Basamortuko klima

Basamortuko klima

Basamortuak tropikoen inguruetan daude nagusiki, baina baita euri gutxi egiten duen lurralde epeletako hainbat aldetan ere: kontinente barneko lurraldeetan, mendikate handien atzealdean, itsaslaster hotzek ukitutako kostaldeetan…

Bai urtean zehar, bai egunaren eta gauaren artean, tenperatura-bitartea oso handia da basamortuetan. Prezipitazio kopurua, esan bezala, oso txikia dute, 250 mm/urteko baino gutxiago, eta zenbait lekutan (Saharako barnealdea, Atacama…), 5 mm/urteko baino gutxiago. Dudarik gabe, prezipitazio eskasia da klima horren ezaugarri nagusia. Basamortuen berezitasun nagusia lurralde horietako lehortasuna da

Badira basamortu beroak baita hotzak ere. Basamortu beroetan, tenperatura bitartea altua izaten da urte guztian: egunez, 50 °C-tik gora irits daiteke zenbaitetan, baina gauez, asko jaisten dira tenperaturak, batzuetan 0 °C-tik behera.

Basamortu hotzak tropikoetatik nahiko urruti daude, berez klima-zona epelak diren guneetan. Udan, egunez tenperaturak oso altuak izaten dituzte (50 °C, zenbaitetan), eta gauez hotzak; baina neguan tenperaturak baxuak dira, bai egunez, bai gauez (–10 °C-tik beherakoak sarritan). Asiako zenbait basamortu, Gobi eta Takla Makan adibidez, horrelakoak dira.

Munduan basamortu ezagun asko dago: Sahara (munduko basamortu zabalena), Kalahari, Arabiako basamortua, Australiako Hareazko Basamortu Handia, Atacama, Sonora…

Basamortuen bioma ingurune oso gogorra da biziarentzat, uraren eskasia berak mugatzen duelako bizitzeko gaitasuna: landareei zaila egiten zaie inguru latz horretara egokitzea, eta, ondorioz, baita animaliei ere. Ura dagoen lekuetan (aintzira, putzu eta ibaien inguruak…) oasiak sortzen dira. 

Horregatik, basamortuetan, gizakiaren eragina txikia dela esan daiteke, baina azken urteotan areagotzen ari da nabarmen petrolio- eta gas-ustiatzeagatik.

Basamortuko landareek dagoen hezetasun txikia biltzeko sustrai luzeak, sakonak eta zabalduak izan ohi dituzte. Gainera, ura gordetzeko moldaturik egoten dira maiz. Ezagunenak kaktusak dira: handienek hamar metrotik gorako altuera hartzen dute, eta ehunka litro ur gorde dezakete barnean. Oso ezagunak dira palmondoak ere; hezetasun pixka bat lortzen dutenean basamortuetan baso txikiak osatzen dituzte.Basamortuetako fauna ere berora eta lehorrera moldatua dago; dromedarioek eta gameluek, esaterako, egun askotan gorde dezakete ura gorputzean; kriskitin-sugeak edo eskorpioiak ezkutatu egiten dira egunez, bero handia egiten duenean. Animalia asko gauez bizi da.

Klima tropikala

Klima tropikala

Klima tropikala ekuatorearen bi aldeetan aurki dezakegu, 5°-25° koordenatuen artean

Tenperatura nahiko altuak izaten dituzte (23-26 °C) eta egunetik gauerako tenperatura-bitarte txikia, 3-5 °C artekoa. 

Batez besteko prezipitazio kopuru handia da, 600-1.000 mm/urteko, baina erabat irregularra. Klima horren ezaugarri nagusia prezipitazioen irregulartasun hori da. Zenbait hilabetetan, negukoetan hain zuzen ere, ia ez da prezipitaziorik izaten. Udan, ordea, prezipitazioak oso ugariak dira. Oro har, ekuatoretik urruntzen den heinean, txikiagoa izaten dira prezipitazioak eta nabarmenagoa bi urtaroen (lehorra eta hezea) arteko desberdintasuna. Lur lehorragoetan, sabana estepa bihurtzen da.

Klima tropikaleko biomari  sabana deitzen zaio. Belardi ugariko eta zuhaitz gutxi batzuetako (akaziak gehienbat) bioma da. Belardiok  lastodun belarrez osatuta daude, bi metrotik gorakoak hainbatetan, faunarentzat elikagai aproposa direlarik. 

Sabanaren itxura eta landaredia  euri kantitateen araberakoa izaten da, neurri handi batean eta landaredi kantitatearekin lotura estuan egon ohi da fauna edo animalia multzoa. Euri kantitate horien arabera moldatzen dira sabanako landareak ingurura, eta, horrela, batzuek sustrai luzeak garatzen dituzte urtaro lehorrean, gune sakon hezeetara iristeko; beste batzuek, aldiz, ura gordetzeko hainbat estrategia dituzte.

Oro har, sabanak zoru aberatsa du, eta landarediak hazkunde azkarra izaten du euriteen garaian. Lurrazpiko ura hobeto baliatzeko, landareen sustraiak oso luzeak izaten dira gehienetan. 

Faunari dagokionez, larreetako belarjaleek leku gogokoa dute sabana: elefanteak, zebrak, ñanduak, jirafak, errinozeroak, gazelak…, ibai edo putzu eta ur-bazterretan bizi ohi dira bereziki. Han ugaltzen dira, eta haiek ehizatuz bizi dira haragijaleak: lehoiak, gepardoak, hienak… Sabanek, gaur egun, legez kanpoko ehizaren eragina jasaten dute eta animalien babeserako guneak sortu dira. Dena den, zoritxarrez, legez kanpoko ehizak jarraitu egiten du.

Aipamen berezia merezi dute Asiako eta Afrikako hego-ekialdean hain ezagunak diren euriteek, “montzoi” izenekoak. Eskualde horietan oso handiak izan ohi dira udako euriteak eta, berez basamortua egon beharko zukeen lekuan oihanak sortu dira. Leku horietako hezetasunak nekazaritza garatzeko aukera ematen du. 

Klima ekuatoriala

Izenak adierazten digunez, klima mota hori ekuatore aldean izaten da, 0°-5° koordenatuen artean. Ingurune beroak dira eta, batez-beste, 25-27 °C egiten du oihan tropikaletan. Gainera, egunean zeharreko tenperatura-bitartea oso txikia izan ohi da: 1-3 °C artekoa.

klima ekuatoriala

Klima ekuatorialean, prezipitazioak ugari dira (1.000tik 4.000 mm/urteko), eta banaketa oso erregularra dute. Izan ere, leku askotan ia egunero egiten du euria, eta honako hauxe izango litzateke bioma honetako egun tipikoa: goizean, oskarbi; eguerdi aldera, zeru osoa estaltzen duten hodeiak; laurak aldera, ekaitz gogorra, hodei eta euri ugarirekin; baina, berehala, eguzkia jaun eta jabe berriz.

Eurite horiei esker, oihan tropikaleko lurraldeetan daude munduko ibai emaritsuenak: Amazonas eta Orinoko ibaiak, Hego Amerikan, eta Kongo ibaia, Afrikan.

Oihan tropikala deiturikoa da klima ekuatoriala duten lurraldeetako bioma. Bizidun ugari bizi da bioma horretan.

Klima ekuatorialeko eguraldi beroak eta hezeak landaredi oparoa sortzen du: oihan tropikalen berezitasuna da beti berde-berde egotea. Oihanak oso itxiak direnez, landareen artean lehia gogorra izaten da eguzkiaren argia lortzeko. Hala eta guztiz ere, oihaneko zorua pobrea da elikagaietan (berehala erabiltzen baitira, edo euri-jasen urak erraz eramaten baititu) eta oso landare gutxi dago lur-zoruan. 

Landaredi ekuatorialean aipatu behar dira kaobak, eukaliptoak, lianak, orkideak eta gutxi ezagutzen diren beste milaka landare.

Gizakiaren eragina handia da inguru honetan. Oihaneko zuhaitzak, besteak beste, zuretarako erabiltzeko asmotan, desagertzen ari dira eta ondorioz, oihaneko oinarria den zoruko lur gozoa ere higaduraz desagertzeko zorian dago eta betiko galtzeko arriskuan geratzen ari da.

Gainera, europarrek kakao, kotoi eta abarreko lursail handiak sortzeko, sekulako deforestazioak eragin ditu. Oihan tropikaleko fauna oso aberatsa da, baina desagertze-bidean daude horietako asko: tximinoak, suge handiak, krokodiloak, panterak, loroak eta guakamaioak, tukanak, intsektuak, armiarmak…

Meategiak

Mineralak eskuratzeko, gizakiak meategiak eraiki izan ditu. Meategiaz hitz egitean lur-azpian eraikitako zulo edo galeriez oroitzen garen arren, badaude meategi irekiak ere, harrobi deituak.

Euskal Herriko historian garrantzi handia izan dute meategiek. Erromatarrek jada, zilarra ateratzeko, Arditurriko meategien ustiapena hasi zuten Aiako Harriaren inguruan; geroago, burdina, blenda eta fluorita atera izan dira, 1984an meategia itxi zen arte.

Hala ere, Bizkaiko ezkerraldeko Triano mendien inguruko meategiek (Gallartan, Trapagan, Galdamesen…) izan dute eragin handiena Euskal Herriko gizartean eta ingurunean. Meategi horietan burdina ustiatzen zen eta berori izan da Bizkaiko garapen industrialaren motorra. Gaur egun itxita daude meategi guztiak eta paisaian eragindako aldaketak bakarrik geratzen dira:, Zugaztietan (Trapaga), adibidez.

Nafarroan ere ustiatu dira meategi batzuk XX. mendean, potasioz eta magnesioz osatutako mineralak ateratzeko, gehienbat. Nafarroako meategien garrantzi ekonomikoa ez da inoiz garrantzitsua izan eta gaur egun gehienak itxita daude. Eugin dago jardunean ari den meategi bat.

Harrobiak, berriz, oso ohikoak dira Euskal Herriko mendietan; harrobi horietatik eraikuntza-lanetan erabiltzeko arroka ateratzen da, gehienbat. Gaur egun, oraindik, harrobi askotan jarraitzen da lanean  Añorgan, Ziordian, Markinan, Arrigorriagan edo Mañarian, beste askoren artean.

Geosfera

Geosfera Lur planetaren eremu solidoa da, arrokaz osatuta dago eta lurrazaletik planetaren erdiguneraino hedatzen da. Duen lodieragatik ―6.370 km gutxi gorabehera― zeharkako metodoak erabili behar izaten dira, barruko egitura aztertzeko. Metodo sismikoa da, zeharkako metodoen artean, erabiliena: lurrikaren uhinak interpretatuz, Lurraren barne-konposizioari buruzko ondorioen berri jakin daiteke.

Zientzialariak, geosferaren barnealdeko egitura aztertzerakoan, bi irizpidez baliatzen direnez, geosferaren barneko bi eredu daudela esan daiteke: eredu estatikoa eta eredu dinamikoa.

Geruzen azterketa kimikoa egin ondoren, geosferaren honako eredu hau, estatikoa, proposatu dute zientzialariek:

  • Lurrazala:     Lurraren kanpoko geruza solidoa da; ozeano-azpian 6-12 km-ko sakonera du eta kontinente-azpian, 25-70 km-koa.
  • Mantua:     Lurrazalaren azpian dago, eta 2.900 km-ko sakoneraraino hedatzen da; harri urtuak daude mantuan.
  • Nukleoa:    Planetaren erdian dagoen geruza da; 2.900. km-tik 6.378. km-ra hedatzen da; nikela eta burdina dira nukleoaren osagai nagusiak.

Geosferaren eredu dinamikoa, aldiz, materialen portaera mekanikoan oinarritzen da. Alderdi askotan bat dator eredu estatikoarekin; hala ere eredu dinamikoak ondorengo lau geruza hauek bereizten ditu:

  • Litosfera: Kanpoko geruza elastikoa da, eta 75-100 km-ko sakoneraraino iristen da.
  • Astenosfera: Geruza plastikoa da, eta 350 km-ko sakonerara iristen da.
  • Mesosfera: Astenosfera ez den mantuaren gainerako zatia hartzen du geruza honek; 2.900 km-raino iristen da.
  • Endosfera: Barneko geruza da eta eredu estatikoko nukleoa bera da. 

Itsas korronteen eragina tenperaturan

Prezipitazioekin gertatzen zen bezala, itsas korronteek eragin handia dute tenperaturetan. Ozeanoetan korronte hotzak eta beroak daude, eta bakoitzaren eragina ezberdina izaten da. Itsas korronte hotzek ukitzen dituzten itsasertzetako tenperaturak jaitsi egiten dira; itsas korronte beroen eraginez, berriz, berotu. Itsas korronteek tenperaturetan duten eragina garbi ikus daiteke Atlantikoko bi kostaldeetakoak konparatuz. Europako kostaldea Golkoko itsas korronteak berotzen du. Korronte horren ondorioz, neguan itsasoa ez da inoiz izozten ezta Norvegiako iparraldeko muturrean ere (Ipar lurmuturra). Ipar Amerikako kostalde gehiena, ordea, abrador izeneko itsas korronte hotzak ukitzen du. Honen ondorioz, Hudson badia eta Labrador aldeko kostaldeak izoztu egiten dira, nahiz eta Ingalaterra parean egon. Batzuetan New York-eko ibaiak ere izoztu egiten dira, Euskal Herria baino zertxobait hego alderago egon arren!

Kontinentaltasunaren eragina tenperaturan

Kontinente batean barneratzen ari garen neurrian gertatzen diren ezaugarri multzoari deitzen diogu kontinentaltasuna. Itsasoak eragina izaten du inguruko lurraldeetan eta baita kontinenteetako lurretan ere, baina eragin hau gutxiagotuz joaten da itsasertzetik urruti dauden lurretan. Kontinentaltasuna aipatzen dugunean, itsasoaren eragin txikia edo eraginik eza adierazi nahi dugu. Jakina da itsasertzetan neguan eta udan tenperaturak kontinente barruan baino gozoagoak izaten direla (neguan epelagoak eta udan freskoagoak). Baina zergatik gertatzen da hori? Itsasoak ur bero poltsa erraldoi baten erako portaera du neguan, eta edariak freskatzeko izotz poltsa handi baten gisa portatzen da udan. Hau da, udan berotu egiten da itsasoa, baina kontinentea baino askoz motelago. Horregatik, udan kostaldea freskatu egiten du. Neguan, ostera, kontinentea baino motelago hozten da itsasoa eta denbora luzez tenperatura epelari eusten dio. Honen ondorioz, udan harrapatutako beroa poliki-poliki igortzen du itsasoak kostaldeak epelduz. Bere eraginaz jabetzeko, begira iezaiozu arretaz 60. orrialdeko beheko irudiari. Irudian agertzen diren zenbakiak urteko hilabete hotzenaren (urtarrila) eta hilabete beroenaren (uztaila) batez besteko tenperaturak dira. Ematen diren datuak aztertuz, zera ikus dezakegu: Bresten, tenperaturak nahiko epelak dira, bai neguan (7 ºC), baita udan ere (16 ºC). Ez du, beraz, neguan hotz handirik egiten, ezta udan bero larregirik ere. Honen ondorioz, bi tenperaturaren aldea, hau da hedadura termikoa, nahiko txikia da (16-7 = 9 ºC). Ekialderantz jotzen dugun heinean, hau da Atlantikoaren eraginpetik urruntzen garen heinean, tenperaturak gero eta gogorragoak dira, bai udan baita neguan ere, hedadura termikoa 34 ºC gradukoa izateraino Volgogradon (24 ºC zeroaren gainetik udan eta 10 ºC zeropetik neguan). Bi horien artean hor di tugu: Paris 16 ºC-ko hedadura termikoa (18-2 = 16 ºC). Krakovia, 22 ºC- oarekin (20 ºC zero gainetik eta 6 ºC zeropetik). Eta Kiev, 27 ºC-koarekin (21 ºC zero gainetik eta 6 ºC zeropetik). Kontinentaltasunaren ondorioak bi dira, beraz: alde batetik tenperaturak, bai beroenak baita hotzenak ere, gogortu egiten dira, eta bestetik, eta aurrekoaren ondorioz, hedadura termikoa gero eta handiagoa da.

Latitudearen eragina tenperaturan

Gauza ezaguna da ekuatore aldean poloetan baino bero handiagoa egiten duela. Ekuatore eta poloetara hurbiltzen ari garen neurrian, tenperatura jaitsi egiten da (latitude gradu bakoitzeko, gutxi gorabehera, 0,5 °C jaisten dela ikus daiteke). Honela, ekuatoretik urruntzen hasita, ipar eta hego hemisferio bakoitzean hiru alde aurki ditzakegu: beroa, epela eta hotza. Marrazki edo eskeman ikus dezakezu banaketa hori. Eskemako hiru alde horiek oso erabilgarriak izango zaizkigu klimak aztertzerakoan.

Altueraren eragina tenperaturan

Oso ezaguna da nolako aldea egoten den mendi gailurren eta inguruko haranen arteko tenperaturan. Denok ikusi izan ditugu inoiz goimendiak elurrez estalita eta haranak batere elurrik gabe. Egindako ikerketen arabera, tenperatura 0,5 °C jaisten da, gutxi gorabehera, altueran igotzen diren 100 metroko. Marrazkiari begiratzen badiozu, kon turatuko za ra zer gertatzen den mendi gailur eta inguruko ha ranen artean. 0 metroko altitudean, 15 °C-ko tenperatura dugu, eguraldi nahiko epela dago haranean. 1.000 m-ra 10 °C eta 2.000 m-ra berriz, 5 °C. Mendi gailurrak 3.000 m baditu, 0 °C egingo du, eta hango elurra ez da urtuko.

Tenperatura eta tenperaturaren faktore eragileak

Eguraldiaz edota klimaz hitz egiten hasten garenean, tenperatura da gehien aipatzen dugun elementua. Horrek badu bere arrazoia: tenperatura da geure gorputzean eraginik handiena duena, eta errazen nabarmentzen duguna. Izan ere, tenperaturek bizitzarako garrantzi handia dute. Bizitza ere tenperatura tarte jakin batean ager daiteke: ura likido izateko aukera ematen duen tenperatura tartean. 0 °C azpitik ura izoztu egiten da eta 100 °C-tik gora irakin egiten du lurrundu baino lehen, gas bihurtuz; eta guk, izaki bizidunok, ur likidoa behar dugu, ez digu balio ez izotzak ezta lurrunak ere. Eguzki-sisteman Lurrak bakarrik gordetzen du tenperatura tarte hori. Lurreko batez besteko tenperatura 15 °C-koa da. Beste planetetan askoz bero edota hotz handiagoa egiten du. Beraz, horietan egon daitekeen ura lurrunduta, edo izozturik egongo da. Bi egoera horiek bizitza galarazi egiten dute, guk ezagutzen dugun bizitza mota bederen. Nola lortzen du gure planetak tenperatura hori mantentzea? Eguzki-izpiak iristen dira gure planetara, eta atmosferan gertatzen den negutegi efektu naturalari esker (ikusi atmosferari buruzko informazioa), energia horren zati bat Lurrean bertan geratzen da. Baina gaur egun ongi dakigun bezala, energia hori ez da era homogeneoan banatzen lurrazalean, eta lurrazaleko bi lekuetan tenperatura ezberdina egon daiteke. Esate baterako, alde handia dago ekuatore aldeko eta polo inguruetako tenperaturen artean. Bestalde, leku bereko tenperaturak ere asko aldatzen dira egunetik gauera edo urtaro batetik bestera. Gauaren eta egunaren arteko ezberdintasun nabarmen horiek aparte utzita, leku bakoitzari dagokion tenperaturan lau faktorek izaten dute eragin garbia. Faktore hauek, prezipitazioen kasuan bezala, honako hauek dira: