Ura bi hidrogeno atomok eta oxigeno atomo bakarrak osatzen duten molekula da; substantzia konposatua da, beraz. Bere izozte-puntua 273 K da (0 ºC) eta irakite-puntua, 373 K (100 ºC); horregatik aurkitzen da naturan likido-egoeran, gehienbat. Dentsitateari dagokionez, urak portaera ezohikoa du: likido-egoeran duen dentsitatea 1.000 kg/m3 da (edo beste era batera esanda, 1 kg/L, hau da, kilo bat litro bakoitzeko), hots, solido-egoeran baino handiagoa (917 kg/m3). Ezaugarri horri esker, ur-masa handi bat izoztean (laku edo itsaso bat, adibidez), izotza beti goialdean eta likidoa azpialdean kokatzen dira eta, horrela, ur azpiko ekosistemek bizirik mantentzeko aukera dute.
Definizio arruntenaren arabera, ura substantzia usaingabea, koloregabea eta zaporegabea izan arren, edaten dugun ur bakoitzak zapore desberdina duela nabaritzen dugu. Horren zergatia da aurreko definizioak ur puruaren kasurako bakarrik balio duela. Uraren disolbagarritasuna handia delako, ordea, gatz eta mineral ugari disolbatzen dira naturan aurkitzen dugun uretan eta, hain zuzen, naturan bildutako solutu horiek dira urari zaporea ematen diotenak.
Uraren eroankortasun elektrikoari dagokionez ere antzeko egoera gertatzen da. Inolako substantziarik disolbatu gabeko ura ―ur purua― eroale elektriko txarra bada ere, eskueran dugun ur guztia oso eroale elektriko ona da, disolbatuta dituen substantziengatik.
Uraren beste ezaugarri bat bere bero espezifikoa da: 1 cal/g; hau da, altua, beste substantzia batzuen bero espezifikoaren aldean. Horregatik, ur-masa handien inguruan, kostaldean edo laku handien inguruan, adibidez, urak tenperatura-erregulatzaile funtzioa betetzen du. Urak bero espezifiko altua duela diogunean, esan nahi da urak bero asko xurgatzen duela, tenperatura 1 ºC igotzeko. Era berean, 1 ºC jaisteko, bero asko askatzen du. Horrek eragin handia du ur-masa handien (itsasoak, aintzirak…) inguruko lurraldeetan.