Ordokia

Altitudean gorabehera gutxiko lurralde zabala da ordokia; alegia, aldapa edo malda gutxiko eremu zabala; leku laua, lautada eta zelaia ere deitzen zaio. Ordokiak, oro har, gune egokiak izaten dira abeltzaintza eta nekazaritzarako.
Altitude handian dagoen ordokiari goi-ordoki deitzen zaio, batik bat lurralde hori mendien artean dagoenean. Goi-lautada eta meseta hitzak ere erabiltzen dira, kontzeptu hori adierazteko.

 

Padura

Altitudean gorabehera gutxiko lurralde zabala da ordokia; alegia, aldapa edo malda gutxiko eremu zabala; leku laua, lautada eta zelaia ere deitzen zaio. Ordokiak, oro har, gune egokiak izaten dira abeltzaintza eta nekazaritzarako.
Altitude handian dagoen ordokiari goi-ordoki deitzen zaio, batik bat lurralde hori mendien artean dagoenean. Goi-lautada eta meseta hitzak ere erabiltzen dira, kontzeptu hori adierazteko.

Sumendia

Funtsean, lurraren barnean urtutako arrokak (material magmatikoa) jaurtitzen edo isurtzen duen lurrazaleko puntuari deitzen zaio sumendi. Oro har, kanporatutako material horiek (laba, harriak, lapilli, errautsak…) tontor edo mendi gisakoa osatzen dute (hortik izena). Baina ez da ahaztu behar sumendiak era askotakoak izan daitezkeela (urpean ere sor daitezke) eta zenbaitetan, ohikoena ez bada ere, material magmatikoaz gain, beste hainbat material-mota isuri edo jaurtiki dezaketela ere (gasak, ur-lurruna, lohia…).

 

Uhartea

Alde guztietatik urez inguratuta dagoen lurraldeari deitzen diogu uharte. Hainbat arrazoi direla medio sortzen dira: sumendien jarduera eta labaren pilaketatik (jatorri bolkanikoko uharteak) edota animalien eraginez ere osa daitezke (jatorri organikoko koral-uharteak)…
Uharteak hainbat hedadurakoak izan daitezke, kontinentearen neurrikoetatik hasi (Australia) eta itsaso beroetako atoloi txikienetaraino, Groenlandia edo Britainia Handia gisako tarteko uharteak ahaztu gabe.
Uharteak multzotan elkarturik ere ager daitezke; horrelakoetan, uhartediak edo artxipelagoak osatzen dituztela esaten da.

Sestra-kurbak

Sestra-kurbak altitude bereko (itsas mailarekiko altuera) puntuak elkartzen dituzten lerroak dira. Sestra-kurba berean dauden puntu guztiek altitude bera dute. Kurbak elkarrengandik oso hurbil daudenean, aldapa handia dagoela adierazten du horrek. Kurba arteko tartea handia denean, berriz, aldapa txikia dagoela. Sestra-kurben bidez egindako mapei mapa topografiko deitzen zaie eta sestra-kurba batetik hurrengora doan altitude-tarteari, urrunkidetasuna.

Mapak eta klima

Lurrazalaren atal batean dauden aldagai geografikoak irudikatzeko, mapak erabiltzen dira. Mapak adierazpen grafikoak dira, azal lau batean (bi dimentsiotan) marraztuak eta, eskuarki, eskalan eginak.

Mapa horietako batzuk lurrazaleko erliebea adierazteko izaten dira eta sestra-kurbak erabiltzen dituzte gehienetan, horretarako.

Bada, ordea, klimarekin lotura estuagoa duen hainbat mapa ere. Mapa plubiometrikoak, esaterako, lurralde batean eta epe jakin batean (gehienetan urtebete) egin duen euri-kantitatea adierazteko erabiltzen dira. Erliebe-mapetan altuera bera duten puntuak elkartuz sestra-kurbak marrazten diren bezalatsu, mapa plubiometrikoetan euri kantitate bera duten lekuak elkartuz osatzen dira haien antzeko kurbak. Koloreak erabiliz, begiratu batean sumatzen da non egin duen euri gehiago edo gutxiago.

Euriari dagokionez egindako era bertsuan egin genezake tenperaturari dagokionez ere: tenperatura bera duten puntuak elkartuz eta koloreak erabiliz, hainbat zona erakutsiko dizkigun mapa erabilgarriak lortzen dira, ikus dezakezun bezala.

Paraleloak

Lurrazalaren gainean Ekialde-Mendebalde orientazioa duten irudimenezko lerroak dira, eta planeta osoa inguratzen duten alegiazko zirkuluak osatzen dituzte. Paralelorik ezagunena ekuatorea da. Nahiko ezagunak dira, halaber, Kantzer tropikoa, Kaprikornio tropikoa eta bi Zirkulu polarrak (artikoa eta antartikoa). Paraleloak 0º-tik 90º-ra bitarte graduatuta daude, ekuatoretik abiatuta, Ipar polorantz edo Hego polorantz. Beraz, toki bat Iparraldean (N) edo Hegoaldean (S) kokatzeko balio dute, toki horren latitudea zehaztuz. Koordenatu sistemetan, paraleloekin batera, meridiano izeneko lerro perpendikularrak ere baliatzen dira.

Meridianoak

Ipar polotik Hego polora joanik, Lur planetaren azalera zeharkatzen duten irudimenezko lerroak dira, arku formakoak. Meridianorik ezagunena Greenwich-ekoa da. Gune horretatik abiatuta, beste meridiano guztiek 0ºtik 180ºra bitarteko graduak dituzte eta toki bat ekialdean (E) edo mendebaldean (W) kokatzeko balio dute eta toki horren longitudea zehazteko. Meridiano guztiek luzera berbera dute: Ipar polotik Hego polora lurrazalean zehar doan distantzia, hain zuzen; hau da, 20.004 kilometro. Koordenatu-sistemetan, meridianoekin batera, paralelo izeneko lerro perpendikularrak ere baliatzen dira.