Teoria neodarwinista edo sintetikoa

neodarwinismo02aurrebista.jpg

Bizidunen herentziari buruzko Mendelen lanak plazaratu zirenean, Genetikak aurrerapen handia egin zuen, eta, horri esker, Darwinen teoriari buruzko hainbat zalantza argitu ziren. Horrela sortu zen neodarwinismoa edo teoria sintetikoa: teoria hori Darwinen teoriaren berrikuspena da, eta honako ideia berri hauek jasotzen ditu:

 

  • Populazioen baitako aldakortasunaren eragileak mutazioak dira, hau da, indibiduoen material genetikoan gertatzen diren aldaketak. Horiek zoriz gertatzen dira, eta azaleratu nahiz ezkutuan gera daitezke. Mutazioek iraupenerako mesedegarriak edo kaltegarriak izan daitezkeen ezaugarriak ekar ditzakete.
  • Hautespen naturalak ez dakarkie onurarik indibiduoei, populazioei baizik. Hautespen naturalak populazioaren aldakortasunari eragiten dio, hobekien moldaturik dauden indibiduoak hautatuz eta ezaugarri kaltegarriak dituztenak baztertuz.

Baina ez da beti horrela gertatzen, inguruneko baldintzak aldatuz gero, kaltegarria zen ezaugarri bat mesedegarri suertatu liteke inguruneko baldintza berrietan. Beraz, hautespen naturalak mantendu egiten du aldaketa populazioan.

Organismoen geneek aldeko ezaugarriak (onuragarriak) badituzte, organismo horiek hautatu egingo dituzte, eta gene horiek ondorengoei transmitituko dizkiete. Horren ondorioz, aldeko gene edo gene onuragarri gehiago egongo dira populazio horretan.

Eboluzioa prozesu itzulezina da; beraz, gaurko organismoek ez dute sekula euren arbasoen ezaugarrietarantz eboluzionatzerik izango.

Biologoek honako bi eboluzio mota hauek bereizten dituzte:

  • Mikroeboluzioa (populazio batean mailaka gertatzen diren aldaketa txikiak).
  • Makroeboluzioa (aldaketa ebolutibo handiak: espezie, genero, familia… berriak agertzea).

Hautespen naturalak eragiten du mikroeboluzioa. Baina nola gertatzen dira aldaketa ebolutibo handiak, hau da, makroeboluzioa?

Zientzialari askoren iritziz, mikroeboluzioaren antzera gertatzen da makroeboluzioa ere, baina epealdi luzeagoetan (hamarka milioi urtetik ehunka milioi urtera). Bide horretan egindako azterketek erakusten dute lehenengo organismoak sortu zirenetik talde handien arteko ahaidetasunak badirela, eta zehaztu ere izan dira ahaidetasun horiek.

Adibidez, badakigu ugaztunek (duela 195 milioi urte) eta hegaztiek (duela 170 milioi urte) narrastietatik eboluzionatu zutela; narrastiek anfibioetatik eboluzionatu zutela (orain dela 300 milioi urte) eta anfibioek arrainetatik eboluzionatu zutela (duela 350 milioi urte).

Utzi erantzuna