Antzinako Mesopotamia: gizarte-antolaketa

mespotamiako-gizartea-aurre.jpg

Mesopotamiako gizartea izan zen benetako gizarte mailaketa handia egituratu zuen lehenbizikoa. Ezaugarri nagusia ezberdintasun juridikoa zen, hau da, gizarte haietan pertsona guztiak ez ziren berdinak legearen aurrean, eta denek ez zituzten eskubide eta betebehar berberak.

Ezagutzen dugun lehen legedi orokorraren arabera (K.a. XVIII. mendeko Babiloniako Hamurabi erregeak egin zuena), gizarte osoa bi multzotan banatzen zen:

  • Egoera juridikoa zeukatenak:
    • Gizarteko goi-mailakoak, erregearen babespean zeudenak, estatuko goi-karguak, funtzionarioak, armadako buruzagiak, nobleak, etab.: awilum delakoak.
    • Herri xehea, batez ere nekazariak, artisauak, hirietako bizilagun arruntak: mushkenum deituak.
    • Esklaboak. Pertsonatzat hartzen ziren eta nortasun juridikoa zuten; eskubideak eta betebeharrak zituzten. Emakume aske batekin ezkon zitezkeen eta epailearengana jotzeko eskubidea zuten.
  • Egoera juridikorik gabekoak, legearen arabera pertsonak ez zirenak, asiru deituak, gehienetan gerrako presoak izan ohi ziren.

Emakumeen egoera

Gizarte haren funtzionamendua behar den bezala ulertzeko, beste oinarrizko bereizketa bat kontuan izan behar dugu: gizonezkoen eta emakumezkoen artean zegoen bereizketa. Lehen aipatu dugun legedi hori, bereziki, gizonezkoei zuzendua zegoen, haiek zituzten eskubideak eta betebeharrak. Emakumeek bazituzten zenbait eskubide: epaile baten aurrean agertzeko eskubidea, zenbait ogibidetan lan egin eta funtzio publikoa betetzeko eskubidea… Hala ere, beti gizonezkoaren (aita, edota senarra) mende bizi behar zuten. Adibiderik adierazgarriena ezkontzan ikus dezakegu: gizonak dibortzioa eskatzeko eskubidea zeukan; emaztea antzua bazen, senarra beste emakume batekin ezkon zitekeen edo seme-alabak emango zizkion emakume bat etxera eraman zezakeen.

Emakumearen egoeraz jabetzeko hona hemen Hamurabiren kodeko adibide bat:

Emazte batentzat bere senarra gorrotagarria gertatu eta “Ezin dut gehiago jasan” esatera iristen bada, honela jokatuko da: kasuaren aurrekariak aztertu, eta emakume zintzoa eta akatsik gabea dela frogatzen bada, senarrak emaztearengatik ordaindutakoa berreskuratu ondoren, emaztea aitaren etxera itzuli ahal izango da, arazorik gabe. Baina behar den bezalako emakumea ez dela, kalezalea baizik, eta horregatik bere etxea abandonaturik eta bere senarra umiliaturik utzi duela frogatzen bada, uretara botako da (heriotza-zigorra).

Utzi erantzuna