Gaur egungo Ipar Euskal Herriko lurraldeen banaketari buruzko lehen erreferentziak Antso III.a Nagusiaren erregealdikoak dira. XI. mendearen lehen herenetik aurrera, oso argi ageri dira Lapurdiko bizkonde-leinuaren dokumentuak. Nafarroako errege-etxetik sortu zen leinu horrek Baionan zuen egoitza. Zuberoa Biarnoko bizkondearen agintepean zegoen, eta bizkondea Iruñeko erregearen basailua zen. Amikuze-Oztibarre inguruetako egoera zalantzazkoa zen, Akitaniako dukeak eta Nafarroako erregeak aldarrikatutako lurraldea baitzen. Iruñeko erregea hil ondoren, lurralde horietako zati batzuek Akitaniaren eremura jo zuten, baina XI. mendearen amaiera aldera, Lapurditik Zuberoaraino onartzen zen errege-aginte bakarra Nafarroako erregearena zen. XII. mendearen erdialdean, ingelesen esku zegoen lur hori, eta horrek erregeen arteko liskarrak ekarri zituen (Nafarroako, Ingalaterrako eta Frantziako erregeen artekoak). Hor hasi zen lurralde horien behin betiko osaeraren prozesua.