Uraren zikloa

Ura da naturan hiru agregazio-egoeratan aurki daitekeen substantzia bakarra eta berau da baita planeta osoan barrena etengabe mugitzen den substantzia ugariena. Mugimendu horretan osatzen da uraren zikloa.

Prezipitazioak atmosferako ur-lurrun kopuruaren araberakoak dira. Hezetasuna handitzean edo tenperatura jaistean, ura kondentsatu egiten da eta hodeiak sortzen dira. Hodeietatik ura solido- edo likido-egoeran erortzen da; likidoa denean, euria izaten da eta solidoa denean, elurra edo txingorra. Euskal Herrian prezipitazio ugari izaten da, eta ugariak dira, halaber, prezipitazioak izendatzeko erak ere.

Hidrosferatik zirkulatzen du urak, nagusiki, eguzkiari eta grabitateari esker. Ziklo honetan eguzkiak aportatzen duen energia dela-eta, urak grabitatea gainditzea lortzen du. Horrela, ur likidoa berotzean lurrun modura igotzen da atmosferara, eta, hoztean, lainoak osatuz ur tantetan kondentsatzen da.

Grabitateari esker, urak beheranzko norabidea hartzen du berriz. Prezipitazioak itsasoan edo lur gainean eror daitezke. Lur gainean eroritako urak itsasorantz higitzen dira, lurrazaletik, ibai batean zehar edo lurpeko ur gisa. Egiten duen ibilbidean, erliebeari forma ematen dio; prozesu horretan materialen higadura, garraioa eta sedimentazioa eragiten baitu. Kontinenteetan barrena doanean, ura geza da, eta aproposa bizidunok elikatzeko. Nolanahi ere, bizidunok kontsumitutako uraren zati bat atmosferara itzultzen da, landareetatik lurrundutako den urari esker, landareen ebapotranspirazioa; baso tropikalak dira lurrunketa hori gertatzeko lekurik aproposenak.

Ura lurruntzean, atmosferara joaten da berriro. Prozesu hori itsasoetan gertatzen da, gehienbat, bertan dagoelako uraren eta atmosferaren arteko ukipen-azalera handiena.

Uraren kutsadura kimikoa

Kutsadura honen jatorri nagusia nekazaritzan eta abeltzaintzan erabilitako ongarri eta substantziak eta industria-prozesuetan isuritako hondakinak dira. Materiak izaera ez-organikoa eta organikoa izan dezake. Materia ez-organikoen artean sartzen dira pH-a aldatzen duten azidoak eta baseak, zianuroaren edo metal astunen antzeko substantzia toxikoak, eta eutrofizazioa sortzen duten substantzia nutritiboak. Materia organikoak, bere aldetik, biodegradagarria denez, beste era bateko kutsadura sortzen du: biologikoa; substantzia organiko horien deskonposizio-prozesuan uretako oxigenoa kontsumitzen da eta horrek arazoak dakarzkio ekosistemari.

Uraren kutsadura fisikoa

Kutsadura fisikoa hainbat motatakoa izan liteke: hondakin solidoek eragina, kutsadura termikoa, erradioaktiboa… Nabarmenena hondakin solidoek sortzen dutena izan arren, larriagoa da, askotan, ikusezinak diren kutsadura termikoa eta erradioaktiboa.

Kutsadura termikoaren eraginez, uraren tenperatura igotzen denean, uretako oxigeno-kontzentrazioa txikitu egiten da eta horrek kalte handia eragiten die ekosistema urtarrei.

Kutsadura erradioaktiboari dagokionez, urak daramatzan partikula erradioaktiboek bizidun guztiak kaltetzen dituzte, begiz ikusezina bada ere kutsadura hau.

Uraren kutsadura biologikoa

Kutsadura hau uretan hainbat motatako mikroorganismo kaltegarriak ugaltzen direnean sortzen da. Mikroorganismo kaltegarri horiek bakterioak, algak, onddoak edo antzeko izaki bizidunak dira; eta, elikagai ugari aurkitzen dutenean, modu esponentzialean ugaltzen dira. Mikroorganismoen ugalketa ahalbidetzen duen elikagaien ugaritasun horrek bi jatorri ditu, nagusiki: batetik, gizakiek isuritako hondakin organikoak eta, bestetik, nekazaritza intentsiboan erabilitako ongarri edo substantzia kimikoak.

Eutrofizazioa

Ura materia elikagarriz aberastea da eutrofizazioa. Materia elikagarri horiek nitrogeno, fosforo edo sufretan aberatsak diren konposatu ez-organikoak izaten dira. Oso elikagai egokiak direnez uretako landareentzat, mugagabe ugalarazten diete; ur-azalekoei, bereziki, geruza berde bat sortu eta ur barnera argia sartzen eragozteraino. Argi faltaz, planktona hil egiten da eta ur-hondoan metatzen; eta usteltze-prozesuan uretako oxigenoa kontsumitzen du. Eutrofizazioa nozitzen duten urek kolore berdea izaten dute eta kirats handia. Bertako ekosistemek, gainera, oxigeno- eta energia-eskasia jasaten dute.

Ur-araztegia

Ura erabili ahal izateko, bi motatako trataerak ematen zaizkio: batetik, naturatik hartutako ura edangarri bihurtu eta kontsumo-sareetara bideratzeko egiten dena; eta bestetik, etxeetan zein enpresetan erabilitako urak garbitu, eta ura naturari ahal den egoerarik onenean itzultzeko egiten dena.

Uraren tratamenduko araztegi-mota bakoitza leku jakin batean eraikitzen da, energia aurrezteko helburuz. Edateko uren araztegiak, adibidez, herrietako zona altuetan kokatzen dira, handik ura erraz banatzeko.Ur zikinen araztegiak, berriz, herrien irteeran edo zona baxuetan kokatzen dira, herriko ur kutsatuak erraz biltzeko.

Ur zikinak (hondakin-urak) tratatzeko araztegietan egiten den prozesua hurrengo pauso hauetan laburbil daiteke:

Aurre-tratamendua: araztegian sartu aurretik, ura burdin-sare batetik iragazten da, garraiatzen dituen solido handienak kentzeko (egurrak, plastikoak eta beste hainbat hondakin solido…).

Lehen tratamendua: hainbat dekantazio-ontzi erabiliz, urari itsatsi zaizkion osagaiak (arinak eta pisutsuak) kentzen zaizkio; hau da, ura ontzi handietan geldirik utziz gero, osagai astunak hondora joaten dira eta kendu egin litezke handik, arinak (flotatzen duten gaiak: koipea etab.), berriz, ur azaletik (gainetik) kentzen dira.

Bigarren tratamendua: ura hainbat bakterio bizi den ontzi edo putzu handietara bidaltzen da, bakterioek uretan den materia organikoa hartziduraz edo oxidazioz deskonposa dezaten. Ondoren, dekantatu egiten da berriro, sortu diren materia-hondarrak hondotik kentzeko.

Hirugarren tratamendua: prozesu berezi batzuen bidez (malutapena), urek disolbatuta dakarten fosfato eta nitratoak kentzen dira.

Prozesu horren amaieran, ura naturari itzultzeko eran dago.Giza kontsumorako erabili nahi bada, berriz, klorazioa, ozonizazioa edo antzeko beste prozesu batzuk egin behar zaizkio, uretan mikroorganismo kaltegarririk geratzen ez dela ziurtatzeko.

Uraren kutsadura

Naturan den urari ezaugarri kimiko eta fisikoak aldatzean, kutsatu egiten da. Ura kutsatzeko era asko dagoen arren, kutsadura-iturri handienak hurrengo hiru multzo hauetan bana daitezke: hirietan sortutako kutsadura, nekazaritzari eta abeltzaintzari dagokiona eta industriari lotua.

Hirietan sortutako kutsadura: Hiriak gero eta handiago egiten ari dira eta, populazioa handitu ahala, biderkatu egiten da hondakinen arazoa ere: hondakin solidoak, estolda-urak… Hirietako hondakin horiek, bere aldetik, inguruko urak kutsatzen dituzte, batzuetan hondakinak uretara jaurti direlako zuzenean eta, bestetan, ura filtratu egiten delako zabortegietara.

Nekazaritzari eta abeltzaintzari dagokiona: elikagaien eskaria handitu dela-eta, nekazaritzaren produktibitatea ere handitu egin behar izan da. Arazo horri eman zaion irtenbidea ekoizpena handiagotzea izan da, hainbat substantzia kimiko erabiliz: ongarriak, pestizidak, herbizidak… Substantzia horietako zenbaitek, azkenean, inguruko uretan amaitzen dute eta kutsadura kimikoa eragiten; areago: horien arteko batzuk hainbat mikroorganismoren elikagai direnez, kutsadura biologikoa ere sorrarazten dute. Abeltzaintzan ere gero eta ustiategi handiagoak eraikitzen dira eta horietako hondakin organikoek, askotan, kutsatu egiten dituzte inguruko urak.

Industriari lotua: hainbat gai eta tresnaren egungo eskaera asetzeko, gero eta lehengai, energia eta produktu landu gehiago behar dira. Horretarako egiten diren prozesu industrialetan, kutsatzaile kimiko ugari isurtzen da uretara. Bestalde, industriak dira kutsadura termikoaren erantzule nagusiak; hots, horiek dira uren tenperatura igotzearen eragile nabarmenenak, eta hori oso kaltegarria da, bereziki, ekosistema urtarretan.

Uraren erabilerak

Gizartea garatuz doan neurrian, handituz joan da ur-eskaria ere. Hasiera batean, aski zen edateko eta garbitzeko ura edukiz gero. Gaur egun, berriz, izugarri handitu da gizartean norbanakoaren ur-kontsumoa: garbiketarako eta kontsumorako erabiltzeaz gain, beste hainbat erabilera ematen zaizkiolako, nekazaritzan, abeltzaintzan, industria-prozesuetan edo aisialdian, esate baterako.

Munduko biztanleria ugaltzean, jendetza horren janari-eskaria asetzeko, lehen sektoreak elikagai ugari ekoitzi behar izaten du eta, horretarako, ur asko behar da: lurrak ureztatzeko, abereei edaten emateko…

Industriako prozesuetan ere ur-kopuru handiak erabiltzen dira, bai lehengai gisa, bai substantzia disolbatzaile edo hoztaile gisa.

Aisialdiko ohiturak aldatzeaz bat, ur kontsumoa ere handitu egin da; adibidez, igerilekuak betetzeko, golf-zelaiak edo lorategiak berde mantentzeko…

Ur geza da aipatu ditugun prozesuetan erabiltzen dena; baina berau ur guztiaren % 6 besterik ez da.

Ur gezaren erreserbak izateko, urtegiak eraiki dira ibaietan. Horrez gain, eskualde batzuen ur-eskariari erantzuteko, itsasoko ura gezatzeko instalazioak ere eraiki behar izan dira, urtegietako ura ez zelako nahikoa.

Era bat edo besteko prozesuetan erabiltzen den ura, sarritan, kutsatu egiten da.Ur hori araztegian tratatu egin behar izaten da, kutsatu den uraren kalitatea hobetzeko; hau da, edangarri bihurtzeko edo, naturari itzultzerakoan, kalterik eragin ez diezaion.

Ura

Ura bi hidrogeno atomok eta oxigeno atomo bakarrak osatzen duten molekula da; substantzia konposatua da, beraz. Bere izozte-puntua 273 K da (0 ºC) eta irakite-puntua, 373 K (100 ºC); horregatik aurkitzen da naturan likido-egoeran, gehienbat. Dentsitateari dagokionez, urak portaera ezohikoa du: likido-egoeran duen dentsitatea 1.000 kg/m3 da (edo beste era batera esanda, 1 kg/L, hau da, kilo bat litro bakoitzeko), hots, solido-egoeran baino handiagoa (917 kg/m3). Ezaugarri horri esker, ur-masa handi bat izoztean (laku edo itsaso bat, adibidez), izotza beti goialdean eta likidoa azpialdean kokatzen dira eta, horrela, ur azpiko ekosistemek bizirik mantentzeko aukera dute.

Definizio arruntenaren arabera, ura substantzia usaingabea, koloregabea eta zaporegabea izan arren, edaten dugun ur bakoitzak zapore desberdina duela nabaritzen dugu. Horren zergatia da aurreko definizioak ur puruaren kasurako bakarrik balio duela. Uraren disolbagarritasuna handia delako, ordea, gatz eta mineral ugari disolbatzen dira naturan aurkitzen dugun uretan eta, hain zuzen, naturan bildutako solutu horiek dira urari zaporea ematen diotenak.

Uraren eroankortasun elektrikoari dagokionez ere antzeko egoera gertatzen da. Inolako substantziarik disolbatu gabeko ura ―ur purua― eroale elektriko txarra bada ere, eskueran dugun ur guztia oso eroale elektriko ona da, disolbatuta dituen substantziengatik.

Uraren beste ezaugarri bat bere bero espezifikoa da: 1 cal/g; hau da, altua, beste substantzia batzuen bero espezifikoaren aldean. Horregatik, ur-masa handien inguruan, kostaldean edo laku handien inguruan, adibidez, urak tenperatura-erregulatzaile funtzioa betetzen du. Urak bero espezifiko altua duela diogunean, esan nahi da urak bero asko xurgatzen duela, tenperatura 1 ºC igotzeko. Era berean, 1 ºC jaisteko, bero asko askatzen du. Horrek eragin handia du ur-masa handien (itsasoak, aintzirak…) inguruko lurraldeetan.