Uraren erabileraren ondorioak

Gizartea garatu den neurrian, handituz joan da ur-eskaria ere. Hasiera batean, aski zen edateko eta garbitzeko ura izatearekin, gaur egun, ordea, izugarri handitu da norbanakoon ur-kontsumoa: garbiketarako eta kontsumorako uraz gain, beste hainbat erabilera ematen zaizkiolako, nekazaritzan, abeltzaintzan, energia lortzeko, industria-prozesuetan…

Munduko biztanleria handituz doa eta jendetza horren janari-eskaria asetzeko, lehen sektoreak elikagai ugari ekoitzi behar izaten du, eta, horretarako, ur asko behar da: lurrak ureztatzeko, abereei edaten emateko… Harrigarria bada ere, behi-haragi kilogramo bat ekoizteko 10.000 litro ur behar dela estimatzen da!

Industriak ere ur-kopuru handiak erabiltzen ditu, bai lehengai gisa, bai substantzia disolbatzaile edo hoztaile gisa; papergintzan adibidez.

Hala ere, teknologia berriei esker, hainbat prozesutan ura aurreztea lortu da; adibidez, modu tradizionalean 100 litro ur behar behar ziren kilo bat paper lortzeko, gaur egungo lantegi batzuetan, berriz, litro bat ur besterik ez da behar. Inbertsio handiak egin dira baita uraren zirkuitu itxiak lortzeko eta hobetzeko. Honez gain, ingurumen-lege zorrotzek eta, orobat, energia-kostuen igoerak eragin dute baliabide naturalen erabilera gutxitzea, eta lehengai birziklatuen edo ordezkoen (zuntz sintetikoetatik lortutako papera, adibidez) erabilera handitzea.

Aisialdiko ohituren kasuan ere, ur kontsumoa handitu egin da; adibidez, igerilekuak betetzeko, golf-zelaiak edo lorategiak berde mantentzeko…

Ur geza da aipatu ditugun prozesuetan erabiltzen dena; eta, berau munduko ur guztiaren % 6 besterik ez da.

Ur gezaren erreserbak izateko eta gero eta handiagoa den energia beharrizana asetzeko, urtegiak eraiki behar izan dira ibaietan. Horren adibidea, 2010.urtean Txinan eraiki den munduko urtegirik handiena dugu;Hiru arroiletako urtegia. Lanetan 40.000 langiletik gora aritu ziren, eta, uharka amaitzean, 600 kilometro koadroko azalera ur azpian geratu zen, arkeologia eta historia balio handiko guneak eta ia 1.400.000 biztanleren bizilekuak eta herriak tartean.

Euskal Herria urtegien auzia ez zaigu arrotza, hemen ere eztabaidak eta desadostasunak egon dira urtegien beharrizanaren eta eraikuntzaren inguruan, adibidez 90. hamarkadan Nafarroako Itoiz urtegiarekin izandakoak.

Horrez gain, eskualde batzuen ur-eskariari erantzuteko, itsasoko ura gezatzeko instalazioak ere eraiki behar izan dira, urtegietako ura ez zelako nahikoa.

Ura lortzeko zailtasuna arazo larria da mundu osoan eta hainbat gobernuren ardura nagusia bilakatu da. Gainera, herrialde askotan egoera txarrean dagoen ura kontsumitzen dute, eta, ondorioz, urarekin erlazionatutako gaixotasunak izaten dituzte. Horren adibide kolera gaixotasuna dugu. Heriotza eragin dezakeen kolera endemikoa da garapen bidean dauden zenbait lurraldetan. Haietan, higiene baldintzak eskasak izan ohi dira, eta, edateko ura, adibidez, ez da behar bezala arazten, ezta hondakin urak ere. Baldintza horietan edateko ura bakterioz kutsatuta egotea posible da, Afrika zein Asiako toki askotan hori da gaixotasunaren iturria.

URAREN KUTSADURA

Era bateko edo besteko prozesuetan erabiltzen den ura, sarritan, kutsatu egiten da. Ur hori araztegian tratatu egin behar izaten da, kalitatea hobetzeko; hau da, edangarri bihurtzeko edo, naturara itzultzerakoan kalterik eragin ez dezan. Ur garbiari ezaugarri kimiko eta fisikoak aldatzean, kutsatu egiten da. Ura kutsatzeko modu asko dauden arren, kutsadura-iturri handienak hiru multzo handitan bana daitezke: hirietan sortutako kutsadura, nekazaritzak eta abeltzaintzak eragindakoa eta industriak sortua. Halaber, eragile hauek sortutako kutsadura hiru taldetan banatzen da: kutsadura kimikoa, fisikoa eta biologikoa.

Uraren kutsadura kimikoa

Kutsadura honen jatorri nagusia nekazaritzan eta abeltzaintzan erabilitako ongarriak zein substantziak, eta, industria-prozesuetan isuritako hondakinak dira. Materia ez-organikoa izaten da kutsadura honen eragile nagusiak; hala nola: pHa aldatzen duten azidoak eta baseak (animalia eta landareen hilkortasun tasak igoz), zianuroaren edo metal astunen antzeko substantziak (uraren toxikotasuna probokatuz), eta eutrofizazioa sortzen duten substantzia nutritiboak (kutsadura biologikoa).

Uraren kutsadura fisikoa

Kutsadura fisikoa hainbat motatakoa izan liteke: hondakin solidoek eragina, kutsadura termikoa, erradioaktiboa…

Hondakin solidoen kasuan, uraren uhertasuna igotzen da fotosintesia zailduz. Nabarmenena hondakin solidoek sortzen dutena izan arren, larriagoak dira, askotan, ikusezinak diren kutsadura termikoa eta erradioaktiboa.

Uraren tenperaturaren aldaketa, gehienbat industriak eta hainbat zentralen hozketa zirkuituak eragiten dute. Tenperaturaren aldaketak, organismoen bizi-zikloetan aldaketak dakartza, batez ere ugalketa sasoian. Bestalde, uraren tenperatura igotzen denean, uretako oxigeno-kontzentrazioa txikitu egiten da eta horrek kalte handia eragiten die ekosistema urtarrei, desorekak sortuz eta zenbait bizidunen iraupena arriskuan jarriz.

Kutsadura erradioaktiboari dagokionez, urak daramatzan partikula erradioaktiboek bizidun guztiak kaltetzen dituzte, begiz ikusezina bada ere kutsadura hau.

Uraren kutsadura biologikoa

Uretan hainbat motatako mikroorganismoak ugaltzen direnean sortzen da. Mikroorganismo horiek bakterioak, algak, onddoak edo antzeko izaki bizidunak dira; eta, elikagai ugari aurkitzen dituztenean, modu azkarrean ugaltzen dira. Mikroorganismoen ugalketa azkarra ahalbidetzen duten elikagaien ugaritasun horrek bi jatorri ditu, nagusiki: batetik, gizakiek isuritako hondakin organikoak eta, bestetik, nekazaritza intentsiboan erabilitako ongarri edo substantzia kimikoak. Zenbait kasutan, mikroorganismo horien hazkundearen ondorioz, geruza berde bat sortzen da, ur barnera argia sartzea eragozteraino. Argi faltaz, planktona hil egiten da eta ur-hondoan metatzen; eta usteltze-prozesuan uretako oxigenoa kontsumitzen du. Bertako ekosistemek, gainera, oxigeno- eta energia-eskasia jasaten dute, bioaniztasuna murriztuz.

Utzi erantzuna