Orokorrean bi zelula-mota nagusi aipatzen dira: zelula eukariotoak eta zelula prokariotoak.
Prokariotoa
Zelula prokariotikoek badituzte zelula-mintza eta zitoplasma, baina ez nukleo definiturik. Material genetikoa zitoplasman dago, nukleoide izeneko zona batean bildurik. Primitiboenak bakterioak dira.
Zelula eukariotikoetan, berriz, hiru osagai nabarmentzen dira: ondo berezitako nukleoa, organulu zelularrak dituen zitoplasma eta zelula osoa bildu eta babesten duen zelula-mintza. Mota honetakoak dira, adibidez, algen, onddoen, landareen eta animalien zelulak. Zelula-mota aurreratuenak eukariotikoak dira.
Eukariotoa
Animalia-zelula eta landare-zelula
Zelula eukariotiko guztiak ez dira berdinak. Oro har, bi zelula-mota daudela esan genezake: landare-zelulak eta animalia-zelulak. Landare-zelulek eta animalia-zelulek antzeko egitura dute, baina baita bereizten dituzten ezaugarri batzuk ere:
· Landare-zelulak zelula-mintza inguratzen duen pareta sendoa izaten du, bakuolo handiak eta kloroplastoak (fotosintesia egin ahal izateko klorofila korpuskuluak).
· Animalia-zelulak mintz meharra eta malgua du, bakuolo txikiak, eta ez du klorofila-korpuskulurik. Landare-zelulek baino forma irregularragoak izaten dituzte animalia-zelulek.
Bizidun zelulabakarrak zelula bakar batez osatuta daude, eta animalia eta landare zelulanitzak, berriz, milioika zelulaz.
Zelula eukariotiko guztiak berdinak ez diren arren, arestian esan bezala, oinarrizko egitura berdina izaten dute.
1. Zelula-mintza geruza fin bat da, lipidoz eta proteinez eratua. Mintza honek zelula kanpo-eraginetatik babesteko eginkizuna betetzen du, eta substantzien arteko trukea baldintzatzen du. Kanpoko informazioa mintz horren bidez jasotzen du zelulak.
2. Zitoplasma. Zelula-mintzaren eta nukleoaren artean dagoen espazioa da. Hialoplasma izeneko substantzia likido batez osatuta dago. Bertan gertatzen dira erreakzio kimiko gehienak; hainbat mikrotubulu eta mikrofilamentu ditu, eta horiek ematen diote forma zelulari.
Zitoplasman zelularen organuluak izeneko egitura solido batzuk daude, zelula eukariotikoetan batez ere, eta funtzio jakin batzuk betetzen dituzte zelularen barnean.
3. Nukleoa. Zelula osoaren kontrol-zentroa da. Zelula eukariotikoetan, erdialdean egoten da, gehienetan, nahiz eta landare-zeluletan alde batean egon daitekeen. Tamaina eta forma aldakorrekoak dira, baina, oro har, nukleo bakarra izaten da zelula bakoitzean.
Nukleoan honako atal hauek bereizten dira:
· Nukleoaren mintza. Bikoitza izaten da, eta zitoplasmarekin substantziak trukatzeko poroak ditu. Material genetiko isolatzeko eginkizuna betetzen du.
· Nukleoplasma. Nukleoaren baitan dagoen likidoa da, hialoplasmaren antzekoa. Bertan, erreakzio kimikoak gertatzen dira.
· Kromatina. Azido desoxirribonukleikozko (ADNzko) zuntz-sareak (ezaugarria heredagarriak daramatzatenak) eta proteinak dira. Zelularen informazio genetikoa garraiatzen dute, zelularen atal guztiak sortu ahal izateko eta informazio hori bere ondorengoei pasatu ahal izateko. Zelula zatitzean, nukleoa desagertu eta kromatina kiribildu egiten da bere buruaren inguruan; horrela, kromosoma izeneko egiturak eratzen ditu (kromatina hitzak “koloreztatuta” esan nahi du, eta atal hori koloreztatzea erraza delako du izen hori).
· Nukleoloak. Nukleoan dauden egitura esferikoak dira; bere funtzioa erribosomak eratzea da.
· Zuku nuklearra: hialoplasmaren antzekoa.