Gizakiaren ikuspegitik, baldin eta leku txarrik badago bizitzeko, hori tundra da. Hala ere, gizakiak, glaziazioen garaitik (ez ahaztu Euskal Herria tundra zela orduan), tundran bizi izan da.
Bioma honetan, gizakiak duen jarduera ekonomiko bakarra ehiza da; kostaldean, baita arrantza ere. Horixe izan da inuiten eta Siberiako iparraldean bizi diren samoiedoen bizimodua. Herri horiek tundran izan duten eragina oso eskasa izan da.
Gaur egun, ordea, arriskuan dago orain arte ia ukitu gabe egon den bioma bakarra. Lurzoruaren azpian petrolioa eta gas naturala aurkitu dituzte eta hainbat estatu horien ustiaketan pentsatzen hasi dira, ondorio ekologikoak kontuan hartu gabe. Ustiaketa hori egin ahal izateko, azpiegitura garrantzitsua behar da; eta horrek beste biometan arazoak badakartza, tundran eragin berezia du, zoruaren ezaugarriengatik. Nahikoa da kamioi bat pasatzea, haren aztarnak hamarkadetan han gera daitezen.
Beste arrisku bat petrolio-isurketak dira. Zaila bada edozein lekutan petrolio-isurketak garbitzea, tundran, egiten duen hotzagatik, ia ezinezkoa da. Horregatik, ekologiaz kezkatzen diren hainbat pertsona eta elkarte, ustiaketa horren aurka agertu dira.