Nekazaritza eta abeltzaintza Euskal Herrian

Nafarroa Behereko eta Zuberoako ekonomian dute eragin handiena nekazaritzak eta abeltzaintzak. Isurialde kantauriar eta mediterraneoan aritzeko moduak desberdinak dira.

Isurialde kantauriarrean (Araba iparraldea, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa iparraldea, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa), abeltzaintza garrantzitsuagoa da nekazaritza baino. Baserriak hegoaldean, hau da, isurialde mediterraneoan, baino txikiagoak izaten dira, eta batez ere behiak eta ardiak hazten dituzte, esnea eta okela ekoizteko. Larrez inguratuta daude, eta, tarteka, ganaduarentzako bazka produzitzeko soroak ere gertu izaten dituzte. Orografiaren ondorioz, hegoaldea baino gutxiago mekanizatutako eremua da isurialde kantauriarra.

Isurialde mediterraneoan, hau da, Arabako eta Nafarroako erdialdean eta hegoaldean, nekazaritzak garrantzi handiagoa du abeltzaintzak baino. Batez ere zerealak, mahastiak eta baratzeak lantzen dituzte. Ganaduari dagokionez, Araban hegazti-hazkuntza da nagusi; Nafarroan, berriz, zerri-hazkuntza.

Nekazaritza tradizionala

Nekazaritza tradizionaleko sistema teknikoki eta teknologikoki landugabea da. Batez ere elikagaiak lortzeko lantzen da lurra; produzitzen den guztia beharrezkoa da bizirauteko.

Munduko baserri guztien bostetik batek honela funtzionatzen du; sistema hau munduko nekazaritzaren zati handiera da, gainera. Gaur egun, arraroa da ehizatik eta fruta biltzetik bizitzea. Halaber, oso jende gutxi bizi da nekazaritza eta abeltzaintza ibiltari edo nomadatik.

Nekazaritza ibiltari edo nomadaren ezaugarriak:

  • Nekazaritza estentsiboa da, oinarrizko lanabesekin eta espezieekin egiten dena.
  • Oinarrizko lanabesak: aizkora, aitzurra, makila.
  • Metodoak: landaretza erre eta errautsen gainean bertan erein edo landatu.
  • Behiak hazteak lugorriari laguntzen dio.
  • Jabetza pribaturik ezean, publikoak edo komunalak du nagusitasuna.
  • Ez dago soberakinik.

Baserri burujabeak gutxitzen ari dira herrialde garatuetan, baina ez da gauza bera gertatzen garatzeko bidean daudenetan, esaterako, Afrikan eta Asian. Oraindik ere badira abeltzain nomadak Saharako basamortuko hegoaldean eta Afganistanen eta Laponian. Nekazaritzaren osagarri gisa, artzaintza lanbide garrantzitsua da eremu batzuetan, Mongolian, adibidez.

Nekazaritza tradizionaleko beste mota bat arroz-soroena da, Asia hego-ekialdean oso garrantzitsua, gainera. Arroza gehien landatutako zereala da. Hazteko garaian, arroz-mota gehienek hezetasun handiko lurra behar dute. Arroza ekoizten da Asian, Hego Amerikan, Afrikan, Estatu Batuetan, Europa hegoaldean eta beste hainbat lekutan.

Landaretza-nekazaritza

Landatze-nekazaritza tropiko inguruetan egiten den nekazaritza mota bat da, garai kolonialetan hasi zena.

Lehenengo landatzeak XVII. mendean sortu ziren Estatu Batuetako hegoaldean, Kariben eta Erdialdeko eta Hego Amerikan.

Hasieran, nekazari zuriak erabili zituzten, baina berehala esklabo beltzekin ordezkatu zituzten, horien eskulana merkeagoa baitzen. Gaur egun nekazari askotarikoak aritzen dira landatzetan eta jabeak ere askotarikoak dira. Landatzeetan produzitutako uzta merkatuetara bideratzen da; labore bakarra lantzen dute, kakaoa, kotoia edo kafea, esaterako, baita bertako produktuak ere, bananak, datilak…

Landatzeak enpresen moduan kudeatzen dira, euren helburua gaiak produzitzea eta merkaturatzea baita. Langileek lan ordu kopuru jakin batez lan egiten dute, soldatapean. Hala ere, zenbait lekutan, langileak esklabutza garaiko baldintza antzekoetan bizi dira.

Labore bakarra lantzeak arazoak sortzen ditu, ekoitzitakoaren prezioak nazioarteko merkatuaren gorabeheren menpe geratzen baitira.

Nekazaritza mota honi nekazaritza espekulatiboa ere deitzen zaio. Herrialde batek merkatuko prezioen gorabeheren gehiegizko menpekotasuna badu, garatzeko arazoak izango ditu.

Merkatu-nekazaritza

Merkatu-nekazaritzan oinarritzen diren eskualdeak labore edo landare mota batzuetan espezializatzen dira.

Europako baserri gehienak tamaina ertaineko familia-enpresak dira. Inbertsio handia behar dute. Bizi-maila altua mantentzeko, nekazariak aldi baterako kontratatu behar izaten dituzte.

Klima ozeanikoa dagoen Europako zatian, larreak behi-hazkuntzaren eraginpean ustiatzen dira. Behi-hazkuntza larre guztietan aurki daiteke, batez ere garai batean behi-ganadua zelaiak ongarriztatzeko erabiltzen zen lekuetan. Jabetza pribatuko lurrak dira, eta ustiapena zuzenekoa edo zeharkakoa izan daiteke. Nekazaritza-eskualdeetan, sarri, mahastiak eta baratzeak ere badira.

Beste eskualde batzuetan ez da aldaketarik izan eta nekazaritza tradizionalarekin jarraitzen dute lanean: olibadietan, galsoroetan eta mahastietan.

Hiri inguruetan, hiri merkatuak hornitzera bideratutako barazkiak eta frutak dira produktu nagusiak.

Estatu Batuetan edo Errusian, mota honetako nekazaritza esparru handietan lantzen da. Familia-enpresak dira eta ez dute langile asko behar, baina enpresen moduan kudeatzen dira.

Uzta merkaturatzeko produzitzen da eta ez etxean kontsumitzeko.

Ipar Amerikako nekazaritza estentsiboa da eta erabat mekanizatuta dago. Azalera handia hartzen du eta eremu bakoitzari egokitutako labore mota landatzen da: garia, artoa, kotoia, tabakoa. Lurraren produktibitatea ez da handia, baina nekazaritza mota hau merkea da, eskulan gutxirekin eta makineria askorekin egiten delako.

Jabetza pribatua da eta zuzeneko lanketa egiten da. Nekazaritzan iraultza berdeak eskatzen dituen aurrerapen mekaniko, tekniko eta zientifikoa erabiltzen dira. Aprobetxamendu izugarria lortzen dute, nahiz eta horretarako munduko inbertsio ekonomikorik handienak egin behar izaten dituzten.

Labore bakarra lantzen da gehienetan.

Errusian ere mekanizazio eta ustiapen handiko nekazaritza egiten dute. Han ere normalean labore bakarra lantzen dute, nahiz eta labore hori ez den beti bera, eskualde bakoitzaren ezaugarrien arabera aldatzen baita.

Aro Modernoan ekonomia euskal lurraldeetan : baserria

Erdi Aroko etxebizitzak oholezko txabolak ziren, baina ez ziren enborrekin egiten, habeekin egindakoa zuten barneko egitura eta kanpoko lau paretak goitik beherako oholekin jarriak. Erdi Aroko txabolak gaur egungo baserriak baino askoz txikiagoak ziren, baina bazegoen tokia animalientzat eta lastoa pilatzeko, eta baita familia bizitzeko ere. Hala ere, dolarea, bihitegiak, txerritegia eta borda etxebizitzatik bereizita zeuden.

Euskal lurraldeetako lehen baserriak XV. mendean hasi ziren eraikitzen, bi berrikuntza nagusi gauzatu ziren. Alde batetik, karez eta harriz eraikitzen ziren. Eta bestetik, lehen aipatutako elementu guztiak (pertsonen bizilekuak, animalien tokiak, dolareak…) eraikin berean batzen ziren. Baserri mota asko dauden arren, nagusiki bi solairu dituzte: behekoa, familiarentzat eta etxe-abereentzat eta goikoa, uzta pilatzeko.

Harrizko hormekin egindako etxeak XVI. mendearen lehen erdialdean zabaldu ziren. Orduan landetan zabaldu zen segurtasun eta oparotasun giroak eta Errege Katolikoen erregetzaren ondoren, bai Ameriketan eta bai Andaluzian, aberasteko aukera berriek, nekazariak lasaiago bizitzeko eta etorkizunerako plan baikorrak egiteko aukera eskaini zieten. Ez zegoen nobleen erasoaldi edo lapurreten arriskurik, eta nekazari-familien bihotzetan ordura arte bizitu ziren txabola zaharkituak alde batera utzi eta etxebizitza duin eta iraunkor batean bizitzeko nahia nagusitu zen. Baserri pila bat egin ziren bat-batean, harriz eta egurrez gehienetan, bi materialak ezin hobeto nahasten zituzten teknikak erabiliz.

XVI. mendean gauzatu zen baserrien garapen nagusia. Lurraren jabetza modu onargarrian zegoen banatuta eta nekazariek lanaren fruituak ekonomia-giro hedakor eta baikorrean goza zitzaketen. Egia da klima, lur mota eta lurraldeko orografia zaila ez zirela oso egokiak laboreak landatzeko, baina familiaren ahalegin etengabeak lortzen zion lurrari bizitzeko adina janari kentzea. Sagardoa, gaztaina, haragia, behi adarrak eta larrua saltzeak gutxieneko sarrerak osatzea ahalbidetzen zuen eta inguruko herrietako merkatuak Nafarroako eta Gaztelako gariaz ondo horniturik zeuden, lurraldeko berezko defizita osatzeko.

Ekonomia euskal lurraldeetan Aro Modernoan: nekazaritza

Nekazaritza-arloan, euskal lurraldeetako eremu atlantikoan gehien lantzen ziren landareak garia, artatxikia, sagarra eta barazkiak (batez ere baba eta ilarra) ziren. Garaiko teknikekin nekazarien produkzio-ahalmena mugatua zen eta ekoizpena errentak ordaintzera eta autokontsumora bideratuta zegoen nagusiki. Eremu atlantikoan nekazaritza-jarduerak, nagusiki baserrietan gauzatzen ziren. Euskal lurraldeetako alde mediterraneoan gari, garagar eta mahastien artean banatzen ziren lurrak.

Aro honetan garrantzi handia izan zuten Amerikatik ekarritako labore berriek: patata, artoa, tomatea… Nahiz eta XVII. mendean ia Europa osoan demografia eta ekonomia geldialdia gertatu, euskal lurraldeetan eragin txikiagoa izan zuen krisiak, funtsezkoa gertakari batengatik: artoaren iraultza. Artoak alde on nabarmenak zituen:

– Landatutako hazi bakoitzak errendimendu handia zuen: gariarena halako hiru.

– Lurrera egokitzeko ahalmenari esker, landutako azalera handitu egin zen; izan ere, beste zereal batzuk landatzeko egokiak ez ziren lurrak erabil zitezkeen

– Artoak lugorria pixkanaka desagertzeko aukera eman zuen. Artoaren eta gariaren arteko txandaketari esker, urtean bi uzta zituzten euskaldunek: bata, gariarena, eta bestea, artoarena.

Nekazaritzarekin oso lotua zegoen abelazkuntza. Kostaldean behiak eta idiak nekazarien laboreei lotuak zeuden: lurra lantzeko erabiltzen ziren, egur-ikatza edo mea garraiatzeko… Lan horiek betetzeko gauza ez zirenean, gizenduz, haragitarako erabiltzen ziren.

Erdi Aroko ekonomia-jarduerak: abelazkuntza

Abelazkuntza arloan, behiak, ardiak, ahuntzak eta txerriak ziren abere ugarienak eremu kristauan. Musulmanean horiek berak, salbu txerria. Tokien arabera batzuk edo besteak ziren ugariago, baina leku guztietan nahiko ugari ziren abere horiek. Horien atzetik zaldiak eta astoak zeuden, baina askoz urriago. Animalia txikiagoen artean ahateak, antzarak eta oiloak ere hazten ziren.

Ganadu handiaren parte bat, herrietatik hurbil samarreko larreak aprobetxatu ostean, inguru garaiagoetara aldatzen zuten uda partean. Litekeena da Euskal lurraldeetako biztanleriaren parte bat artzain- edo abeltzain-jardueretan espezializatuta egotea, eta urte-sasoien arabera bizitza erdi-nomada egitea, animalientzako larre eta janari bila toki batetik bestera, lurralde atlantikotik mediterraneora. Abeltzaintzak eskura jarri zituen, besteak beste, haragia, gantza eta esnea, baina jaki horiez gain hainbat lehengaitarako iturri ere bazen: artilea, larrua edo adarra, baliagarriak guztiak ehunak eta funtsezko beste artikulu batzuk egiteko. Gainera, idi eta zaldien bidez bazuten indarra lurra goldatzeko, gurdiak garraiatzeko edota toki batetik bestera mugitzeko.

Erdi Aroko ekonomia-jarduerak: nekazaritza

Erdi Aroan, biztanleriaren % 90 nekazaria zen. Erdi Aroan lurra dena zen. Europako biztanleria ia osoak lurreko jardueretan egiten zuen lan, hau da, nekazari-abeltzain jardueretan. Jendearen bizibidea lurrari lotuta zegoen, urtaro bakoitzeko lanei, uzta on edo txarrei. Lurra zen aberastasun-iturria.

Nekazaritza herri xehearen giza taldekoen ekonomia-jarduera zen eta batez ere herrietan eta herrixketan gauzatzen zen jarduera hori. Nekazari esklaboak baziren, baina nekazari gehienak nekazari libreak ziren. Halere, nekazari gehienak libre izateak ez zuen esan nahi soilik beren buruentzat lan egiten zutenik. Nekazari libreen artean mota askotakoak zeuden. Batzuk ez zuten lur propiorik eta jaunen lurretan egiten zuten lan errenta edo alokairu bat ordaintzearen truke, jopuak ziren. Beste batzuk lursail txikien jabe ziren, baina haiek ere uztaren zati bat erregeari edota elizari eman behar zioten zerga gisa. Elizari emandakoak hamarrena izena hartzen zuen, uztaren ehuneko hamarra eman behar zielako.

XI. mendetik aurrera, pixkanaka hainbat aldaketa eta teknika berri agertzen joan ziren: lugorri uzten ziren zenbait sail, lurrari atsedena emanez abereak bazkatzeko erabiltzen ziren lurrak; txandakatze-sistema, urte batetik bestera lursail bati erabilera desberdinak emanez, tartean urtebete lugorri utzita; animalien lepokoak eta ferrak, errazago eta azkarrago lan egin zezaten; errotak, lehenik laboreak ehotzeko eta, gero, beste hainbat gauzatarako, uraren eta airearen indarra erabiliz; haziak hobeto aukeratzea: golde handiagoak eta hobeak. Golde horiei esker, hainbat basotako lurra ere lantzen hasi ziren.

Bestalde, nekazaritza-lur gehiago erabiltzen hasi ziren, biztanleriaren igoerak eta birpopulatzeak bultzatuta, lur berri ugari egokitu baitzituzten. Horrekin guztiarekin, lurrari etekin handiagoa atera zioten, eta pixkanaka XIII. mendetik aurrera soberakinak sortzen hasi ziren. Horrek merkataritza indartzea eta hiriak sortzea ekarri zuen.

Nekazaritza euskal lurraldeetan

Nekazaritza Euskal lurralde osoan hedatzen zen. Landutako zereal nagusiak garia, garagarra eta artatxikia ziren. Bestalde, lekaleak ere ekoizten ziren: baba eta ilarra besteak beste. Nekazaritza tekniken artean zerealen eta lekaleen txandakatze-sistema ohikoa zen. Landareen ezaugarriak tarteko, ereintza udazken-neguan eta udaberri aldean egingo zen, eta bilketa berriz uda partean. Lihoa ere landatzen zuten, ehunak egiteko erabiltzen zena. Bestalde, mahastiak ere lantzen zituzten.

Euskal lurraldeetako alde mediterraneoan, aurreko landareez gain, olibondoak ere hazten zituzten. Lurra lantzeko burdinazko nabardun (puntadun) goldeak erabiltzen zituzten, idiz edo zaldiz tiratuak, eta zerealak biltzeko metalezko igitaiak. Irina lortzeko harrizko esku-errota zirkularrak arruntak ziren. Produktuak gordetzeko eskuz edo tornuz egindako zeramikazko ontziak zeuden. Lurrean egindako zulo sakonak ere erabiltzen zituzten biltegi gisa.