Konstituzioa

Konstituzioa estatu bateko arauak eta oinarriak zehazten dituen idatzia da, lege gorena. Bestela esanda, legerik garrantzitsuena da eta estatuko arau guztiak bere mende ditu.

Konstituzioan azaltzen dira herritarren funtsezko eginkizun, askatasun eta eskubideak, agintearen antolaketa, botere-banaketa, lurralde-antolaketa, erakundeen funtzionamendua… Gainera, eskubide eta betebeharrak zehazten ditu, horiek gauzatzeko estatuak zer baliabide jarri behar dituen adieraziz. Konstituzioak zehazten du, baita  estatuaren egitura politikoa nolakoa izango den ere eta beste legeek bete behar dituzten oinarrizko prozedurak. Esan bezala, estatuaren antolaketa juridikoaren gailurra izan ohi da konstituzioa, lege nagusietan nagusiena.

Estatu baten ekintza politiko, sozial, ekonomiko eta abar erregulatzen duen arau nagusia denez, idatzita jasotzen da. Bi zati nagusiz osatzen da: organikoa edo botereen arteko harremanak erregulatzen dituena eta dogmatikoa, herritarren eskubide eta betebeharrak finkatzen dituena.

Laburbilduz, konstituzioak boterea kontrolatzen eta egituratzen du. Gainera, gizakiok ditugun eskubideak aitortzen ditu. Izan ere, konstituzioa ez da eskubideak ematen dituena. Eskubide horiek berezko ditu gizakiak eta estatuaren boterearen gainetik daude. Horrela, konstituzioaren funtsezko zergatia giza eskubideen bermerako prozedurak ziurtatzea litzateke.

Lehenengoak Erdi Aroan idatzi baziren ere, konstituzio modernoak XVIII. mendeko iraultza liberalekin etorri ziren, Estatu Batuetako independentziaren eta Frantziako Iraultzaren eskutik bereziki. Gero, XIX. mendean zehar, konstituzioak zehaztuz eta garatuz joan ziren.

Konstituzioei Bigarren Mundu-Gerraren ondoren iritsi zitzaien hurrengo une garrantzitsua, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalari esker (1948). Harrezkero, herrialde gehienetako konstituzioek jasotzen dituzte giza eskubideak.  

Espainiako lehen konstituzioa 1812an idatzi zen. Espainiako azken Konstituzioa, indarrean dagoena, 1978an onartu zen Frantziako Estatuan, berriz, 1958an onartu zen V. Errepublika eta, berarekin, lurraldean indarrean dagoen Konstituzioa.

Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala

1948an Nazio Batuen Erakundea osatzen zuten 58 estatuen gehiengoak onartu zuten Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala. Aipatu dokumentu honen egileetako bat René Cassin legegizon baionarra izan zela.

Adierazpena hitzaurre bat eta 30 atalez osatuta dago eta beraietan eskubide zibil, politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalak jasotzen dira:

  • 1. atala – Gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberak dituztela.
  • 2. atala – Gizaki orori dagozkio adierazpen honetan adierazitako eskubide eta askatasunak, eta ez da inor bereziko arraza, larru-kolore, sexu, hizkuntza, erlijio, politikako edo bestelako iritzi, sorterri edo gizarteko jatorri, ekonomia maila, jaiotza edo beste inolako gorabeheragatik.
  • 3. atala – Norbanako guztiek dute bizitzeko, aske izateko eta segurtasunerako eskubidea.
  • 4. atala – Debekatuta dago esklabotza eta esklaboen salerosketa oro.
  • 5. atala – Ezin da inor torturatu, ezta inori zigor edo tratu txarrik eman ere.
  • 6. atala – Edozein gizon-emakumek du lege-nortasundun dela aitor diezaioten eskubidea.
  • 7. atala – Gizon-emakume guztiak berdinak dira legearen aurrean
  • 8. atala – Pertsona orok du oinarrizko eskubideak hausten dituzten ekintzetatik babesteko eskubidea
  • 9. atala – Inor ezingo da arrazoirik gabe atxilotu, preso hartu edo erbesteratu.
  • 10. atala – Pertsona orok eskubidea du jendaurrean hitz egin eta zuzentasunez entzun diezaioten.
  • 11. atala – Delituagatik salatutakoak eskubidea du errugabetzat jo dezaten, errudun dela legez eta jendaurreko epaiketan frogatzen ez den bitartean.
  • 12. atala – Ez dago arrazoirik gabe beste inoren bizitza pribatuan, familian, etxean edo postan eskusartzerik.
  • 13. atala – Pertsona orok du joan eta etorri aske ibiltzeko eskubidea.
  • 14. atala – Pertsona orok du edozein herrialdetan babesa bilatu eta izateko eskubidea.
  • 15. atala – Pertsona orok du herritartasuna izateko eskubidea.
  • 16. atala – Gizonek eta emakumeek ezkontzeko eta familia eratzeko eskubidea dute, arraza, herritartasun edo erlijioagatik inolako mugarik gabe; eta, ezkontzari dagokionez, eskubide berberak dituzte bai ezkonduta jarraituz gero eta bai ezkontza-lotura ezabatuz gero ere.
  • 17. atala – Pertsona orok du jabe izateko eskubidea, bakarka nahiz taldean.
  • 18. atala – Pertsona orok pentsamendu-kontzientzia eta erlijio-askatasunerako eskubidea du.
  • 19. atala – Gizabanako guztiek dute iritzi-eta adierazpen-askatasuna.
  • 20. atala – Nornahik du bakean biltzeko eta elkartzeko eskubidea.
  • 21. atala – Pertsona orok du bere herrialdeko gobernuan parte hartzeko eskubidea, zuzenean nahiz libre aukeratutako ordezkarien bitartez.
  • 22. atala – Pertsona orok du gizarte-segurantza izateko eskubidea
  • 23. atala – Pertsona orok du lan egiteko eskubidea, lana aukeratzekoa, lan baldintza bidezkoak eta egokiak izatekoa, eta langabeziaren aurkako laguntza jasotzekoa. 2. Pertsona orok du, bereizkeriarik gabe, lan beragatik lansari berbera jasotzeko eskubidea. 3. Lanean ari denak bidezko lan-saria eta aski zaiona jasotzeko eskubidea du, bai bera eta bai bere familia, giza duintasunari dagokion bezala bizitzeko bestekoa. Horretarako aski ez bada lansaria, gizarteko laguntzaren bidez osatuko da. 4. Pertsona orok du, norbere interesen alde egiteko, sindikatuak eratu eta sindikatuko kide izateko eskubidea.
  • 24. atala – Pertsona orori dagozkio atsedenerako eskubidea, aisiarakoa, lanaldiaren iraupen mugatua izatekoa eta aldian-aldian ordaindutako oporrak izatekoa.
  • 25. atala – Pertsona orok du bizimodu egokia izateko eskubidea, bai berari eta bai bere familiari osasuna eta ongizatea bermatuko dizkiena.
  • 26. atala – Pertsona orok du hezkuntzarako eskubidea. .
  • 27. atala – Pertsona orok du eskubidea elkarteko.
  • 28. atala – Aldarrikapen hau pertsona guztiei dagokien eskubidea da
  • 29. atala – Pertsona orok komunitatearekiko betebeharrak ere baditu.
  • 30. atala – Inork ez du aldarrikapen honetan adierazitako edozein eskubide eta askatasun deuseztatzeko eskubiderik.

Giza-eskubideak

Pertsonari aitortzen zaizkion zenbait oinarrizko balore edo ahalmen dira. Norberaren izaera, sexu-joera, arraza edo herritartasuna edozein izanda ere, ukaezinak dira eta ezin da horien kontrako legerik ezarri.

Giza-eskubideen bilakaeran hauek dira data garrantzitsuak:

  • 1537 urtea: giza eskubideen lehen aipamena
  • 1776ko Virginiako Eskubideen Adierazpena giza eskubideen lehen aitortza
  • 1789an Frantziako Iraultzak Gizakien eta Herritarren Eskubideen Adierazpena plazaratu zuen:
  • Feudalismoa desagertaraztea, Erregearen burujabetzaren ordez, nazioaren burujabetza.
  • Gizakiek  zituzten jaiotzazko eskubideen ordez,  gizaki guztien askatasun eta berdintasuna
  • Beste eskubide garrantzitsuak: askatasuna, segurtasuna, jabetza, adierazpen-askatasuna…

Gaur egun orokorrak diren beste zenbait eskubide,ez ziren jasotzen bi adierazpen horietan. Adibidez, ez zen esklabutza deuseztu, eztaa gizon-emakumeen arteko berdintasuna onartu. Dena dela, 1776ko eta 1789ko adierazpenak giza eskubideen aitorpen-bidean mugarri garrantzitsutzat hartzen dira.

XIX eta XX. mendeetan langileriaren borrokek, emakumeen mugimendu sufragistek, herri-askatasunerako mugimenduek eta abarrek bultzada handia eman zioten giza eskubideen hedapenari. Bigarren Mundu-Gerraren basakeriaren ondoren iritsiko zen giza eskubideen aldeko aldarrikapen nagusia.