Perretxikoen pozoidurak

perretxikoak-aurrebista.jpg

Noizbehinka perretxikoek eragindako pozoidura desberdinak gertatzen dira. Dena den, Euskal Herrian egun dagoen mikologi kultur maila  nahiko altua dela esan dezakegu, eta nahiz azken urte hauetan perretxikozaleen kopurua nabarmen handitu, pozoidurak ez direla ugaritu aipatu behar da.

Gai honen inguruan, aurreko mendean gertatutako egoerak gogora ekarri nahiko genituzke: 1936-39ko Gerra-Zibilaren ondoko “gose garaian” pozoidura asko gertatu ziren Euskal Herrian.

Bizkaian 1948. urtean heriotza ekarri zuten 16 pozoidura izan ziren. Katalunian esate baterako, 1972-1982 tartean izandako 51 kasutatik 5 hil egin ziren, hauetako 19 kasu Hiltzaile berdeak  (Amanita phalloides) espezieak eragin zituen, 4 heriotza sortuz. 1982-1986 tartean 190 pozoidura izan ziren, hauetariko  %38,5-a hiltzaile berdeak eragindakoak izan ziren, beste %5,8 inguruan lepiota txikiek eraginda Ondorio modura, lehenago aipaturiko 190 pozoidura horietatik 5 hil egin zirela aipatu behar da.

Rogen Hein frantsez adituaren datuen arabera, aurreko mendearen hasieran mundu zibilizatuan gertatzen ziren urteroko 1500 heriotzen erruduna A. phalloides izan zen. Giacomi doktoreak egindako ikerketa desberdinen datu batzuk azalduko ditugu: Frantziako hego-mendebaldean 1885. urtean 100 hildako urtero; oro har Frantzia osoan 1912ko abuztu eta irailean 100 hildako, 1924. urteko udazkenean 40 hildako, 1930. urtean 15 egunetan 153 hildako, 1942. urtean aste batean 42 hildako … Bornet-ek ere Suitzako datu batzuk plazaratu zituen:  1967-1976 tartean 1200 pozoidura izan ziren.

Benetan, garai hartako datuak izugarriak ziren eta gaur egun zorionez ez dela berdin gertatzen esan behar dugu.

Gaur egun, Euskal Herrian hiltzaile berdeak pozoitutako kasurik aurkitzea gutxietan gertatzen da, eta are eta arraroagoa hildakoren baten berririk izatea. Garai batean, perretxiko hilgarriak jaten zituztenetatik %80a hiltzen zen. Gaur egun, zientziaren aurrerapen, medikuen espezializazio eta gure ospìtaleen ekipamendu hobeei esker eria lehen sintomak agertzearekin batera ospitaleratzen bada, hiltzeko arriskua %5 eta %10 besterik ez litzateke.

Bi perretxiko hauek ez nahasteko inoiz ez errotik erauzi, beti azpitik labana sartuz moztu, perretxikoa oso-osorik ateraz, hiltzaile berdeak bolba eta eraztuna baititu eta gibelurdinak ez!

Perretxikoak biltzeko kontutan hartu behar diren neurriak:

  1. Perretxikoen ezaugarri nagusiak kontutan hartu behar dira (txapela, orriak, eraztuna eta bolba)
  2. Perretxikoak ez jaso inoiz zatika. Perretxiko osorik atera behar da.
  3. Perretxikoak ez bildu plastikozko poltsetan (puskatu eta nahasten dira…). Saski edo otarretan bildu.
  4. Zalantzaren aurrean inoiz ez jan perretxikorik. Zure herrian adituren batekin kontsultatu.
  5. Perretxikoak jan ondoren sintomarik edo nabaritzen baduzu (tripako mina…) sendagilerengana joan.

Utzi erantzuna