, biraka aritzeaz gain bere ardatzean, Eguzkiaren biran dabilela. Horren guztiaren ondorioz, ilargiaren hilabeteak 29,5 egun ditu eta horretatik osatu dugu gizakiok geure hila.

Ilargiak bira osoa eman arren, beti aurpegi bera erakusten digu argiztaturik, baina ez beti osoa. Ilberrian, Ilargiaren aurpegi iluna ikusten da Lurretik; egunak pasa ahala, aurpegi argiztatua ikusten hasten gara. Ilgora iristean, argiztatuta ikusten dugu Ilargiaren erdia; eskuinaldea, hain zuzen. Ilargi bete edo ilbetean, Ilargi osoa argiztatuta ikusten dugu; orduz geroztik, aurpegi iluna handitzen hasten zaio eskuinaldetik. Ilbeheran, ilargi erdia ikusten dugu berriro ―kasu honetan, ezkerraldea― eta txikiagotzen jarraitzen du, berriz ere ilberrira iritsi arte.

Ilargiaren gainazalak bi ezaugarri ditu. Batetik, kraterrak daude: meteoritoek egindako talken ondorioz sortuak. Bestetik, lautada handiak: Ilargiko itsasoak deituak, Lurretik orban ilun gisa ikusten direnak.