Antzinateko beste lekuetan bezalaxe, Greziako oinarri ekonomikoa nekazaritza zen. Nagusiki, hiru produktu ekoizten zituzten: garia, ardoa eta olioa. Produktu horiek kolonietan eta Mediterraneo inguruko beste herrialdeetan zabaldu zituzten, merkataritza-harremanak garatuz. Gainera, Greziako lurra oso emankorra ez denez, nekazaritzako produktu asko, garia bereziki, urrundik lortu behar izaten zuten.
Artisautza
Greziaren historian hasiera-hasieratik agertzen dira bai artisau-tailerrak eta bai merkataritza-harremanak. Ditugun datuen arabera, gehien garatu zen artisautza zeramika izan zen. Zeramika-ontzi gehienak olioa edota ardoa garraiatzeko erabiltzen zituzten.
Merkataritza
Merkataritza Mediterraneo inguruan garatzeak ondorio garrantzitsuak izan zituen, besteak beste itsasontzien garapena eta txanponaren garapena ekarri zituen. Hiri bakoitzak bere txanpona zuen, eta ezagunena Atenasko drakma izan zen. Era berean, txanponen erabilera Mediterraneo inguruko herrialdeetan zabaldu zuten.