Sestra-kurbak

Sestra-kurbak altitude bereko (itsas mailarekiko altuera) puntuak elkartzen dituzten lerroak dira. Sestra-kurba berean dauden puntu guztiek altitude bera dute. Kurbak elkarrengandik oso hurbil daudenean, aldapa handia dagoela adierazten du horrek. Kurba arteko tartea handia denean, berriz, aldapa txikia dagoela. Sestra-kurben bidez egindako mapei mapa topografiko deitzen zaie eta sestra-kurba batetik hurrengora doan altitude-tarteari, urrunkidetasuna.

Mapak eta klima

Lurrazalaren atal batean dauden aldagai geografikoak irudikatzeko, mapak erabiltzen dira. Mapak adierazpen grafikoak dira, azal lau batean (bi dimentsiotan) marraztuak eta, eskuarki, eskalan eginak.

Mapa horietako batzuk lurrazaleko erliebea adierazteko izaten dira eta sestra-kurbak erabiltzen dituzte gehienetan, horretarako.

Bada, ordea, klimarekin lotura estuagoa duen hainbat mapa ere. Mapa plubiometrikoak, esaterako, lurralde batean eta epe jakin batean (gehienetan urtebete) egin duen euri-kantitatea adierazteko erabiltzen dira. Erliebe-mapetan altuera bera duten puntuak elkartuz sestra-kurbak marrazten diren bezalatsu, mapa plubiometrikoetan euri kantitate bera duten lekuak elkartuz osatzen dira haien antzeko kurbak. Koloreak erabiliz, begiratu batean sumatzen da non egin duen euri gehiago edo gutxiago.

Euriari dagokionez egindako era bertsuan egin genezake tenperaturari dagokionez ere: tenperatura bera duten puntuak elkartuz eta koloreak erabiliz, hainbat zona erakutsiko dizkigun mapa erabilgarriak lortzen dira, ikus dezakezun bezala.

Koordenatu geografikoak

Koordenatu geografikoak toki jakin bat Lur planetaren azaleran kokatzeko erreferentzia-sistemak dira. Koordenatu geografikoen sistema nola erabiltzen den adierazteko, mapen gainean sare moduko bat osatzen duten alegiazko lerro batzuk marrazten dira. Lerro horiei meridiano (iparretik hegora doaz) eta paralelo (ekialdetik mendebaldera doaz) izena ematen zaie, hurrenez hurren.

Meridianoen artean ezagunena, Greenwich meridianoa da: Ipar poloan hasi eta, Hego polora bidean, Londrestik igarotzen den lerroa (Londres baitan, Greenwich izeneko tokitik pasatzen da eta hortik datorkio izena). Meridiano hori abiapuntutzat hartzen da gainerako meridianoak kokatzeko; horregatik, 0º-ko balioa ematen zaio. Ez da berezko zero puntu bat, kartografo ingelesek beren mapetan abiapuntu gisa erabiltzen zutena baizik. Ingelesek egindako mapak garai batean oso ospetsuak zirenez, denbora igaro ahala, ontzat eman zen mundu osoan 0 puntua bertan kokatzea.
Paralelorik ezagunena Ekuatorea da: mundu-bola bi zati edo hemisferiotan banatzen duena. Ekuatorea gainerako paralelo guztiak kokatzeko erreferentziatzat hartzen da (0 puntu gisa). Ekuatoretik iparraldera dagoen planeta zatiari Ipar hemisferioa deitzen zaio, eta Ekuatoretik hegoaldera dagoen zatiari, Hego hemisferioa. Beste paralelo ezagun batzuk Kantzer tropikoa, Kaprikornio tropikoa eta zirkulu polarrak dira.
Meridiano eta paraleloetan oinarrituz, toki baten latitudea eta longitudea ateratzen da; hots, toki hori planetaren baitan kokatzeko erreferentziak. Adibidez Donostia 43º19’N-ko latitudean eta 2º00’ W-ko longitudean dago. Horrek esan nahi du Greenwich meridianotik 2º mendebaldera (W) dagoela, eta Ekuatorearekiko Ipar hemisferioan (N), 43º19’tara.

Mapa topografikoak

Lurralde baten erliebea zehatz adierazten duten mapei mapa topografikoak deitzen zaie. Erliebea, hau da, mendien altuera edo haranen sakonera, sestra-kurben bidez adierazten da. Sestra-kurbak altuera bereko puntuak elkartzen dituzten lerroak dira. Kurba berean dauden puntu guztiek altuera bera dute. Sestra-kurba bakoitzak, beraz, altuera-neurri bat adierazten du.

Mapa topografikoari begiratuz, ingurune jakin bat laua ala menditsua den jakin liteke; bai eta maldak nolakoak diren ere. Altuerak begirada-kolpe bakarrean hobeto antzemateko, sestra-kurben arteko tarteak koloreztatuta ager litezke mapan (beti hala izaten ez bada ere). Normalki altuera baxuena adierazten duten sestra-kurbak ―itsas mailatik gertukoak― berde ilunez koloreztatzen dira eta, altuera igo ahala, koloreak aldatuz doaz.Ohikoa izaten da, adibidez, altuera igo ahala, berde ilunetik berde argira igarotzea eta, ondoren, horira, laranjara, marroira, grisera eta, azkenik, morera. Horregatik itsas aldeko lautadak mapa askotan berdez irudikatzen dira eta mendi-tontorrak, gris- edo more-kolorez.
Sestra-kurbetatik abiatuz, erliebearen profilak egin litezke. Kirol munduan asko erabiltzen dira, batez ere mendiko eta txirrindularitzako ibilbideak adierazteko.

Mapen ikurrak

Mapetan kolore, sinbolo eta letra jakin batzuk erabiltzen dira hainbat gauza adierazteko (altuerak, ibaiak, errepideak, herri txiki nahiz handiak, mendien zein probintzien izenak…). Ikur horietako batzuk erraz lotzen dira errealitateko elementuekin (ibaiak, adibidez, marra urdinez irudikatzen dira, normalean), baina beste batzuen esanahia ez da hain erraz antzematen (errepideak, adibidez, errealitatean gris kolorekoak izaten dira, baina mapetan kolore gorriz edo horiz ager litezke). Ikurrak, beraz, mapetan erabiltzen diren zeinu, kolore eta kode konbentzionalak dira. Ikur horien azalpena maparen ertz batean, laukitxo batean, agertu ohi da.

Kartografia

Mapak egiteaz eta aztertzeaz arduratzen den zientzia da kartografia (grezierazko khartis [=mapa] eta graphein [=idatzi] hitzetatik dator). Lurralde jakin baten irudia mapa gisa adierazterakoan, kartografiak zenbait auzi ebatzi behar ditu: zein proiekzio-mota erabiliko den, zein eskala emango zaion mapari, errealitateko zein gauza irudikatuko den mapan eta zein, ez (ibaiak, mendiak, errepideak, muga politikoak, hiriak…). Kartografiak, teknika eta estetika konbinatuz, errealitate bat mapa gisa adierazten du, beraz, errealitate hori modu bisualean uler dadin. Kartografian aritzen direnei, hau da, mapak egiten dituztenei, kartografo deritze.

Mapen eskala

Eskalak mapen hegal batean agertzen dira, zenbaki-zatidura gisa (esaterako, 1: 250.000) edota erregela itxurako segmentu gisa. Eskalen helburua da mapako neurriak errealitatekoak baino zenbat aldiz txikiagoak diren adieraztea; proportzio bat erakusten dute, beraz. Eskalen adierazpena bi eratakoa izan daiteke:

  • Grafikoa. Erregela moduko segmentu zatikatu bat izaten da. Segmentu bakoitzak neurri bat adierazten du (10 kilometro, adibidez), eta horixe da mapako neurrien eta errealitateko neurrien arteko harremana.
  • Zenbakizkoa. Mapako unitate-neurri bakoitzak errealitatean zenbat unitate dituen adierazten du. Mapa batean 1: 88.000.000ko eskala agertzen bada, adibidez, horrek esan nahi du mapako zentimetro bat errealitatean 88.000.000 zentimetro direla, hau da, 880 kilometro.

Eskalak, beraz, baliagarri dira mapako neurriak errealitateko zer distantziari dagozkion jakiteko.

Lurraren irudikapena: mapak

Gizakiak antzinatik aritu dira beren bizitokia den mundua irudi bidez adierazteko eginahalean. Horretatik sortu ziren mapak: gure planeta nahiz horren eskualde bat grafikoki agertzen duten irudikapenak. Arazoa da lurra esferikoa dela eta mapak, aldiz, lauak, normalean. Hiru dimentsioko ingurune bat (Lur planeta), beraz, bi dimentsioko azaleran (mapa batean) agerrarazi behar da; hor dago lehen zailtasuna.

Historian hainbat soluzio garatu dira. Mapagintzak edo kartografiak, izan ere, mende askotako ibilbidea du. Erdi Aroan edota lehenago egiten ziren mapetan ez zen Lurraren biribiltasuna kontuan hartzen, biribila zela jakin arren. Garai hartan, Lurraren zati txiki bat marraztu ohi zen mapetan ―Europa, adibidez―  eta, halako lurralde bat marrazteko, aski zen Lurra laua balitz bezala hartzea. Izan ere, nola kezkatu planetaren biribiltasunaz, Europatik urrun ziren lurraldeak ―Amerika, adibidez― ezezagunak baziren? Erdi Aroan, beraz, ez zioten jaramonik egin arazo horri. Gauzak aldatzen hasi ziren XV-XVI. mendeetan. Garai horretan, europar itsasgizonek esplorazio-bidaia handiak egin zituzten: Afrikako kostaldea inguratu, Indiara iritsi, Amerika aurkitu eta planeta osoari bira eman zioten. Hala, beharrezkoa ikusi zuten lur osoa mapa bakar batean marraztea. Eta orduan azaleratu zen planeta biribila mapa lau batean agerraraztearen zailtasuna. Arazoari irtenbidea aurkitzeko, XVI. mendean bertan egin ziren lehen proposamenak eta ordutik gaurdaino kartografoek hainbat mapa-proiekzio aurkeztu dituzte. Proiekzio bat bera ere ez da perfektua. Batzuk ezagunagoak ditugu besteak baino.

Mapen osagaiak

Hiru dimentsioko mundua bi dimentsioko mapa batean adierazteko zailtasuna ez dator planetaren forma orokorretik soilik. Mendiak edo haranak ere hiru dimentsioko formak dira, eta zailtasunak daude mapa lau batean adierazteko. Kartografoek, horregatik, erliebea irudikatzeko teknikak asmatu dituzte. Izan ere, mapa batean ez da kontinenteen forma agertzen soilik, mendi edo bestelako elementu geografikoei buruzko informazioa ere jaso lezake baizik: ibaiena, muga politikoena, errepideena… Mapa-motaren arabera, era bat edo besteko informazioa agertuko da; eta elementuen esanahia azaltzeko, ikursistema bat erabiltzen da. Nolanahi ere, mapetan ez dira errealitatean diren elementuak soilik irudikatzen (ibaiak, mendiak…), sarritan koordenatu izena duten eta toki bakoitza Lur planetaren baitan kokatzeko balio duten irudimenezko lerroak ere adierazten dira.

Mapa batean irudikatzen den lurralde-eremua handia (planeta osoa edo kontinente bat, adibidez) edota txikia izan liteke (probintzia bat, adibidez). Mapako neurrien eta egiazko neurri geografikoen artean dagoen proportzioa ezagutzeko, mapetan eskala adierazten da. Halaber, arau batzuk ere betetzen dira ohiz mapetan. Iparraldea, adibidez, goiko partean jartzen da mapa gehienetan eta hegoaldea, beheko partean. Baina hori ez da arau natural bat, kartografoek finkatu duten ohitura baizik.

Mapa-motak

Ikusten denez, mota askotako mapak daude eta, egiterakoan, hainbat arau jarraitzen da. Oso lurralde-eremu txikiak agertzen dituzten mapei, bestalde, edota hiri bat edo etxe bat agertzen dutenei plano deitzen zaie, normalean. Erliebea zehaztasun handiz agertzen duten mapak, berriz, (mendien mapei) mapa topografikoak izenez ezagutzen dira. Mapak biltzen dituzten liburuei, berriz, atlas izena ematen zaie.
Azkenik, badira hiru dimentsioko mapak ere. Halakoetan ez dago proiekzioaren arazorik, baina, urrutiko lurraldeak konparatzeko, ez dira mapa lauak bezain erosoak. Hiru dimentsioko mapa klasikoena munduko bola da. Gaur egun, ordea, ezagunagoak dira ordenagailuetan ikus ditzakegun hiru dimentsioko bola birtualak, sateliteko argazkiak eta erliebea konbinatzen dituztenak. Halakoek aukera ematen diote erabiltzaileari, planeta birtualean zehar mugitzeko eta, hainbat angelu eta distantziatan kokaturik, zehaztasun handiko irudiak eskaintzen dituzte. Google Earth edo Nasa World Wind ditugu mota horretako bola birtual ezagunenak.