Espezieak desagertzea

Eboluzio-prozesuari loturiko desagertzea (DBH 4.1. unitatean ikasitakoa) albo batera utzita, giza jarduerek ere hainbat espezie desagertzea eragin dute eta eragiten ari dira gure planetan.

Espezieen iraungitze hori ekintza eta faktore hauek eragiten dute:

  • Baliabideak gehiegi ustiatzea, esate baterako, neurririk gabeko arrantza eta ehiza, baso-soiltzea, abeltzaintza intentsiboa…
  • Ekosistemak suntsitzea eta aldatzea, zenbait faktoreren eraginez, hala nola kutsadura eta klima aldaketa, basoko suteak, azpiegiturak (garraioa, herri-lanak…).
  • Bertako espezieak ordezkatzen dituzten kanpoko espezieak sartzea.
  • Espezieen salerosketa.

Diotenez, espezieak desagertzea guztiz arrunta da lurreko bizitzaren bilakaeran; baina, zoritxarrez, gizakiok suntsitzeko dugun gaitasunaren ondorioz, desagerpen-prozesu hori lastertu da. Esaterako, Historiaurreko gizakiak garai hartako Ipar Amerikako mamifero espezie handienen desagertzea eragin omen zuen. Beraz, animalia eta landareen desagerpena betidanik gertatu dela esan dezakegu; nolanahi ere, gaur egun, arazo larri bilakatu da. Gizakiak erredun gara, zuzenean nahiz zeharka. Ingurunea epe laburrean guztiz eraldatzeko gaitasuna dugu eta horrek biodibertsitatea suntsitzen du.

Beraz, giza jarduerek etengabe sortzen dituzte kalteak biosferan, eta bizidun ugariren suntsitzea eta dsagerpena eragiten dute. Gaur egun, 16.300 espezie baino gehiago galzorian daude. Bestalde, International Union for Conservation of Nature (IUCN) erakundearen arabera, lau ugaztunetatik bat, zortzi hegaztietatik bat, anfibioen heren bat eta katalogatutako landare espezieen % 70 desagertzeko arriskuan daude. 785 espezie desagertu dira jada ezagutzen ditugunen artean, eta beste 65 espezie ere beren habitatetatik desagertu dira eta zoo edota laborantza guneetan baino ezin dira aurkitu. Munduan ia ez dago gizakiaren eraginik jasan ez duen tokirik; gauzak horrela, bai animalia basatiek, bai landare orok, gizakiak eragindako txikizioaren aurka borrokan dihardute; goriletatik hasi eta Australiako kanguru edota itsas zabaleko baleetaraino, lurreko edozein tokitan animalia eta landareen biziraupena kolokan dago. Bestalde, klima aldaketak ere ez du batere lagunduko buruhauste honetan; are gehiago, arazoa larriagotu dezake.

Espezie inbaditzaileak dira biodibertsitatearen aurkako mehatxu larrienetakoak; horren eraginez, habitatak eta espezieak pixkanaka galtzen dira, populazio autoktonoen gaitasun ezagatik eta desplazamenduarengatik.

Honako grafiko honetan ikus daiteke espezie exotiko inbaditzailearen zerrenda.

Hori gutxi balitz, bizkor zabaldu den beste eragileetako bat espezieen salerosketa da: armen eta drogen salerosketaren ondoren, hirugarren postuan dago. Faunari dagokionez, 10.000 milioi dolar mugitzen ditu negozio horrek urtero, eta florak, aldiz, 7.000 milioi baino gehiago. Zifra horiei salerosketa klandestinoetatik lortzen diren etekinak erantsi beharko dizkiegu. Adibidez, urtero 600 eta 900 tona marfil kontsumitzen da eta, horretarako, 150.000 elefante letagin behar dira. Atera kontuak!

IUCNren zerrenda gorrian, katalogatuta dauden espezieak baino ez dira azaltzen; eta, zientzialarien arabera, ezagutzen ditugun espezieen kopurua urria da oraindik. Gainera, zerrenda horrek beste datu bat uzten du agerian: gaur arte egin diren ahalegin nagusiak ez direla guztiz eraginkorrak izan.

Ur-ipurtatsa (Mustela lutreola)

Nafarroan kaltebera moduan eta, EAEn galtzeko arriskuan katalogatuta dago espezie hau.

Beraz, arazoa tragedia bihur ez dadin, eta zerrenda gorriaren laguntzaz, arriskuan dauden espezieentzat neurri zehatzak hartu behar dira, bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuz. Galtzeko arriskuan dagoen animalia eta landare klase bakoitza babestu beharko genuke, betiere, ahal den neurrian, beren habitatean mantenduz, eta, horrela, tokian tokiko biodibertsitatearen bizirautea ahalbidetuz. Gure esku dago animalia eta landareen biziraupena; baita gurea ere.

Utzi erantzuna