Organismoen moldaerak

Bizidunek hainbat moldaera garatzen dituzte bizi diren ekosistemetara egokitzeko. Moldaera horiek fisiologikoak, portaerari dagozkionak edo beste hainbat motatakoak izan daitezke. Hona hemen faktore abiotiko mugatzaileetara moldatzeko hainbat mekanismoren azalpenak.

Lehorreko ekosistemak

1. Argia

Landare askok egunaren eta gauaren iraupenari lotuta (fotoperiodoa) erregulatzen dituzte euren prozesu biologikoak. Esate baterako, egun luzeko landareek, iluntasun-aldi laburrak nahikoa dituzte 24 orduero, loratzeko (udaberri-udan loratuko dira). Egun laburreko landareek, berriz, hamabi argi-ordu baino gutxiagorekin loratzen dira (udazken-neguan loratuko dira). Aldiz, landare neutroen kasuan, argi-ordu kopuruak ez dauka eraginik, eta, beste faktore batzuen mende dago loraketa.

Animaliek ere argi-orduetara egokitzen dute euren jarduera fisiologikoa: askok egunez dihardute, eta beste batzuek, ostera, gauez.

2. Ura

Basamortu ingurunetan bizi ahal izateko:

  • eta urik ez galtzeko, zuhaixka askok substantzia iragazgaitzez estalitako hosto txikiak izaten dituzte; beste zenbait landarek hostoak arantza bihurtzen dituzte; beste batzuek, ostera, zurtoinetan edota hostoetan biltzen dute ura.
  • animalia askok ohitura gautarrak dituzte, eta egunaren lehenengo orduetan eta iluntzean baino ez dute aktibitaterik, hots, hezetasuna handiagoa eta tenperatura baxuagoa denean.

Ohian tropikaletan, aldiz, ur asko dago; zuhaitzek ertz zorrotz eta handiko hosto handiak izaten dituzte, soberako ura botatzeko.

3. Tenperatura

Tenperatura baxuetara moldatzeko hainbat moldaera izaten dituzte bizidunek:

  • landareek hazi eta erraboil bihurtuta igarotzen dituzte urtaro gogorrak; edo hostoak galdu, eta ahalik eta gehien murrizten dute beren jarduera.
  • animaliak lozorroan sartzen dira, edo migratu egiten dute. Horretara hobekien moldatutako organismoak endotermoak dira (hegaztiak eta ugaztunak).

Urtaro beroetan, organismoek berriro aktibatzen dituzte bizi-zikloak:

  • landareak loratu egiten dira, eta fruituak izaten dituzte.
  • animalia asko ugaldu egiten dira… Bero handiegia badago, animaliek ohitura gautarrak hartzen dituzte, intsolazio handieneko orduak saihesteko. Halaber, erregulatu egiten dute tenperatura: izerdituz edo arnasestuka…
 

Uretako ekosistemak

1. Ura

  • Gazitasunari eusteko, prozesu fisiologiko bereziak dituzte.
  • Mugitzeko, gorputz fusiformeak, hegatsak eta halakoak dituzte.
  • Olatuen bultzadari eusteko, malguak dira (esate baterako algak) edo substratura atxikitzeko mekanismoak dituzte (esate baterako lapak).

2. Argia eta tenperatura

Zenbait organismok

  • zona abisaletan bizitzeko, argizko organoak dituzte.
  • poloetan bizitzeko, gatz-geruzak, lumak eta ilea dituzte, baita tenperatura erregulatzeko ahalmena ere.

Utzi erantzuna