Nekazaritza eta abeltzaintza Euskal Herrian

Nafarroa Behereko eta Zuberoako ekonomian dute eragin handiena nekazaritzak eta abeltzaintzak. Isurialde kantauriar eta mediterraneoan aritzeko moduak desberdinak dira.

Isurialde kantauriarrean (Araba iparraldea, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa iparraldea, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa), abeltzaintza garrantzitsuagoa da nekazaritza baino. Baserriak hegoaldean, hau da, isurialde mediterraneoan, baino txikiagoak izaten dira, eta batez ere behiak eta ardiak hazten dituzte, esnea eta okela ekoizteko. Larrez inguratuta daude, eta, tarteka, ganaduarentzako bazka produzitzeko soroak ere gertu izaten dituzte. Orografiaren ondorioz, hegoaldea baino gutxiago mekanizatutako eremua da isurialde kantauriarra.

Isurialde mediterraneoan, hau da, Arabako eta Nafarroako erdialdean eta hegoaldean, nekazaritzak garrantzi handiagoa du abeltzaintzak baino. Batez ere zerealak, mahastiak eta baratzeak lantzen dituzte. Ganaduari dagokionez, Araban hegazti-hazkuntza da nagusi; Nafarroan, berriz, zerri-hazkuntza.

Bizidun kontzeptua: bizi-funtzioak

Ez da gauza erraza bizitza zer den definitzea, nahiz eta, honezkero denok jakin, gutxi gorabehera, zer den bizidun bat. Beraz, bizitza bera definitzen saiatu beharrean, bizitzak bereak dituen funtzioak aztertuko ditugu.

Bizidun batek hiru bizi-funtzio nagusi izaten ditu; nutrizioa, erlazioa eta ugalketa. Bizitzaren unitate funtzionala deitzen zaio bizidunak hiru funtzio horiek egiteari; hau da, hiru bizi-funtzio horiek betetzeko gai izateari. Bizidunen hiru bizi-funtzio nagusi horiei buruz honako hau esan genezake.

1. Nutrizioa. Bizidunak kanpotik substantziak (solidoak, likidoak edota gaseosoak) hartu, bere barnean behar bezala eraldatu eta eraldaketa horietan sortutako beste zenbait substantzia (hondakinak) kanporatu egiten ditu. Izan ere, bizidunek zelulak elikatu behar dituzte bizitzeko, baina eskuratutako elikagaiek aldaketa batzuk jasan behar izaten dituzte horretarako, zelularentzat aprobetxagarri izan daitezen nutriente edo mantenugaia bilakatzeko. Aldaketa horiei esker lortzen dituzte bizidunek beren prozesuak (behar bezala funtzionatzeko, hazteko, mugitzeko, gorputzeko tenperaturari eusteko…) ahalbidetzeko beharrezko energia eta baita beraien eraketa eta osagaiak mantentzeko materiak ere.

Hala ere, materia organiko hori lortzeko bi modu daude: ekoiztea edo kanpotik hartzea. Beraz, bi motatako izakiak bereizten dira: autotrofoak eta heterotrofoak.

·      Bizidun autotrofoa bere elikagaiak ekoizteko gai den izakia da, hau da, materia organikoa ekoizteko gai den organismoa; adibidez, algak, landareak eta hainbat bakterio.

·      Bizidun heterotrofoa bere elikagaia osatzeko gai ez den organismoa da; alegia, berak bere mantenugaiak sortzeko gaitasunik ez duenez, izaki autotrofoetatik hartzen duena. Izan ere, bizidun heterotrofoek ezin dute, beren kabuz, elikagairik sortu, hau da, molekula organikorik ekoitzi. Horrelakoek janarietatik lortzen dituzte behar dituzten nutrienteak (karbohidratoak, koipeak, proteinak, bitaminak, ura eta gatz mineralak). Izaki heterotrofoek hartzen duten janaria ez dago prest bizidunaren zelulak zuzen-zuzenean elikatzeko. Digestio-prozesua behar dute janari horiek zelulentzat elikagai egoki bihurtzeko.

Nutrizioak betetzen dituen funtzioak, zehaztuta, beraz, honako hauek dira:

·      Energetikoa. Gorputzaren funtzio guztiak egiteko behar den energia nahikoa lortzea.

·      Plastikoa. Gure organismoaren egiturak eratzea eta mantentzea (gorputzeko zelulak berritzea).

·      Erregulatzailea. Prozesu metabolikoak erraztea.

2. Ugalketa. Honen bidez izaki bizidunek haien antzeko ondorengoak sortzen dituzte, eta horrela, espezie horrek bizirik iraungo duela ziurtatzen du.

Izaki zelulabakar batzuek ugalketa sexualaren bidez ugaltzeko ahalmena eduki arren, gehienek ugalketa sexugabea dute; hau da, zelula bakar batek parte hartzen du ugalketan, eta zatiketa berezi baten bidez, zelula amaren berdin-berdinak izango diren beste bi zelula edo gehiagotan zatitzen da. Izaki zelulabakarrek ugalketa sexugabea egiteko modu desberdinak daude: erdibitzea, gemazioa eta esporulazioa. Kasu horietan guztietan, ama deitzen den horretatik sortzen diren zelula alabek amak zuen material genetiko berbera izaten dute, eta, horregatik, ingurumeneko aldaketetara egokitzea zailagoa izan dakieke.

Hainbat landarek sexugabeko ugalketa izan dezakete, eta izaki zelulabakarrek bezalatsu, landareen zatietatik sortzen dituzte izaki berriak; herrestadarren bidez landare berriak sortuz, landareen adaxkek sustrai berriak eman eta landare berriak sortuz… Landareek ugaltzeko dituzten era horiei guztiei, hazirik eta sexurik gabe gertatzen direnei, ugalketa begetatiboa deitzen zaie.

Ugalketa sexualaren kasuan, arra eta emea elkartu ondoren, gurasoen ezaugarriak dituzten ondorengoak jaioko dira. Ugalketa mota honetan energia gehiago kontsumitzen da, gurasoak elkartu eta zelula sexualak sortu behar dituzte eta. Baina, ondorengoak ez direnez gurasoen berdin-berdinak, ingurunean gertatzen diren aldaketetara hobeto moldatzen dira.

3. Erlazioa. Bizidun oro inguruarekin erlazionatzen dira: inguruko estimuluak jaso, mugitu, inguruko eraginei erantzuna eman… Beraz, zelulek inguruko aldaketa bati erantzuteko ahalmena izaten dute. Estimuluak fisikoak (tenperatuta edo argi-aldaketak…) edo kimikoak (inguruko gatz kantitatea, substantzia kimikoen presentzia…) izan daitezke. Zelulek era askotako erantzunak eman ditzakete estimulu horiek jasotzean, hala nola, erreakzio kimiko batzuk edo ingurtik babesteko estalki erresistenteak eratzea, baina arruntena higidura da; hau da, janaria lortzeko, arriskutik ihes egiteko… mugitzea.

Animaliok erlazionatzeko hainbat bide ditugu, esate baterako, gizakiok egunero hautematen ditugun milaka estimuluk (argia, beroa, hotza, arriskua, zarata…) bultzatzen gaituzte modu batera edo bestera jokatzea horien aurrean. Erlazio-funtzioari esker, informazio hautematen dugu, bai gorputzaren barrukoa, bai kanpokoa; eta datu horiek aztertuta, erantzun egokia pentsatzen dugu.

Muturreko klimetan bizi diren animaliak

Tenperatura da bizitza baldintzatzen duen eragile fisiko nagusietako bat eta horren mende dago espezie askoren banaketa geografikoa, ugalketa… Muturreko tenperaturetan animalia asko hil egiten dira, baina eboluzioari esker, zenbait animaliak tenperatura horiek jasateko forma edo mekanismo bereziak garatu dituzte. Baina, zertaz ari gara muturreko tenperaturez ari garenean?

Lehorreko ekosistemetan gertatzen diren tenperatura-aldaketak handiagoak izaten dira uretako ekosistemetakoak baino (gogoratu Biologia-Geologia DBH 3. mailan uraren funtzio erregulatzailea landu zenuela). Horregatik, lehorrean ematen dira muturreko tenperatura bai beroenak, eta, baita hotzenak ere. Lehorreko animalien kasuan 50-52 °C ingurukoa da bizirik irauteko tenperaturarik altuena, nahiz eta animalia asko tenperatura baxuagoetan jadanik hil. Uretako ekosistemetan aldiz, gutxitan izaten dira 30 °C-tik gorako tenperaturak, eta, hotzaren kasuan, uraren izozte puntutik behera, muturreko tenperaturatzat har daiteke. Ikus dezagun muturreko tenperatura horietan bizi diren zenbait animalia nola moldatzen diren.

Zilar inurria (Cataglyphis bombycina)

Saharako basamortuko zilar inurria (Cataglyphis bombycina) da ezagutzen den hiltze-tenperaturarik altuena duen animalia. Basamortu honetan 60 ºC-ko tenperatura egin dezake, hala, janari bila dabilela, 54 °C-tik hurbil egon daiteke, baina oso denbora-tarte labur batez.

Basamortuko harea beroaren gainean azkar desplazatzen dira, eta hankak, beste inurri batzuenak baino luzeagoak dira, gorputza lur berotik urrun mantentzeko. Intsektuak direnez, sei hanka dituzte, baina, aurreko biak altxata eramaten dituzte, lurreko berotik ihes egiteko. Basamortuko beste animalia gehienak ez bezala, bero handia egiten duenean zuloetatik irteten dira, eta denbora-tarte labur batez (10 minutu inguru) beroak hildako beste intsektu batzuk jaten dituzte. Inurri hauen gorputzeko zilar kolorea, beroarekiko adaptazioa da, eguzki-izpiak islatzen baitituzte, bero kantitate gutxiago xurgatuz.

Egur igela (Lithobates sylvaticus)

Ornodunen artean, tenperaturarik baxuena jasan dezakeen espeziea da, –18 ºC-tan gorputza izoztuz bizirik irautea lortzen baitu. Horretarako, zeluletan glukosa maila igo egiten dute, beste igel espezie batzuekin konparatuz, ehunetan glukosa maila hamar aldiz handiagoa dute. Gorputzaren eta organoen erdia baino gehiago izoztu egiten zaio, baina glukosak izotzaren aurkako efektua duenez, gorputzeko fluidoak likido egoeran jarraitzen dute. Tenperatura igotzean, gorputza izoztetik ateratzen da, bihotzetik hasita, odolaren zirkulazioa aktibatuz.

Ipar Amerikako kakalardo gorria (Cucujus clavipes puniceus)

Alaskan eta Kanadan bizi den kakalardo hau –58 ºC-tan bizi daiteke eta larbek askoz tenperatura baxuagoetan ere irautea lortzen dute.

Horretarako, izotz-kontrako proteinak eta glizerola metatzen dituzte ehunetan. Glizerola ugaria da landare-koipeetan eta animalia-gantzetan. Alkohol honi esker, animalia hauek deshidratatu egiten dira, izoztea zailduz; deshidratazioak izotz-kontrako proteinen kontzentrazioa igotzen duelako eta uraren kantitatea murriztu.

Ponpeiako zizarea (Alvinella pompejana)

1980. urtean aurkitutako poliketo hauek (gehienbat itsasoan bizi diren anelidoak), Ozeano Pazifikoan sakonera handiko iturri termaletan bizi dira. Ikertzaileen ustez, 80 ºC-ko tenperatura jasan dezakete. Mutualismoan oinarritutako erlazioa mantentzen dute bakterio batekin: zizareak jariatzen duen mukia, bakterioentzat elikagai da eta, aldiberean; bakterioek muturreko tenperaturatik isolatzen dute.

Tardigradoak

Izaki igerilariak eta mikroskopikoak dira (0,1-1,5 mm), gorputza segmentuz osatuta daukate eta 8 hanka dituzte. Munduko ia edozein lekutan bizi diren arren (tropikoetatik hasita, itsaso sakon, lurmutur edo Himalaiako tontorretaraino), tardigrado gehientsuenak landareen gainean sortzen den ur-geruzan bizi dira. Esan bezala, ia edonon bizi daitezke, extremofiloak baitira: presio ikaragarria jasan dezakete, tenperatura ikaragarrietan bizi (–200 ºC-tik 150 ºC-ra), erradiazio izugarriak pairatu, eta deshidratazioa ere gaindi dezakete (10 urte egon daitezke deshidratatuta, ezer jan barik, eta gero berpiztu). Kanpo espazioan ere bizirik iraun dezakete, eta ez da beste animaliarik ezagutzen kanpo espazioko baldintzak jasateko gai denik.

 

Crysomallon squamiferum barraskiloa

2001. urtean deskubritu zuten molusku hau Ozeano Indikoko iturri termaletan. Oskolaren kanpoko geruza burdin sulfuroz egina dago eta tenperatura altuen aurrean babes ikaragarria ematen dio. Pirita moduko burdin sulfuroak hezurduran edo eskeletoan barneratzeko gai den animalia bakarra da baita. Ikertzaileak hala nola, aeronautikan, eraikuntzan, armagintzan… eduki ditzakeen aplikazioak aztertzen ari dira.

Piramide ekologikoak

Ekosistema bateko organismoen artean dauden erlazio trofikoak edo elikadura-erlazioak adierazteko erabiltzen diren grafikoak dira. Kate trofikoak eta sare trofikoak baino zehatzagoak dira, piramide hauek era kuantitatiboan egiten direlako; hau da, elika sareetan dauden bizidunen kopurua, osatzen duten biomasaren balioa edo metatutako energia zenbakiz adierazten dira.

Piramidearen oinarrian ekoizleak daude (kimiosintesiaren edo fotosintesiaren bidez materia organikoa sortzen dutenak) eta horien gainean kontsumitzaileak, beren mailaren arabera: 1. mailako kontsumitzaileak (K1), 2. mailakoak (K2) eta 3. mailakoak (K3).

Piramideak egiteko orduan, aldagai desberdinak erabil daitezke eta horren arabera hainbat piramide ekologiko osatzen dira: banako-piramideak, energia-piramideak eta biomasa-piramideak.

Ekosistema bateko ekoizleen eta kontsumitzaileen kopuruak adierazten dira. Grafikoak piramide baten itxura izaten du, oro har; ekosisteman maila batetik bestera bizidun kopurua gero eta txikiagoa izan ohi baita. Hala eta guztiz, ez da beti horrela gertatzen. Baso bateko zuhaitz bakar batean, esaterako, intsektu ugari bizi dira, eta piramide horren oinarria oso txikia izanik ere, bizidun kopuru handia izan dezake gaineko mailetan eta beraz piramideak alderantzizko forma izan dezake.

Horregatik, piramide hauek ematen duten informazioa, batzuetan ez da oso baliagarria, eta, ondorioz, gutxitan erabiltzen dira. Izan ere, gertatzen da baso batean zuhaitz gutxi egotea, baina haiek biomasa eta energia asko izatea. Kontuan hartu behar baita, piramide hauetan adibidez, tamaina handiko basurde batek intsektu txiki baten balio berdina duela; edo uretako ekosistema batean, mikroskopikoa den alga batek eta arrain handi batek.

Maila trofiko bakoitzean metatzen den energia kantitatea adierazten du. Hauek beti izaten dira oinarrian zabalagoak, maila trofikoetan zenbat eta gorago egin, orduan eta energia kantitate txikiagoa izaten baita. Eredu grafiko hauen bidez, Eguzkiko energia ekosistema batean nola transferitzen den azter daiteke. Batez beste, maila trofiko batetik ondorengora pasatzen den energia % 10 besterik ez da izaten, arnasketa zelularreko prozesuetan eta hondakin biologikoetan energia asko galtzen baita. Piramide hauek ulertzeko, Fisika-Kimikan ikasitako energiaren ezaugarriak (transferentzia, transformazioa, degradazioa…) kontutan hartu behar dira.

Piramide mota hau, ekosistema baten egoera zein den ebaluatzeko tresna baliagarria da, eta bertako espezien etorkizuna aurreikusteko aukera ematen du. Arrantza edo ehizaren kasuan adibidez, espezieen kontrolerako oso tresna aproposa da.

Maila trofiko bakoitzean azaltzen den materia kantitatea adierazten da. Gehienetan, piramide horiek forma normala izaten dute, piramidearena, alegia. Ekoizleen kopuruaren eta tamainaren arabera, zabalagoa edo estuagoa izango da. Beste batzuetan, ordea, alderantzizko piramidea ere izan daiteke. Horrelakoak uretako ekosistemetan topa ditzakegu. Fitoplanktonaren kasuan adibidez, biomasa gutxi dutenez eta beraien ugalketa tasa handia denez, bera janez elikatzen den zooplanktonaren masa handiagoa izan daiteke, oinarria baino zabalagoa den maila sortuz. Eta, beste zenbaiteten, urtaro edo sasoiaren arabera izan daitezke oinarri txikikoak. Uretako zenbait ekosistematan, esaterako, kontsumitzaile primarioen biomasa ekoizleena baino handiago izan daiteke, adibidez, ugaltze-garaian.

Energia piramideak bezala, ekosistema baten egoera zein den ebaluatzeko tresna baliagarriak dira, eta bertako espezien etorkizuna aurreikusteko aukera ematen dute. Horrez gain, bioakumulazioa nola gertatzen den azaltzeko ere balio dute, eta osasunarekin erlazionatutako erabakiak hartzen lagundu dezakete, kontsumorako arrainen arrantzan adibidez.

Lurzorua suntsitzea

Lurzorua funtsezko baliabide da ekosistema lehortarrentzat, eta bertan ematen diren hainbat prozesurentzat, hala nola, ziklo biogeokimikoentzat, edota, nekazaritza eta abeltzaintza garatu ahal izateko.

  • Mineralak, ura, materia organikoa eta zenbait gai kimiko ditu, eta horien transformazio prozesuetan parte hartzen du.
  • Lurzoruak karbono dioxidoa, metanoa eta beste gas batzuk askatzen ditu atmosferara, eta lurpeko urak, ur edangarrien erreserba nagusia, lurzorua zeharkatzean iragazten dira.
  • Gainera, batik bat materia organikoari esker, hainbat gai metatzeko eta moteltzeko gaitasun handia du, hala nola, ura, gasak eta poluitzaileak. Lurzorurik gabe, poluitzaileak hedatzeko arriskua legoke, eta errazago helduko lirateke gizakiarengana.

Bestetik, bizidun ugariren habitata da. Bertan bizi den organismo-barietatea izugarria da: egoera onean dagoen lurzoru gramo batek 15.000-20.000 espezietako 600 milioi bakterio izan ditzake. Zizareek, barraskiloek eta artropodoek materia organikoa deskonposatzen dute, eta bakterioek, onddoek, protozooek eta beste hainbat organismo txikik lurzorua emankorra izan dadin ezinbestekoak diren prozesuak egiten dituzte. Lursail baten biodibertsitatea lurzoru horren egoeraren adierazle da.

Halaber, gizakiak elikatzeko behar dituen janariak eskuratzeko, lurzorua behar du, zuzen-zuzenean. Landare guztiek, laboreak, larrekoak edo basokoak izan, lurzorutik jasotzen dituzte ura eta elikagaiak, eta bertan hazten dira; hau da, euskarri-lana ere egiten du lurzoruak. Gizakiak betidanik atera dio probetxua natur baliabide horri, ez bakarrik janariak lortzeko, baita zohikatza, harea, buztina eta beste lehengai batzuk erauzteko ere. Gainontzeko giza jardueratarako euskarria ere bada eta baita paisaiaren eta kultur ondarearen parte ere.

Lurzoru heldua (hiru geruza edo horizonte dituen lurzorua) eratzea, apurka-apurkako prozesua da, aldiz, lurzoruaren geruzak galtzea, eta ondorioz, kalitatea, oso azkar gerta daiteke.

Kalitate galtzea eragin dezaketen hainbat faktore daude, hala nola industria-isurketen ondoriozko kutsadura edota nekazaritzarako pestiziden eta ongarrien edo hiri-hondakin toxikoen ondorioz sortutakoa. Laborantzak gehiegi ustiatzeak, halaber, lurzoruaren emankortasuna gutxitzen du. Gehiegizko artzaintza eta baso-soiltzeak, aldiz, lurzoruaren higadura areagotzen du, eta ondorioz, lurzoruaren geruzak galtzen dira.

Lurzorua babesteko egin daitezkeen ekintzen artean aipa daitezke: mozketarik eta baso-soiltzerik ez egitea, uztondorik ez erretzea, lurzorua kutsatzen duen produktu kimikoak ez erabiltzea, laborantza-teknika egokiak erabiltzea eta artzaintza erabilera orekatua mantentzea, lurzoruak berreskutatu eta ongarriztatzea galdutako elikagaiak berreskuratzeko…

Gizarte-elkartasunik gabeko garapena

Gure gizarteko garapen-eredu nagusiaren arabera, kontsumoa zenbat eta handiagoa izan, bizi-kalitatea orduan eta hobea da. Baina, eredu horrek arriskuan jartzen du planetako ondare naturala hurrengo belaunaldientzat, eta kalte nabarmena egiten die herrialde pobretuei.

Izan ere, eredu horrek herrialde pobretuetan baliabide natural asko ateratzea sustatzen du, baina tokiko komunitateek hortik hobaririk lortu gabe. Eragin nabarmenak ditu herrialde pobretuen ekonomian eta politikan; horrela, herrialdeok zailtasunak dituzte herritarren oinarrizko beharrak asetzeko; esate baterako, elikadura, ura, osasun-laguntza, hezkuntza… Horren ondorioz, herrialde aberastuekiko aldea gero eta handiagoa da. Pentsa, gaur egun, munduko populazio osoaren % 20k baliabide guztien % 80 kontsumitzen du, eta populazioaren % 80k gainerako % 20a baino ezin du erabili. Gainera, herrialde pobretu horietako batzuk guk sortutako hondakin teknologikoen zabortegitzat erabiltzen ditugu herrialde aberatsok, herrialde pobreotan ez baitago ingurumen eta osasun araudi zorrotzik.

Baina zer egin? zuzentasunean oinarritutako harremanak bultzatu beharko genituzke, mugak zabaldu; migrazioak kontrolatu, arriskutsua izan beharrean kidetasun eta berdintasun bermea izateko, nazioen arteko erlazioak bultzatu… Horretaz gain, kontzientzia ekologikoa ere garatu, erakutsi eta bultzatu behar dugu. Gure planetarekiko eta bizidun guztienganako errespetuzko eta maitasunezko kultura unibertsala izan behar dugu helburu.

Espezieak desagertzea

Eboluzio-prozesuari loturiko desagertzea (DBH 4.1. unitatean ikasitakoa) albo batera utzita, giza jarduerek ere hainbat espezie desagertzea eragin dute eta eragiten ari dira gure planetan.

Espezieen iraungitze hori ekintza eta faktore hauek eragiten dute:

  • Baliabideak gehiegi ustiatzea, esate baterako, neurririk gabeko arrantza eta ehiza, baso-soiltzea, abeltzaintza intentsiboa…
  • Ekosistemak suntsitzea eta aldatzea, zenbait faktoreren eraginez, hala nola kutsadura eta klima aldaketa, basoko suteak, azpiegiturak (garraioa, herri-lanak…).
  • Bertako espezieak ordezkatzen dituzten kanpoko espezieak sartzea.
  • Espezieen salerosketa.

Diotenez, espezieak desagertzea guztiz arrunta da lurreko bizitzaren bilakaeran; baina, zoritxarrez, gizakiok suntsitzeko dugun gaitasunaren ondorioz, desagerpen-prozesu hori lastertu da. Esaterako, Historiaurreko gizakiak garai hartako Ipar Amerikako mamifero espezie handienen desagertzea eragin omen zuen. Beraz, animalia eta landareen desagerpena betidanik gertatu dela esan dezakegu; nolanahi ere, gaur egun, arazo larri bilakatu da. Gizakiak erredun gara, zuzenean nahiz zeharka. Ingurunea epe laburrean guztiz eraldatzeko gaitasuna dugu eta horrek biodibertsitatea suntsitzen du.

Beraz, giza jarduerek etengabe sortzen dituzte kalteak biosferan, eta bizidun ugariren suntsitzea eta dsagerpena eragiten dute. Gaur egun, 16.300 espezie baino gehiago galzorian daude. Bestalde, International Union for Conservation of Nature (IUCN) erakundearen arabera, lau ugaztunetatik bat, zortzi hegaztietatik bat, anfibioen heren bat eta katalogatutako landare espezieen % 70 desagertzeko arriskuan daude. 785 espezie desagertu dira jada ezagutzen ditugunen artean, eta beste 65 espezie ere beren habitatetatik desagertu dira eta zoo edota laborantza guneetan baino ezin dira aurkitu. Munduan ia ez dago gizakiaren eraginik jasan ez duen tokirik; gauzak horrela, bai animalia basatiek, bai landare orok, gizakiak eragindako txikizioaren aurka borrokan dihardute; goriletatik hasi eta Australiako kanguru edota itsas zabaleko baleetaraino, lurreko edozein tokitan animalia eta landareen biziraupena kolokan dago. Bestalde, klima aldaketak ere ez du batere lagunduko buruhauste honetan; are gehiago, arazoa larriagotu dezake.

Espezie inbaditzaileak dira biodibertsitatearen aurkako mehatxu larrienetakoak; horren eraginez, habitatak eta espezieak pixkanaka galtzen dira, populazio autoktonoen gaitasun ezagatik eta desplazamenduarengatik.

Honako grafiko honetan ikus daiteke espezie exotiko inbaditzailearen zerrenda.

Hori gutxi balitz, bizkor zabaldu den beste eragileetako bat espezieen salerosketa da: armen eta drogen salerosketaren ondoren, hirugarren postuan dago. Faunari dagokionez, 10.000 milioi dolar mugitzen ditu negozio horrek urtero, eta florak, aldiz, 7.000 milioi baino gehiago. Zifra horiei salerosketa klandestinoetatik lortzen diren etekinak erantsi beharko dizkiegu. Adibidez, urtero 600 eta 900 tona marfil kontsumitzen da eta, horretarako, 150.000 elefante letagin behar dira. Atera kontuak!

IUCNren zerrenda gorrian, katalogatuta dauden espezieak baino ez dira azaltzen; eta, zientzialarien arabera, ezagutzen ditugun espezieen kopurua urria da oraindik. Gainera, zerrenda horrek beste datu bat uzten du agerian: gaur arte egin diren ahalegin nagusiak ez direla guztiz eraginkorrak izan.

Ur-ipurtatsa (Mustela lutreola)

Nafarroan kaltebera moduan eta, EAEn galtzeko arriskuan katalogatuta dago espezie hau.

Beraz, arazoa tragedia bihur ez dadin, eta zerrenda gorriaren laguntzaz, arriskuan dauden espezieentzat neurri zehatzak hartu behar dira, bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuz. Galtzeko arriskuan dagoen animalia eta landare klase bakoitza babestu beharko genuke, betiere, ahal den neurrian, beren habitatean mantenduz, eta, horrela, tokian tokiko biodibertsitatearen bizirautea ahalbidetuz. Gure esku dago animalia eta landareen biziraupena; baita gurea ere.

Ekosistemen kalitatea galtzea

Ekosistema baten kalitatea gutxitu egiten da, ematen dizkigun baliabideak eta zerbitzuak murrizten edo ezabatzen direnean. Honela laburbildu daitezke baliabide eta zerbitzu horiek:

  • Hainbat gaitaz hornitzen gaituzte: janariak, ura, energia…
  • Planetaren funtzionamendua erregulatzen dute: klima, uholdeak, gaixotasunen transmisioa, ziklo biogeokimikoak, lurzoruaren eraketa…
  • Kultura-zerbitzuak, bizipen estetikoak eta aisialdikoak eskaintzen dizkigute.

Gaur egun, ekosistemak ustiatzeko eta kudeatzeko moduaren ondorioz, ekosistemek eskainitako baliabideen eta zerbitzuen erdia baino gehiago degradatzen ari direla esan daiteke.

Ekosistemak galtzea: ozeanoak

Gaur egun, munduko arazo orokorretako bat da ekosistemak suntsitzen ari direla: basoak hondatzen ari direla mota guztietako azpiegiturak (etxebizitzak, errepideak, industriarako lurrak…) eta bestelako ekintzak egiteko (nekazaritza…); kostaldeko ekosistemen suntsitzen ari dira (dunak, estuarioak…); eta ozeanoen eta itsasoen etengabeko kutsadura prozesua areagotzen ari da.

Guztiak oso kezkagarriak dira, bereziki, ozeanoen egoera, itsasoaren eta biziaren arteko harremana funtsezkoa baita. Ozeanorik gabe, gure planeta materia hila litzateke. Ozeanoek biosferaren % 70 baino gehiago hartzen dute, gure baliabide naturalen % 70 baino gehiago itsasoetan daude eta populazioaren bi heren kostaldetik gertu bizi dira.

Herrialde askok itsasoarekiko mendekotasuna dute, arrantzatik, itsas merkataritzatik edo turismotik bizi direlako, neurri handi batean. Gainera, ozeanoek atmosferarekin batera klima erregulatzen dute eta oreka galaraz dezaketen aldaketak (naturalak eta gizakiak eragindakoak) arintzen laguntzen dute.

Badirudi ozeanoak beti berdin irauten duten piztia erraldoien modukoak direla, aldaezinak. Baina, astiro bada ere, erabilera desegokiaren eta gehiegizkoaren lehenengo ondorioak antzematen hasi dira, eta ozeanoetako hainbat lekutan egiten ari diren azterketen emaitzak ez dira batere lasaigarriak.

Seinale edo sintoma aipagarrienak hauek dira: kutsadura areagotzea, lehen ugariak ziren hainbat arrain-sarda urritzea, itsas azaleko tenperaturaren igoera, ekaitzak ugaritzea… Eta giza jarduera kaltegarriek eragin dituzte gehienetan horiek.

Izan ere, ozeanoak diru-iturriak dira, etekin handiak ematen dituzten iturriak. Munduan hiru milioi itsasontzi inguru dabiltza arrantzan, urtean 90 milioi tona arrain harrapatzen dituzte, eta, arrantza-gune nagusietako % 70 neurriz gaindi ustiatu dituztenez, agortzeko arriskuan daude. Urtean 27 milioi arrain hil botatzen dira itsasora, saltzeko txikiegiak direlako, arrain gehiegi harrapatu dutelako edo harrapatu dituzten lekuetan jan ohi ez dituzten espezietakoak direlako. Gainera, arrasteko teknika batzuek itsasoaren hondoa suntsitu dute. Sare pelagikoek eta bolanta-sareek itsasoko animalia handiak akabatzen dituzte, eta, horren ondorioz, babesa behar duten espezieen kopurua ugaritu da, hau da, gero eta espezie gehiago daude desagertzeko arriskuan…

Hala eta guztiz ere, arrantza ez da ozeanoen aurkako mehatxu bakarra; oso kontuan hartzekoa da uretara isuritako hondakinek eragiten duten kutsadura. Petrolioa, esate baterako, itsasoen etsai handienetakoa da. Itsasoetan eraikitako plataforma handiek ikaragarri kutsatzen dute ozeanoa, itsasontziek ere bai, eta petroliontzien istripu larriek are eta gehiago belzten dituzte ozeanoak. Horiez gain, militarren saio nuklearrek erradioaktibitatea hedatu dute Atlantiko iparraldean eta Ozeano Barearen hegoaldean. Gainera, hondakin nuklearrak itsas hondora botatzen dira. Ez da harritzekoa, beraz, ozeanoak hondamendiaren lehen sintomak azaltzea, Greenpeace erakundeak salatu bezala.

Garbi dago, gizakiak ozeanoei eragindako kalteei aurre egiteko zerbait egin beharra dagoela, eta azkar. Itsasoaren Legediari buruzko Nazio Batuen Konbentzioa 1994an jarri zen indarrean, eta arau zehatzak jaso zituen (itsasketa-eskubideak, itsas eremuen mugak, itsas ingurumenaren babesa, jurisdikzio ekonomikoa…), baina ez zituen ozeanoren iraupena ziurtatzeko aginduak eman. Horregatik, Unesco erakundeak eta Nazio Batuen Asanblada Nagusiak behin baino gehiagotan oharrarazi dute ozeanoetako baliabideak ugariak bai, baina mugatuak direla, ozeanoen egoera kezkatzekoa dela eta datozen belaunaldiek erabili ahal ditzaten zaindu behar ditugula.

Suteen ondorioak

Ikerketek eta datuek azaltzen dutenez, suteak gertatzeko arriskua ez da berdina baso mota guztietan, zenbait baso eta landare-espezie beste batzuk baino sarriago erretzen dira (esate baterako intsinis pinua Pinus radiata).

2015 urtea ARABA BIZKAIA GIPUZKOA NAFARROA
Hektarea bat baino gutxiagoko sute kopurua 19 49 18 343
Hektarea bat baino gehiagoko sute kopurua 2 24 14 101
Suteak hondatutako basoak (ha) 3,56 204,82 90,83 434,80
Suteak hondatutako sastrakadiak (ha) 1,99 214,82 179,58 290,85

Taulan ikus daitezke Nafarroako datu kezkagarriak. Lurralde honetan 2015. urtean, suteek, baso guztien % 0,103 hondatu zuten; Bizkaian berriz, baso guztien % 0,064a. Penintsulako hainbat zonatako datuak are kezkagarriagoak dira: Galizian, baso guztien % 0,322 hondatu zen, eta Extremaduran % 0,527.

Penintsulan gertatu diren suteen jatorria aztertu da, eta hurrengo taulan gizakiek eragindakoak nork sortu dituen ikus daiteke laburbilduta:

NORK SORTU DITUEN HONDATUTAKO AZALERA (ha)
Interesa duten pertsonak 144.745
Interesa duten pertsonak 53.636
Zuhurtziagabeko nekazaritza-lanak 95.636
Zuhurtziagabeko abeltzaintza-lanak 182.393

Sute batean basoa bera, eta, horren ondorioz, baso horren ematen dizkigun ondasunak ere galtzen dira (janariak, zura, erretxinak, kortxoa, karbono zikloan CO2-aren hartzaile gisa duen eragina, kultura-ondarea…). Halaber, lurzorua babesik gabe gelditu, eta errazago higatzen da; beraz, desertifikazio-prozesua hasteko arriskua izan daiteke.

Baso-suteak murrizteko zenbait neurri

Hori ikusita, oso garrantzitsua da denon artean, eta Administrazioen laguntzaz, basogintza egokia bultzatzea sute-arriskua murrizteko, ahal den neurrian, eta biztanleriak arazo honi buruz jarrera arduratsuagoa hartzea. Izan ere, suteek eragindako kalte ekologiko ikaragarriez gainera, diru-galerak eta basoak birlandatzeko diru-inbertsioak oso handiak dira.

Kalteak ekiditeko edo murrizteko, aurreikuste-, iragartze- eta detektatze-neurriak egoki gauzatuz, neurri handi batean suteen arazoa gutxitu daiteke:

  • Aurreikustea: hiritarrak informatzea eta heztea, ezusteko suak ekiditeko; orbelak eta pinaburu lehorrak murriztea, suebakiak sortzea; eta arduratsu jokatzea, esate baterako, horretarako prestatuta ez dauden lekuetan suri ez eginez…
  • Iragartzea: zer arrisku-zona dagoen jakiteko aukera ematen duten zaintza-sareak ezartzea.
  • Detektatzea: sortzen diren suteak ahalik eta azkarren detektatzea eta itzaltzea.