Errepublika

Berezitasun hauek dituen gobernu mota bat da errepublika.

Errepublikatan, estatuko buruzagitza hauteskundeen bidez hautatzen da. Agintea errepublikako lehendakariak eta gobernuak dute. Errepublikako buruzagi nagusi horri lehendakari esaten zaio, gobernuko buruari, berriz, lehen ministro.

Lehendakariaren agintea, aldi baterako izaten da, ez da inoiz bizitza osorako, ez da hereditario.

  • Herriak zuzenean eta sufragio unibertsalez aukeratzen du lehendakaria, Frantzian adibidez.
  • Herriak parlamenturako aukeratutako parlamentarioen artean gehiengoa duen alderdiak izendatzen du lehendakaria, Espainian esate baterako.
  • Herriak, Ameriketako Estatu Batuetan adibidez, bere konpromisarioak aukeratzen ditu estatu bakoitzean eta horiek, boto bidez, lehendakaria izendatzen dute.

Lehendakaria estatuko ordezkari gorena izateaz gain, gobernuko burua eta exekutibokoa da. Errepublika batetiik bestera lehendakariaren boterea aldatu egiten da.

Konstituzio bakoitzean esaten da noiz artekoa izan daitekeen epealdi hori, eta pertsona bera zenbat legealditan izan daitekeen gobernuko buru, errepublikako buru edo lehen ministro.

Diktadura

Diktadura, pertsona edota ideologia bereko talde jakin batek botere absolutua duen egitura politikoa da, estatuaren hiru botereak (legegilea, eragilea eta judiziala) pertsona edo talde berak kontrolatzen dituelarik. .

Diktadoreek era askotan lor dezakete boterea. Ohikoa da militarrek gauzatutako estatu kolpe baten bidez lortzea, baina posible da baita aukeratuak izatea, edo alderdi bakarrak izendatuak.

Diktadura batean, buruzagia ez dira aldizka sufragio unibertsal aske, zuzen eta sekretuaren bidez berritzen. Horrela, nahiz eta diktadoreak boterea hauteskundeen bidez lortu (Adolf Hitlerrek bezala), epe laburrean gainerako alderdi politikoak legez kanpo uzten ditu eta ondorengo hauteskundeak eragozten ditu, aldioro, arrazoi propagandistikoegatik, sasi hauteskunde manipulatu batzuk antolatzen diren arren, gobernuari patina demokratiko bat emateko eta herriaren aldeko debozioa erakusteko. Bozketa hauetan diktadorean hautagai bakarra izan ohi da eta ustelkeria eta hertsadurengatik emaitza ikusgarriak jaso ohi ditu.

Monarkia

Monarkia estautaren buruzagitza errege edo erreginak duen aginte  mota da, eta honako berezitasun hauek ditu:

  • Aginpidea pertsona bakar baten eskuetan dago.
  • Pertsona horri errege edo erregina deitzen zaio.
  • Errege-erreginen aginpideak hil arte edo beste batengan abdikatu arte irauten du.
  • Europako monarkietan, errege-erreginen botere absolutua monarkia parlamentario bilakatu da, eta konstituzio baten bitartez arautzen dira legeak eta agintea parlamentuaren eskuetan dago.
  • Hereditarioa da. Jaiotzez da errege edo erregina, ez herriak aukeratuta.
  • Gobernuko pertsonarik gorena da.

Historian zehar errege-erreginen aginpideak aldaketa handiak izan ditu. Antzina errege-erreginen botereak ez zuen mugarik, botere absolutua zuten, ez zegoen botere banaketarik  eta Jainkoaren aurrean bakarrik ziren beren eginen erantzule.

Egun, monarkia konstituzionale edo monarkia parlamentariotan errege-erreginen boterea gobernu eta parlamentuaren eskuetan geratu da. hau da, konstituzio baten bidez parlamentuari gobernatzeko ahala ematen zaio. Eta errege-erreginak ez dute zuzenean agintzen.

Monarkiak hereditario izaten jarraitzen du, eta oinordekotza errege familiako norbaiti dagokio beti. Kasu batzuetan gizonezkoak bakarrik izan daitezke oinordeko.  Erregea eta erregina, bizitza osorako dira errege eta erregina, abdikatzen edo erregetza oinordeko baten eskuetan uzten ez badute behinik behin.

Demokrazia

Demokrazia

Demokrazia egitura politiko bat da. Bere oinarrizko ideia zera da: boterea herriaren esku dago eta pertsona guztiak askeak eta berdinak dira legearen aurrean. Beste hitzetanhiritar guztiak, eskubide eta betebehar berberak dituzte, inolako bereizketarik gabe.

Demokraziaren sorrera Antzinako Greziari lotuta dago. Garai haietan, herriko gizonak erabakiak hartzeko biltzen hasi ziren. Gaur egun demokrazia estatu-egitura politikorik zabalduena da eta munduko estatu nagusiak demokrazian antolatzen dira.

Erregimen politiko honen funtsezko ezaugarriak herritarren arteko berdintasuna,  norbanakoaren askatasuna, herritarren-partaidetza, eta botere-banaketa lirateke.  

Berdintasunak, esan nahi du, pertsona guztiek eskubide berberak dituztela politikan parte hartzeko. Pertsona guztiek dute bozkatzeko eskubidea. Pertsona bakoitzak, boto bat eman dezake.  

Demokrazia eta askatasuna  elkarrekin doaz. Gizarte demokratiko modernoetan ezinbestekoak dira hiritarrek dituzten eskubide zibil, politiko eta sozialak. 

Gaur egun, ezinezkoa litzateke herritar guztiek erabaki guztietan zuzenean parte hartzea, eta ondorioz sistema demokratiko gehienek ordezkaritzaren bidez funtzionatzen dute. Horri demokrazia ordezkatzailea esaten zaio. Hala, hauteskundeetan hautatutako ordezkariekin  bideratzen da herri-partaidetza..   

Botere-banaketa litzateke demokraziaren beste oinarria. Botere politikoa, hiru botere independenteetan banatzen da: botere legegilea, botere betearazlea eta botere judiziala.

Herri bakoitzeko demokraziaren oinarriak bertako  Konstituzioan idatzirik daude.

Laburbilduz, demokrazia gehiengoaren agintea dela esan daiteke, beti ere gutxiengoaren eskubideak errespetatuz.