Erdi Aroko gizarte-antolamendua: herri-xehea

Gizartearen zatirik handiena herri xeheak osatua zen. Herritar xeheek lan egin eta zergak ordaindu behar zituzten. Erdi Aroko gizartean herri xehearen funtzioa lan egin eta beste bi taldeak bizitzeko behar zutena hornitzea zen. Hasieran, eta hainbat mendez, nekazariek soilik osatzen zuten talde hori, eta biztanleen % 80-90 inguru hartzen zuen; gehienak feudoetan lan egiten zuten jaun feudalarentzat edo monasterioentzat.

Nekazarien artean hainbat egoera bereizten ziren. Nekazari libreak zeuden egoera onenean, baina oso gutxi ziren. Euren lurren jabe ziren eta, zenbait zerga ordaindu behar izan arren, ez zuten goi-mailakoekiko beste eginbeharrik. Erregearen esanetara zeuden, eta hark askotan deitzen zien gerrarako.

Nekazari gehienak, ordea, jopuak ziren, eta ia esklabotza-egoeran bizi ziren. Asko lurrari atxikita bizi ziren, jauntxoen mende zeuden eta ezin zuten lantzen zuten lurra utzi. Lantzen zuten lurraldean bizi behar zuten, handik alde egiteko eskubiderik gabe. Krisi-garaietan oso larria izaten zen nekazari haien egoera. Lurrak ez ziren beraienak, nobleenak eta elizarenak baizik. Nobleek edo elizak zenbait lursail uzten zizkieten, familiarentzat janaria eskura izan zezaten. Utzitako lur horien truke, errenta finkoak ordaintzeaz gain, lur-jabeen sailak landu behar izaten zituzten.

Zenbait jopu Antzinaroko esklaboen ondorengoak ziren, eta jaunak emandako lurretan (mansus) egiten zuten lan. Beste batzuk epailearen zigor baten ondorioz ziren jopu. Txiroenak, irauteko bitartekorik ez zutenak, “borondatez” bihurtu ziren jopu, beren burua jaunari entregatuta.

Beste jopu batzuk nekazariak eta lurren jabeak ziren, baina beren burua jaun bati gomendatu ziotenez, lur guztiak jaun horri eman behar izan zizkioten babes truke. Batzuetan, gainera, herri osoa gomendatzen zitzaion jaunari.

Ugariak ziren, halaber, nekazari jabe txikiak; baina jabe horiek ere ez zeuden lurraldean agintzen zuen jaunaren agindupetik kanpo, zentsu (census) ugari ordaindu behar izaten baitzituzten: uzta zati bat edo kopuru finko bat urtero, kanon bat, errotak, labeak, larreak… erabiltzeagatik. Oinordekotza-banaketa zela eta, gainera, lursailak gero eta txikiagoak ziren, eta ez zuten jaunari ordaintzeko eta familia elikatzeko adina ematen.

Joputza, jatorria edozein izanik ere, ondorengotzan jasotzen zen. Jopuen arteko desberdintasun bakarra lantzen zuten lursailaren tamainan eta nekazaritzako tresnak edo abereak izatean edo ez izatean zetzan. Horrez gain, inor ez zegoen libre jaunen gehiegikerietatik, ezta jornaleroak ere.

Erdi Aroko ekonomia-jarduerak: nekazaritza

Erdi Aroan, biztanleriaren % 90 nekazaria zen. Erdi Aroan lurra dena zen. Europako biztanleria ia osoak lurreko jardueretan egiten zuen lan, hau da, nekazari-abeltzain jardueretan. Jendearen bizibidea lurrari lotuta zegoen, urtaro bakoitzeko lanei, uzta on edo txarrei. Lurra zen aberastasun-iturria.

Nekazaritza herri xehearen giza taldekoen ekonomia-jarduera zen eta batez ere herrietan eta herrixketan gauzatzen zen jarduera hori. Nekazari esklaboak baziren, baina nekazari gehienak nekazari libreak ziren. Halere, nekazari gehienak libre izateak ez zuen esan nahi soilik beren buruentzat lan egiten zutenik. Nekazari libreen artean mota askotakoak zeuden. Batzuk ez zuten lur propiorik eta jaunen lurretan egiten zuten lan errenta edo alokairu bat ordaintzearen truke, jopuak ziren. Beste batzuk lursail txikien jabe ziren, baina haiek ere uztaren zati bat erregeari edota elizari eman behar zioten zerga gisa. Elizari emandakoak hamarrena izena hartzen zuen, uztaren ehuneko hamarra eman behar zielako.

XI. mendetik aurrera, pixkanaka hainbat aldaketa eta teknika berri agertzen joan ziren: lugorri uzten ziren zenbait sail, lurrari atsedena emanez abereak bazkatzeko erabiltzen ziren lurrak; txandakatze-sistema, urte batetik bestera lursail bati erabilera desberdinak emanez, tartean urtebete lugorri utzita; animalien lepokoak eta ferrak, errazago eta azkarrago lan egin zezaten; errotak, lehenik laboreak ehotzeko eta, gero, beste hainbat gauzatarako, uraren eta airearen indarra erabiliz; haziak hobeto aukeratzea: golde handiagoak eta hobeak. Golde horiei esker, hainbat basotako lurra ere lantzen hasi ziren.

Bestalde, nekazaritza-lur gehiago erabiltzen hasi ziren, biztanleriaren igoerak eta birpopulatzeak bultzatuta, lur berri ugari egokitu baitzituzten. Horrekin guztiarekin, lurrari etekin handiagoa atera zioten, eta pixkanaka XIII. mendetik aurrera soberakinak sortzen hasi ziren. Horrek merkataritza indartzea eta hiriak sortzea ekarri zuen.

Nekazaritza euskal lurraldeetan

Nekazaritza Euskal lurralde osoan hedatzen zen. Landutako zereal nagusiak garia, garagarra eta artatxikia ziren. Bestalde, lekaleak ere ekoizten ziren: baba eta ilarra besteak beste. Nekazaritza tekniken artean zerealen eta lekaleen txandakatze-sistema ohikoa zen. Landareen ezaugarriak tarteko, ereintza udazken-neguan eta udaberri aldean egingo zen, eta bilketa berriz uda partean. Lihoa ere landatzen zuten, ehunak egiteko erabiltzen zena. Bestalde, mahastiak ere lantzen zituzten.

Euskal lurraldeetako alde mediterraneoan, aurreko landareez gain, olibondoak ere hazten zituzten. Lurra lantzeko burdinazko nabardun (puntadun) goldeak erabiltzen zituzten, idiz edo zaldiz tiratuak, eta zerealak biltzeko metalezko igitaiak. Irina lortzeko harrizko esku-errota zirkularrak arruntak ziren. Produktuak gordetzeko eskuz edo tornuz egindako zeramikazko ontziak zeuden. Lurrean egindako zulo sakonak ere erabiltzen zituzten biltegi gisa.