Arroken zikloa ziklo zabalago baten zati da, hain zuzen, lurrazal osoaren zikloaren edo ziklo geologikoaren zati da. Ziklo horrek denboran zehar lurrazalean gertatutako suntsitze- eta eraikitze-eraldaketak biltzen ditu.
Lurrari eragiten dion energiaren ondorioz gertatzen dira aldaketak lurrazalean. Bi energia mota bereizten dira: barnekoa (Lurraren barneko energia) eta kanpokoa (Eguzkiaren energia, azken finean, gainerako kanpoko energiak energia horretatik baitatoz).
Eguzkiaren energiak kanpo-eragileak sortzen ditu (ura, izotza, eragile atmosferikoak, izaki bizidunak…), eta eragile horiek erliebea suntsitzen dute, kanpo-prozesu geologikoen bidez: meteorizazioa, higadura, garraioa eta sedimentazioa.
Bestalde, Lurraren barneko energiak barne-eragileak sortzen ditu (nagusiki, lur barneko presioa eta tenperatura). Hala, barne-prozesu geologikoen bidez, erliebea eraldatzen da: arrokak (litogenesia), mendiak (orogenia), sumendiak, lurrikarak…
Arrokak hiru talde nagusitan banatu ohi dira (igneoak, sedimentarioak eta metamorfikoak), baina ezin dugu ahaztu hiru arroka mota horiek lotura estua dutela.
1. Arroka igneok (Aiako Harria)
2. Arroka metamorfikoak (Pirinioak)
3. Arroka sedimentarioak (Zumaiako flyscha)
Esaterako, gaur egun igneoa den arroka bat, denborarekin, arroka sedimentario bihur daiteke. Higaduraren ondorioz, arroka horretatik askatutako zatitxoak sedimentatzen joaten dira, eta, denboraren poderioz, sedimentu horiek arroka bihurtzen dira.
Aldiz, arroka sedimentario batzuk arroka metamorfiko bihur daitezke tenperatura edo presio handien eraginez. Arroka metamorfikoak, berriz, kanpoko eragileen mende badaude, higatu egin daitezke, eta, denborarekin, arroka sedimentario bilakatu. Bestalde, edozein motatako arroka galdatu daiteke lurrazaleko sakonerara itzultzen denean. Arroka horien fusiotik sortzen da magma, eta magma hori bera da arroka igneoen sorburua.
Beraz, urte askoren buruan, lurrazaleko arrokek ziklo geologikoa osatu dute, etengabe higatuz, deseginez, pilatuz, sedimentatuz, arroka bihurtuz, galdatuz, berriro arroka bihurtuz… Bitarte horretan, arrokak baliabide ezin hobea izan dira gizakiontzat: eraikinak, ehizarako tresnak, apaingarriak, eskulturak, errota-harriak, dikeak eta beste hamaika gauza egiteko erabili izan dira.