Aro Modernoko gizarte-antolamendua: euskal lurraldeetako erakundeak

Erakundeei dagokionez, euskal lurraldeetan hiru antolamendu modu zeudela esan dezakegu.

  • Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusiak
  • Nafarroako bi errealitateetako Gorteak
  • Lapurdi eta Zuberoako biltzarrak

Aipatzekoa da Hego Euskal Herriko erakundeak espainiar monarkiaren barruan aski sendoak izan ziren bitartean, Ipar Euskal Herriko erakundeak Frantziaren barruan askoz ahulagoak izan zirela; Frantziako erregearen ordezkariek botere handia zuten. Hegoaldeko foruak ere iparraldekoak baino askoz abantaila handiagoak zituzten.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Batzar Nagusiak zeuden Batzar Nagusi hauek lurraldeko legebiltzar modukoak ziren.

  • Maiztasuna: Bizkaiko Batzar Nagusiak bi urtetik behin elkartzen ziren. Gipuzkoakoak urtean bitan, txandaka probintziako hainbat herritan. Arabako Batzar Nagusiak urtean birritan, behin Gasteizen eta beste behin Arabako beste kuadrillaburu edo eskualdebururen batean, txandaka. Hori ohiko bilkurei dagokionez: gerra-garaian edo bestelako larrialdietan ezohiko bilkura gehiago egiten ziren hiru herrialdeetan.
  • Partaideak: Batzar Nagusiek bi talde elkartzen zituzten: Alde batetik erregearen ordezkaria egoten zen, Bizkaian eta Gipuzkoan korrejidore izena zuena eta Araban Diputatu Nagusia zena. Bestetik, herrietako ordezkariak zeuden. Batzar Nagusietan ordezkari izateko ondasun-baldintza batzuk bete beharra zegoen.
  • Funtzioa. Batzar Nagusiek arlo askotako eskumenak zituzten: exekutiboak, judizialak eta hein batean legegileak. Berez, Batzar Nagusiek onartutako arauak lege bihurtzeko erregeak berretsi behar zituen, baina lege-proposamena egiteko eskumena zuten. Erregeak onetsitako euskal herrialdeetako legeei foruak deitu ohi zitzaien.

Batzar Nagusiak bilduta ez zeuden bitartean, haien ordezko organo bat jartzen zen martxan: Foru Aldundia edo Diputazioa. Batzar Nagusiak herrialdeetako legebiltzar modukoak ziren; eta Foru Aldundiak herrialdeko gobernu modukoak.

Gaztelako koroak Nafarroa konkistatu ondoren, Nafarroa eta Nafarroa Beherea bereizi egin ziren eta bi errealitate sortu ziren: alde batetik Nafarroako berezko erregeak Nafarroa Beherean jarraitu zuten eta Nafarroa Garaian izenez erresuma izaten jarraitu zuen, baina Espainiako koroari atxikitako erresuma gisa.

Nafarroa garaiak, Gorteak (lege-biltzarra) izaten jarraitu zuen.
* Partaideak: Gortea beste lurraldeetan ez bezala, erakunde estamentala zen. Hiru adar zituen: nobleen adarra, kleroaren adarra eta herrien adarra. Erabakiak hartzeko hiru adarrak ados jarri beharra zuten. Gorteetan Espainiako erregearen ordezkariak, erregeordeak ere parte hartzen zuen
* Maiztasuna: Bizpahiru urtetik behin elkartu ohi ziren, edo sarriago, egoerak eskatzen bazuen. Iruñean edo merindadeen hiriburuetan (eskualdeburuetan) elkartu ohi ziren. .
* Funtzioak: Nafarroak foruak zituen, hau da, oinarrizko arau idatziak. Hartutako erabakiek erregearen onespena behar izaten zuten. Gorteak elkartzen ez ziren garaian Nafarroan ere Diputazio bat jartzen zen martxan gobernu antzean funtziona zezan.

Nafarroa Beherean ere Gorteak zeuden.
* Partaideak: Gorteak izaera estamentala zuten. Nafarroa Behereko erregearen ordezkariak, baile izenekoak, gorteak hartzen zituen erabakietan eragin handia zuen.
* Maiztasuna: Nafarroa Behereko Gorteak lehenengoz 1523an bildu ziren. 1620an eta ez zuten biltzeko epe jakinik.
* Funtzioa: Frantziako koroak bereganatu egin zuen Nafarroako erresuma, eta, handik aurrera, Frantziako erregea izan zen Nafarroako erregea. Foruek eta berezko erakundeek lehenean iraun zuten hasieran, baina Paristik eskumen horiek murriztu zituzten.

Lapurdin XVI. mendean herrietako ordezkariak biltzeko parlamentu moduko bat, Lapurdiko edo Uztaritzeko Biltzarra sortu zen.
* Partaideak: Lapurdiko Biltzarra ere ez zen estamentala. Erregeak Lapurdin zuen ordezkariari bailea deitzen zitzaion eta eragin handia zuen biltzarrean.
* Maiztasuna: Epe jakinik gabe biltzen ziren.
* Funtzioa: Eskumenak, hgoaldeko erakundeenak baino apalagoak ziren. Funtsean, udalerrien arteko politika koordinatzen zuen.

Zuberoan bi biltzar zeuden. Ordako Gortea eta Silbiet herritarren biltzarra. Bi erakunde horiek elkarrekin koordinatu beharra bazuten ere, Ordako Gorteek garrantzia handiagoa zuten.
Ordako Gortea erakunde estamentala zegoen, epe jakinik gabe elkartzen zena eta nobleak eta kleroa biltzen zituena.
Silbiet herritarren biltzarra, Iribarneko basoan biltzen zen.
Zuberoan, Frantziako erregearen ordezkaria Mauleko gazteluko kapitaina zen eta erabaki ahalmen handia zuen.

Utzi erantzuna