Edozein zibilizazioren garapena sistema ekonomiko sendo batean oinarritzen da, eta horrek arlo guztietan izango du eragina. Horrexegatik da hain garrantzitsua egitura ekonomiko hori ulertzea.
Nekazaritza
Nekazaritzak zailtasunak zituen eskualde horretako zati handi bat basamortua edota estepa lehorra baitzen. Euri gutxi egiten zuen; beraz, nekazaritzaren garapenerako ura falta zitzaien. Ondorioz, antzina-antzinatik Mesopotamiako biztanleek Tigris eta Eufrates ibaien ura baliatzeari ekin zioten ubideak, ezpondak, ureztatze sistemak eta abar eraikiz. Horrek antolaketa handia eskatzen zuen, eta ondorioz, botere politiko indartsu bat. Infografía sartu
Ureztatzean oinarrituta, garia, garagarra, barazkiak, frutak eta produktu ugari lortzen zituzten; lurralde horietan lortu ziren lehen aldiz, esate baterako, garagardoa eta ardoa. Horren guztiaren ondorioz, Neolito garaian sortutako iraupen-ekonomia (irauteko eta elikatzeko bakarrik iristen zitzaiena) merkatu-ekonomiak ordezkatu zuen: soberakinak hirietako merkatuetan saltzen zituzten. Ezin dugu ahaztu Mesopotamiako Babilonia, Asur edo Ninive hirietan jende asko bizi zela eta hiri horiek elikagai arloan ez zirela buruaskiak.
Lurraren jabetzari dagokionez, Hamurabiren garaian (K.a. XVIII. mendean), hiru motatako lurrak zeuden. Alde batetik estatuaren lurrak zeuden: nekazariek landutakoak eta armadako soldaduei beren mantenurako ematen zitzaizkienak; bestetik, tenpluenak, jainkoen gurtzarako eta apaizen mantenurako erabiltzen zirenak; eta azkenik, jabetza pribatukoak, nekazari aberatsek lantzen zituztenak.
Abeltzaintza
Mesopotamiako lurra idorra izanik, berez, nekazaritzarako baino askoz egokiagoa zen abeltzaintzarako. Bi abeltzaintza mota zeuden: nekazaritzaguneen inguruan garatzen zena, egonkorra, eta basamortuan eta mendietan garatzen zena, erabat ibiltaria, beti euriteen atzetik eta urte sasoiaren arabera handik hona zebilena. Gamelua etxekotu zutenetik asko hedatu zen abeltzaintza mota hori.
Artisautza
Oso goiz garatu zen. Neolito garaitik lantzen zituzten buztinezko ontziak, metalezko tresnak, bitxiak, harri landuak, etab. Hasieran, artisautzagunerik garrantzitsuenak tenpluak izan ziren, jainkoen gurtzetarako eskaintzak egiteko; geroago jauregiek hartu zuten leku hori, erregeek, funtzionarioek eta armadak zituzten beharrak asetzeko, eta, azkenean, edozein hiritan aurkitzen ziren artisau talde garrantzitsuak.
Merkataritza
Mesopotamia oso leku estrategikoan kokatuta zegoen, Mediterraneoa eta Ekialdearen artean. Mesopotamia merkataritzako harreman askoren bidegurutze bilakatu zen. Tenpluen inguruan lehenengo hiriak sortu zirenean, merkataritza-harreman horien garrantzia handitzen joan zen; hasieran, tenpluek beraien eginkizun erlijiosoetarako behar zituzten produktuak lortzeko (urrea, zilarra, bolia, intsentsua, bitxiak…); eta gero, berriz, erregearen jauregia hornitzeko.
Merkataritza-harreman horiek asko lagundu zuten idazkeraren zabalkundean, eta Anatolian bertan sortu ziren lehen txanponak ere. Gero txanponak feniziarren lurraldera eta Greziara zabaldu ziren, eta handik Mediterraneo itsasoaren inguru osora. Merkataritzako harreman horiek lehenengo “banketxeen” sorrera ere bultzatu zuten.