Ekonomia euskal lurraldeetan Aro Modernoan: nekazaritza

Nekazaritza-arloan, euskal lurraldeetako eremu atlantikoan gehien lantzen ziren landareak garia, artatxikia, sagarra eta barazkiak (batez ere baba eta ilarra) ziren. Garaiko teknikekin nekazarien produkzio-ahalmena mugatua zen eta ekoizpena errentak ordaintzera eta autokontsumora bideratuta zegoen nagusiki. Eremu atlantikoan nekazaritza-jarduerak, nagusiki baserrietan gauzatzen ziren. Euskal lurraldeetako alde mediterraneoan gari, garagar eta mahastien artean banatzen ziren lurrak.

Aro honetan garrantzi handia izan zuten Amerikatik ekarritako labore berriek: patata, artoa, tomatea… Nahiz eta XVII. mendean ia Europa osoan demografia eta ekonomia geldialdia gertatu, euskal lurraldeetan eragin txikiagoa izan zuen krisiak, funtsezkoa gertakari batengatik: artoaren iraultza. Artoak alde on nabarmenak zituen:

– Landatutako hazi bakoitzak errendimendu handia zuen: gariarena halako hiru.

– Lurrera egokitzeko ahalmenari esker, landutako azalera handitu egin zen; izan ere, beste zereal batzuk landatzeko egokiak ez ziren lurrak erabil zitezkeen

– Artoak lugorria pixkanaka desagertzeko aukera eman zuen. Artoaren eta gariaren arteko txandaketari esker, urtean bi uzta zituzten euskaldunek: bata, gariarena, eta bestea, artoarena.

Nekazaritzarekin oso lotua zegoen abelazkuntza. Kostaldean behiak eta idiak nekazarien laboreei lotuak zeuden: lurra lantzeko erabiltzen ziren, egur-ikatza edo mea garraiatzeko… Lan horiek betetzeko gauza ez zirenean, gizenduz, haragitarako erabiltzen ziren.

Erdi Aroko ekonomia-jarduerak: basoari eta fruta-arbolei lotutako jarduerak

Basoari eta fruta-arbolei lotutako jarduerei dagokionez, nekazaritzak eta abelazkuntzak baino garrantzia gutxiago zuten, baina kontuan hartzeko modukoak ziren. Basoan, bereziki udaberritik aurrera, hegaztiak, untxiak, erbiak, basurdeak, oreinak eta beste animalia jangarri batzuk harrapa zitezkeen. Nekazariek tranpak eta sareak erabiltzen zituzten batez ere.

Basoak garrantzia handia zuen egurra lortzeko ingurune gisa, eta landare jatorriko elikagai-iturri gisa: sustraiak, masustak, basa-fruituak… Baziren horiez gain fruta-arbolak ere. Euskal Herriko alde atlantikoan garrantzia berezia zuten sagastiek. Baina horiez gain, gaztainondoak, intxaurrondoak, udareondoak, aranak, eta beste ere hazten ziren.

Basoko ekoizpena ere nahiko garrantzitsua zen. Basotik ateratzen ziren sutarako zein ikatza egiteko egurra, ganaduaren oheak egiteko orbelak, baita basa-fruituak, perretxikoak eta inoiz ehizakiren bat ere. Gizakiak basoaren gainean eragin zuzen-zuzena zuen, baliagarriak zitzaizkion zuhaitz espezieak landatzen edota babesten baitzituen: haritzak (ikatza egiteko, eraikuntzarako, ezkurrekin txerriak elikatzeko…), lizarrak (ikatzetarako zein eraikuntzarako), intxaurrondoak (eraikuntzarako, eta jaki gisa), gaztainondoak (ikatz, eraikuntza eta jaki gisa), hurritzak (jaki gisa, hesiak egiteko), etab. Basoa, bada, ez zen lehen begiratuen eman zezakeen eremu naturala, gizakien mendetako jarduerak eraldatu eta moldatu baitzuen.

Erdi Aroko ekonomia-jarduerak: arrantza

Erdi Aroan, euskal lurraldeetan bi arrantza mota egiten ziren: ibaiko eta itsasokoa arrantza. Batetik ibai eta erreketako arrantza zegoen. Amuz zein sarez arrantzatzen zen, baita urak kare bidez “kutsatuz” ere. Errekako espezie estimatuenak izokina, aingira, gaizkata eta kolaka ziren.

Baina Berant Erdi Aroan indarra hartu zuen itsasoko arrantzak, ibaietakoak baino askoz jende gehiago enplegatzen zuen. Lehenago, Goiz Erdi Aroan, 1000. urtean adibidez, itsas arrantza jarduerak oso urriak izan ziren euskal kostaldean. XII.-XIII. mendeetatik aurrera, berriz, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko kostaldea suspertu egin zen. Hiribilduak fundatzeak babes juridikoa eta bultzada ekonomikoa eman zien kostaldeko hainbat guneri. Inguru hartan ezarri edo indartu ziren guneen artean aipa litezke Portugalete, Plentzia, Bermeo, Lekeitio, Ondarroa, Mutriku, Zumaia, Getaria, Zarautz, Orio, Donostia, Hondarribia, Angelu, Biarritz eta Baiona. Halako guneen inguruan, hurrengo puntuan azalduko denez, ontzigintzak eta beste jarduera batzuk, aparteko loraldia izan zuten Berant Erdi Aroan. Ekoitzitako itsasontzien parte bat arrantzarako erabili zen, eta biztanleria gune haietako jende asko bihurtu zen arrantzale. Euskal arrantzaleek sardina, bisigua, legatza, bokarta, antxoa, itsas-aingira, meroa eta beste espezie asko harrapatzen zituzten.

Balearen ehiza

Itsasoko arrantzarekin oso lotuta balearen ehizak ere garrantzia handia hartu zuen Berant Erdi Aroan. Euskaldunek gehien ehizatzen zuten balea mota sardako balea zen (Eubalaena glacialis), 15 metroko luzera izatera heltzen zena eta 50 tonako pisua. Balea hori neguko migrazioetan Ozeano Atlantikoaren iparraldetik euskal kostaldera gerturatzen zen, eta une hori baliatzen zen ehizatzeko, batez ere urtarril aldean.

Kalkulatzen denez euskal kostaldeko herri bakoitzak, batez beste, urtean bizpahiru balea ehizatzen zituen (urte txarretan bat ere ez). Itxuraz ez da asko, baina baleak hain animalia handiak zirenez eta hain prezio altukoak (baleen olioa, haragia, bizarrak, eta beste parte guztiak aprobetxatzen ziren), urtero balea bakar bat harrapatzeak ere izugarrizko aberastasuna zekarkion herriari. Horregatik, kostaldeko hiribilduek inguruko tontorretan zaintza-postu iraunkorrak jartzen zituzten, talaiak, eta balea bistaratzean, zaindariak abisua eman orduko (kanpaiz edo bestela zaratotsak ateraz), herriko arrantzaleak traineruetan ateratzen ziren balea harrapatu eta arpoiz hiltzera.

Ehiza etengabe horrek baleak urritzea ekarri zuen euskal kostaldean. Ondorioz, euskal arrantzale batzuk baleen bila urrunagoko itsasoetara joaten hasi ziren. Jada XIV. mendean, Ingalaterra eta Irlandako itsasoetan dokumentatzen dira euskal balea-ehiztariak. XV. mendean Islandian. Eta azkenik, XVI. mendean, Ternuan (Ipar Ameriketan). Balearen ehizak Berant Erdi Aroan (eta geroago) zuen garrantziaren lekuko, euskal kostaldeko hainbat udalerrik beren armarrietan animalia haren irudia ezarri zuten. Eta armarri horietan ikus litezke gaur egun ere.

Erdi Aroko ekonomia-jarduerak: abelazkuntza

Abelazkuntza arloan, behiak, ardiak, ahuntzak eta txerriak ziren abere ugarienak eremu kristauan. Musulmanean horiek berak, salbu txerria. Tokien arabera batzuk edo besteak ziren ugariago, baina leku guztietan nahiko ugari ziren abere horiek. Horien atzetik zaldiak eta astoak zeuden, baina askoz urriago. Animalia txikiagoen artean ahateak, antzarak eta oiloak ere hazten ziren.

Ganadu handiaren parte bat, herrietatik hurbil samarreko larreak aprobetxatu ostean, inguru garaiagoetara aldatzen zuten uda partean. Litekeena da Euskal lurraldeetako biztanleriaren parte bat artzain- edo abeltzain-jardueretan espezializatuta egotea, eta urte-sasoien arabera bizitza erdi-nomada egitea, animalientzako larre eta janari bila toki batetik bestera, lurralde atlantikotik mediterraneora. Abeltzaintzak eskura jarri zituen, besteak beste, haragia, gantza eta esnea, baina jaki horiez gain hainbat lehengaitarako iturri ere bazen: artilea, larrua edo adarra, baliagarriak guztiak ehunak eta funtsezko beste artikulu batzuk egiteko. Gainera, idi eta zaldien bidez bazuten indarra lurra goldatzeko, gurdiak garraiatzeko edota toki batetik bestera mugitzeko.

Erdi Aroko ekonomia-jarduerak: nekazaritza

Erdi Aroan, biztanleriaren % 90 nekazaria zen. Erdi Aroan lurra dena zen. Europako biztanleria ia osoak lurreko jardueretan egiten zuen lan, hau da, nekazari-abeltzain jardueretan. Jendearen bizibidea lurrari lotuta zegoen, urtaro bakoitzeko lanei, uzta on edo txarrei. Lurra zen aberastasun-iturria.

Nekazaritza herri xehearen giza taldekoen ekonomia-jarduera zen eta batez ere herrietan eta herrixketan gauzatzen zen jarduera hori. Nekazari esklaboak baziren, baina nekazari gehienak nekazari libreak ziren. Halere, nekazari gehienak libre izateak ez zuen esan nahi soilik beren buruentzat lan egiten zutenik. Nekazari libreen artean mota askotakoak zeuden. Batzuk ez zuten lur propiorik eta jaunen lurretan egiten zuten lan errenta edo alokairu bat ordaintzearen truke, jopuak ziren. Beste batzuk lursail txikien jabe ziren, baina haiek ere uztaren zati bat erregeari edota elizari eman behar zioten zerga gisa. Elizari emandakoak hamarrena izena hartzen zuen, uztaren ehuneko hamarra eman behar zielako.

XI. mendetik aurrera, pixkanaka hainbat aldaketa eta teknika berri agertzen joan ziren: lugorri uzten ziren zenbait sail, lurrari atsedena emanez abereak bazkatzeko erabiltzen ziren lurrak; txandakatze-sistema, urte batetik bestera lursail bati erabilera desberdinak emanez, tartean urtebete lugorri utzita; animalien lepokoak eta ferrak, errazago eta azkarrago lan egin zezaten; errotak, lehenik laboreak ehotzeko eta, gero, beste hainbat gauzatarako, uraren eta airearen indarra erabiliz; haziak hobeto aukeratzea: golde handiagoak eta hobeak. Golde horiei esker, hainbat basotako lurra ere lantzen hasi ziren.

Bestalde, nekazaritza-lur gehiago erabiltzen hasi ziren, biztanleriaren igoerak eta birpopulatzeak bultzatuta, lur berri ugari egokitu baitzituzten. Horrekin guztiarekin, lurrari etekin handiagoa atera zioten, eta pixkanaka XIII. mendetik aurrera soberakinak sortzen hasi ziren. Horrek merkataritza indartzea eta hiriak sortzea ekarri zuen.

Nekazaritza euskal lurraldeetan

Nekazaritza Euskal lurralde osoan hedatzen zen. Landutako zereal nagusiak garia, garagarra eta artatxikia ziren. Bestalde, lekaleak ere ekoizten ziren: baba eta ilarra besteak beste. Nekazaritza tekniken artean zerealen eta lekaleen txandakatze-sistema ohikoa zen. Landareen ezaugarriak tarteko, ereintza udazken-neguan eta udaberri aldean egingo zen, eta bilketa berriz uda partean. Lihoa ere landatzen zuten, ehunak egiteko erabiltzen zena. Bestalde, mahastiak ere lantzen zituzten.

Euskal lurraldeetako alde mediterraneoan, aurreko landareez gain, olibondoak ere hazten zituzten. Lurra lantzeko burdinazko nabardun (puntadun) goldeak erabiltzen zituzten, idiz edo zaldiz tiratuak, eta zerealak biltzeko metalezko igitaiak. Irina lortzeko harrizko esku-errota zirkularrak arruntak ziren. Produktuak gordetzeko eskuz edo tornuz egindako zeramikazko ontziak zeuden. Lurrean egindako zulo sakonak ere erabiltzen zituzten biltegi gisa.