Antzinako Grezia

grezia-aurrebista.jpg

Greziaren kokapen fisikoaren eraginez, Mediterraneo itsasoaren erdian eta oso menditsua, biztanleria isolatua bizi zen eta K.a. 900 urtetik aurrera, estatu-hiri deituriko hainbat estatu txiki (polis) aske sortzen hasi ziren… Bakoitzak bere lege, aginte-modu, sistema ekonomiko eta gizarte-antolaketa zuen. Hiri nagusiak Esparta, Korinto eta Atenas izan ziren. Greziako estatu hauek K.a. 346. urtean Alexandro Handiaren mende erori ziren.

Antzinako Grezia: bilakaera historikoa

Greziaren bilakaera historikoa bereziki K.a. I. milurtekoan garatu zen, bere jatorria beste milurteko bat lehenago koka badezakegu ere, Kretan eta Mizenasen.

Kreta (K.a. 2000-K.a. 1425)

Kreta Greziaren hegoaldean dagoen uhartea da. Egiptotik zein Asiako kostaldetik hurbil dago, eta bi esparru horietatik jaso zuen eragina. K.a. II. milurtekoaren hasieran nekazaritzan eta merkataritza-harremanetan oinarrituta, Kretan lehenengo egitura politikoak sortzen hasi ziren, jauregi ederren inguruan. Kretaren eragina ekialdeko Mediterraneo inguru osoan zabaldu zen itsas merkataritzako harremanetan oinarrituz.

Mizenas (K.a. 1600-K.a. 1150)

K.A. III. milurtekoan iparraldeko herri batzuk Grezian eta Kretan sartzen joan ziren. Herri horiek jauregi handien inguruan (Mizenas, Tirinto, Pilos…) estatu berriak sortu zituzten eta Grezia osoa ez ezik Kreta ere kontrolatzen hasi ziren. Anatoliako kostaldean koloniak ere sortu zituzten.

Grezia (K.a. 1150- K.a. 145)

Historialariek Greziaren historia lau epetan banatu izan dute: Aro Iluna, Aro Arkaikoa, Aro Klasikoa eta Aro Helenistikoa.

  1. Aro Iluna (K.a 1150-K.a. VIII. m.)

Aro ilun edo ezezagun hartan buruzagi militar bakoitzak bere jauregi txikiaren inguruan bere nagusitasuna inposatu zuen. Garaiko Homeroren (K.a. IX. m) Iliadak (Troiako gerraren inguruan) eta Odiseak (gerra horretatik etxeratzean Odiseok edo Ulisesek bizi izan zituen abenturak) ondo azaltzen dituzte gizarte borrokazale haren ezaugarriak.

  1. Aro Arkaikoa (K.a. VIII. m.-K.a. 500)

Epe honetan, bi gertaera garrantzitsu aipa daitezke: polis (hiria) delakoen sorrera eta kolonizazioa.

Greziarrek oso berandura arte ez zuten estatu bateraturik sortu. Alderantziz, greziarrek beraien lurralde txikietako independentzia gogor defendatu zuten. Era berean, hirietatik jendea ateratzen hasi zen Mediterraneo inguru osoan zehar koloniak sortuz. Kolonia horiek nekazaritza eta merkataritza arloko jardueretan aritzeko Greziatik kanpo sortutako eta antolatutako hiriak edo polisak zirela esan dezakegu.

  1. Aro Klasikoa (K.a. 500-K.a. 338)

Aldi hau hartu izan da beti greziar zibilizazioaren gailurtzat. Egitura demokratikoaren eredu Atenas har dezakegu. K.a. 510. urtean Atenasek bere berezitasun nagusia izango zen erregimen demokratikoa ezarri zuen.

K.a. VI. mendean zehar, persiarren eta greziar hirien arteko borrokak ugariak ziren. K.a. 490.ean azkenean greziarrek persiarrak menderatu zituzten Atenas-etik hurbil, Maratonen. Irabazleek mezulari bat bidali zuten Atenasera berria ematera, eta mezulari horren omenez egiten dira gaur egun maratoi lasterketak. Garaipen horren ondorioz, greziarrek Mediterraneo inguruan nagusitasun osoa lortu zuten.

Gerra haietan Greziako bi hiri atera ziren bereziki garaile: Atenas eta Esparta. Bi hiri horien arteko lehia biziak gerra ere sortu zuen.

  1. Aro helenistikoa (K.a. 338-K.a. 168)

Greziaren patuak Mazedoniako erresumarenarekin bat egin zuen. Alexandro Handiaren inperio zabala izan zen garairik nagusiena.

Alexandro hil ondoren, inperioa banatzea erabaki zuten eta erresuma helenistikoak sortu ziren: Egiptokoa, Siriakoa, Mazedoniakoa eta beste batzuk. Denetan greziar kultura nagusitu zen.

K.a. 168an Grezia erromatarren eskuetara pasatu zen, ordutik aurrera Grezia Erromatar Inperioaren mende geratuz.

Utzi erantzuna