Hiriko arazoak

Hiri guztiek arazo berberak izaten dituzte, kokalekutzat duten herrialdearen garapen-maila zeinnahi delarik ere. Baina arazo orokor horiez gain, inguru bakoitzari dagozkion arazoak ere izaten dituzte.

Hona hemen hirietako arazorik arruntenak:

  • Ingurumena

Arazorik larriena kutsadura atmosferikoa eta akustikoa da. Herrialde garatuetako hiriek urrundu egin dituzte industriak hirigunetik; hala eta guztiz ere, ibilgailuek, klimatizazio-sistemek eta hotsek eragindako kutsadura jasan behar izaten dute.

Gutxi garatutako herrialdeetan industrialdeak hirigunean bertan izaten dira eta hortaz, aurreko kutsaduraz gain, industriek sortutakoa ere jasan behar izaten dute.

  • Etxebizitza

Herrialde garatuetan, etxebizitza lortzeko arazoak izaten dira, oso garestiak baitira. Garapen bidean daudenetan aldiz, etxe eskasak sortzen dira, higiene eta osasun egoera eskaseko auzo handietan.

  • Hornikuntza eta hondakinak

Arazo nagusiak ur eta energia hornikuntzari lotuak dira. Hiriek ur, elikagai eta energia kopuru handia behar dute, horrek azpiegitura konplexuak eskatzen ditu. Bestalde hirian sortzen den zaborra eta hondakin-urak bideratzea ezinbestekoa da.

  • Garraio arazoak

Hiriek garraio sare konplexua dute jendearen eta salgaien eguneroko fluxua ziurtatzeko. Hala ere, puntako orduetan auto ilara handiak sortzen dira; alegia, langileen sartu-irtenek denden ordutegiekin bat egiten dutenean.

  • Ekipamendu kolektiboak

Gehienetan irakaskuntza eta osasun zentroen gabezia izaten da, baita pertsona helduei eta ezinduei arreta emateko zentroena ere. Herrialde garatuen eta garapen bidean daudenen arteko desberdintasunak ikaragarriak dira hornikuntza horiei dagokienez.

  • Marginatutako gune ugari

Maila ekonomiko txikia dutenak eremu merkeenetan bizi dira, eremu horiek komunikazio kaskarra eta zerbitzu gutxi eta kalitate gutxikoak dituzte.

Egoera hori are larriagoa da garapen bidean dauden herrietan. Biztanleen % 30-60 txaboletan bizi ohi da. Zenbait hiritan, Mumbain (India) adibidez, gutxienez 500.000 gizaki kale gorrian bizi da, etxerik gabe.

  • Gizarte arazoak

Hirien hazkundeak beste arazo batzuk sortu ditu; hala nola: hirietako tribuak, indarkeria, delinkuentzia, langabezia, drogak… Arazo horiek, hirian ez ezik, hiritik kanpo ere badaude, baina hirietan hainbeste jende bizitzeak arazo horien agertzea eta ugaritzea errazten du.

Hiri egitura berriak

Gaur egun, hiriko biztanleak izugarri ugaritu dira. Horrenbestez, hiri egitura berriak ari dira sortzen eta horiek guztiak hiriaren paisaia fisikoan eta inguruan eraldaketa handiak sortu dituzte.

Hasiera batean, egitura horiek herrialde garatuetako hirietakoak soilik izaten ziren, baina gaur egun, fenomeno hori orokortu egin da, eta garapen bidean dauden herrialdeetako hirietan ere egon badaude.

Honako hauek dira hiri egitura berri horiek:

  • Metropoli-eremua
  • Konurbazioa
  • Megalopolisa

METROPOLI-EREMUA

Hiri handi baten inguruan dagoen hiri-eremu zabala da, administratiboki zenbait udalerri biltzen dituen hiri-azalera, hirien arteko lotura ekonomiko eta sozial garrantzitsuak dituena. Hiri-eskualde horiek, gehienetan, funtzionamendu zentralizatua dute.

Hiri handietan hedatze-prozesua ari da gertatzen eta hiri txikiagoak xurgatu egiten dituzte, inguruko hiri eta herri txikiak, alegia. Herri txiki horiek administrazio-autonomia eta autonomia judiziala galdu eta hiri nagusiko barruti bilakatzen dira, hiri nagusiaren lotarako gune, industriagune… Inguruko herrietako biztanleak, askotan, hiriko lanpostuen eta zerbitzuen mende daude; adibidez, Bilbon, Madrilen edo Bartzelonan.

Iruñeak eta Gasteizek ere sortu dute metropoligunea azken hamarkadatan.

KONURBAZIOA

Bi hirik edo gehiagok bat egiten dutenean sortzen da. Ikuspegi fisikotik hiriak bat eginda badaude ere, bakoitzak bere administrazio-erregimenari eta erregimen juridiko independenteari eusten dio.

Pareko tamainatako hirien artean gertatzen da fenomeno hori. Hirietako bat bestea baino handiago bada, ordea, hiri handiarekiko mendekotasun irizpidea finkatu ohi da.

Metropoligunean ez bezala konurbazioa zentrorik gabeko eremua da. Lehen banaturik zeuden hirien baturak sorturiko hiri-eremu handi bakoitzak bere independentzia mantentzen du.

Baiona-Donostia Euskal Eurohiria edo, besterik gabe, Euskal Eurohiria, Baiona eta Donostia arteko konurbazioari esaten zaio. Bidasoa ibaia azken mendeotan izan den muga politiko eta administratiboaren bi aldeetan hedatzen den hiri-espazioa da. Gaur egun, 600.000 biztanle inguru eta 42 udalerri ditu. Europan konurbazio argi bat Rotterdam-Amsterdam artean sorturikoa da.

MEGALOPOLISA

Zenbait hiri handi eta haren mendeko auzoak biltzen dituen hiri-eremua da. Hiriek nolabaiteko independentzia badute ere, mendekotasun nabarmena dute. Askotan, hiri handiek sortutako konurbazioak edo metropoligune erraldoiak elkartuta sortzen dira megalopolisak. Sortzen den eremua, beste hiri bat izan ohi da, bestelako arazoak eta konponbideak dituena.

Munduko megalopolisik handienak Boston-Washington eta Tokio-Fukuoka dira: 50 milioi biztanle inguru dituzte. Kuantitatiboki hiriguneak 10 milioi baino biztanle gehiago biltzen dituenean, esaten dugu hori megalopolisa dela.

Hirien barne-egitura

Hiria, itxura eta hainbat eginkizun edo funtzio dituen inguruetan banatzen da.

Erdigunea

Gune horretan, hiriko merkataritza- eta negozio-jarduera nagusiak biltzen dira: merkataritza, finantza, aisiaguneak, enpresa handien gizarte-egoitzak, etab. Ameriketako Estatu Batuetan CBD (Central Business district) edo Downtown esaten zaio.

Europan, hirien erdigune historikoan edo kalitatezko auzoetan ezartzen da, adibidez XIX. mendeko zabalgune burgesetan, edo XX. mende erdialdetik aurrera eraikitako guneetan. Erdigunea, hainbat herritan, alde zaharrak eta zabalgune horiek osatzen dute.

Hauek dira hiriaren erdialdearen ezaugarriak:

  • Kalerik jendetsuenak eta irisgarrienak dira garraio-sare nagusiak biltzen direlako.
  • Jende gutxi bizi da, etxebizitza garestienak direlako.
  • Industria-jarduerarik ez.

Egoitzagune historikoak

Europako herrialdeetan, gehienetan, alde zaharraren ondoan kokatzen dira, hiria sortu zen inguruan, nahiz eta gaur egun etxebizitzak zaharkituak egon daitezkeen. Alderdi historikotik begiratuta, gune adierazgarrienak izan ohi dira.

Periferia

Erdigunetik kanpora hainbat hirigune topa ditzakegu: bizilekuak, industrialdeak eta ekipamenduguneak, besteak beste.

Bizilekuak

Hiriaren espazio gehiena hartzen dute. Hiriaren erdialdetik, kanpoaldera gizarte-ekipamendu eta instalazioak dituen auzoetan antolatzen dira, gehienak gizarte-mailaren arabera.

  • Goi-mailakoak: familia bakarreko etxeak, periferian bizi dira, espazio berdez eta ekipamendu onez inguratuta.
  • Erdi mailakoak: erdigunean kokatuak, eta zerbitzu egokiz hornituak.
  • Langileak: Eraikinen dentsitate handia egon ohi da auzo horietan, eta kalitate eskaseko eraikunak. Kasu askotan, hirian lan egiten duten pertsonentzako egoitzagune edo lotarako auzo gisa funtzionatzen dute.
  • Infraetxeak eta txabolen auzoak, slung deiturikoak, talderik behartsuenentzat. Horietan oinarrizko zerbitzurik eta ekipamendurik ez dago.

Industrialdeak

Gaur egun, herrialde garatuetan industriak hiri inguruko bide nagusien ondoan daude industria-poligonoetan edo parke teknologikoetan. XX. mende erdialdera arte ohikoa zen industriak hiri erdietan kokaturik egotea eta oraindik horrelakoak ikus ditzakegu gure artean (Errenteria). Industrialdeetan garraio-hiriak ere topa ditzakegu.

Ekipamenduguneak

Horrelakoetan, zerbitzuetarako espazio handiak daude: merkataritza-zentroak, ikastetxeak, ospitaleak, aisialdiguneak (parke tematikoak), aireportuak, kiroldegiak…

Hirien planoak

Hiriak, sortzen den garaiaren arabera edo sortzen den lekuaren arabera, itxura bat edo bestea izaten du. Erdi Aroan sortutako hiri gehienak itxura nahasia dute, kale estu eta ordenatu gabeak dira. Aldiz, ibai baten edo errepide baten inguruan sortutakoak, linealak izaten dira, ibai edo errepide horren alboetan eraikitzen dira etxebizitzak.

Hiriak, edo auzo berriak, planifikazio baten ondoren eraikitzen badira, plano horiek antolatuagoak izaten dira, bai ortogonalak bai erradiozentrokideak.

  • Plano nahasia
  • Plano ortogonala
  • Plano erradiozentrokidea
  • Plano lineala

Plano nahasia, edo irregularra

Plano mota horretako guneetan, kale estuak eta gorabeheratsuak dira nagusi, batzuk irteerarik gabekoak, era anarkikoan antolatuak. Plazek ez dute forma jakinik. Plano irregularra izaten zen Erdi Aroan ohikoena eta oraindik hainbat hiritako alde zaharrek plano hori mantentzen dute (Toledo, Fez, Marrakex…). Horrelako hiri gehienak zahartze prozesuan murgilduak daude eta hainbatetan, bereziki turismoari begira, eraberritzeko lanetan ari dira. Plano mota hori duten hirietan ibilgailuentzako sarbide zaila dute eta horrek hainbat arazo ekar ditzake (bai obretako materiala edo altzariak garraiatzeko, baita anbulantziak iristeko ere).

Plano ortogonala

Koadrikula edo dama-joko itxurakoa, angelu zuzenean elkar ebakitzen duten kaleek osatzen dute plano mota hori. Greziarren eta erromatarren garaiko herriak dira (Tarragona, Castello, Aranjuez). XIX. mendeko hiri-zabalguneak egin zirenean ere, plano mota horretan oinarrituta egin ziren (Donostia eta Bartzelonako zabalguneak, adibidez). Lurralde-antolaketa erraza du eta hiritarren arteko komunikazio horizontal zein bertikala errazten du.

Plano erradiokontzentrikoa

Horrelako hirietan, zentro bat dago eta hortik kale erradialak abiatzen dira; kale horiek erdigunearen inguruan era kontzentrikoan antolatzen dira, zirkunferentzia baten erradioen antzera. Kale erradialak beste kale batzuek ebakitzen dituzte; plano hori erregularra edo irregularra izan daiteke. Horrelako planoak aurki ditzakegu muinoetan edo ibaien bihurguneetan kokatutako hirietan (Gasteiz, Milan) edo kostan kokatutako hirietan (Amsterdam). Hiri horien erdira sarrera oso azkarra da, eta hor egon ohi dira negozio nahiz zerbitzu publiko gehienak. Dena den, inguruko perimetroarekin, erdigunetik urrunen dauden lekuen arteko komunikazioa zaildu egiten du.

Plano lineala

Bide nagusi baten inguruan osatzen da hiria: ibai bat edo komunikazio bideren bat (errepidea, trenbidea…) eta forma luzexkoa du. Bidearen bi aldeetan banatzen dira eraikin publikoak, bizilekuak, etab. Linealak dira Donejakue Bideko hainbat hiri (Lizarra, Otxandio, Logroño, Santo Domingo de la Calzada…). Sorreran komunikabidearen gertutasuna abantaila bazen ere, azpiegitura eta zerbitzuen antolaketa zailtzen du.

Hirien funtzioak

Hiriak hainbat funtzio betetzeko eraiki izan dira; Erdi Aroan, adibidez, defentsarako hiribildu ugari sortu ziren muinoetan, eta bideen inguruan, berriz, merkataritzagune izateko. Hiri batek duen funtzio nagusiaren arabera, hainbat zerbitzu eta eginkizun topatu ditzakegu. Honoko hauek dira hirien funtzio nagusiak:

 

Hirien Funtzioak Hiri horietan bideratu daitezkeen zerbitzuak eta eginkizun nagusiak Adibideak
Merkataritzaguneak erosketa eta salmentaguneak, banketxeak Barakaldo
Administrazioa edo politikaguneak ogasun-bulegoa, legebiltzarrak, ministerioko edo gobernuko sailak Gasteiz, Madril
Industriaguneak labe garaiak Arrasate, Mataró
Aisialdiguneak Oporretako lekuak, museoak, kirol zelaiak, golf-zelaiak Donostia, Salou
Erromesgunea elizak, santuen erlikiak

 

Lourdes, Meka
Unibertsitategunea unibertsitateak, ikerketaguneak Leioa, Salamanca
Portu inguruko guneak zamaontziak eta petrolio-ontziak, portuak Pasaia, Rotterdam
Lotarako guneak zerbitzu urriak (denda, aisialdigunea) lotarako baino ez diren etxebizitza ugari Lasarte-Oria, Barañain
 

 

 

 

Hiria

Hiria bilgune jendetsu bat da, baina zaila da bere izaera zehaztea. Hori deskribatzeko irizpide kuantitatiboa erabil badezakegu ere, ez dago adostuta kopuru zehatzik. Espainian 10.000 biztanletik gorako biztanleguneak hartzen dira hiritzat, Frantzian 2.000 biztanletik gorakoak, Suedian, aldiz, 200 biztanletik gorakoak eta Japonian 30.000tik gorakoak.

Badira adostasun handiagoa duten beste irizpide batzuk, irizpide kualitatiboak dira; hau da, kalitateari dagokionez biztanleguneak dituen ezaugarriak.

Morfologiari edo itxurari dagokionez, hirietan biztanleria oso bildua dago, eraikin-dentsitate handiarekin, eta solairu ugariko etxebizitza altuetan bizi da jendea.

Hirietako biztanleria jarduera-sektore jakinetan aritzen da, batez ere hirugarren sektorean eta bigarren sektorean.

Hiriak zerbitzu ugari eskaintzen dizkio biztanleriari, bai eguneroko bizimoduari dagozkionak bai aisialdirako baliagarriak. Era berean, herritarrek administrazioaren nahiz osasunaren alorrean dituzten beharrak asetzen ditu.

Hiriak baditu beste ezaugarri batzuk ere. Ingurunean eragin handia du, eta zeharo eraldatzen du berezko paisaia. Lurzoruaren salneurria landa-eremuetakoa baino garestiagoa da. Horrek, besteak beste, zaildu egiten du inguru horretan bizitzea, elikagaiak ere garestiagoak direlako.

 

Hirien sailkapena

Hiriak sailkatzeko garaian hainbat irizpide erabili daitezke, hirien plano edo itxura, betetzen duten funtzioa, hirien barne-egitura edo morfologia. Era berean, hiriek bere bilakaeran hainbat egitura berri ere sortzen dituzte.

Erdi Aroko hirien antolaketa

Erdi Aroko hiriak nahiko txikiak izaten ziren, salbuespenak salbuespen (Milan, Venezia, Florentzia, Paris…), ez ziren 10.000 biztanle baino gehiagokoak. XIII. mendetik aurrera, ikaragarri garatu ziren, etorkinak iritsi baitziren landa-eremuetatik. Hiriak segurtasuna, askatasuna eta lan-aukera ematen zizkien.

Hiriak herri harresituak izan ohi ziren, harrizko harresiz inguratuak. Sartzeko ateak zituzten. Kale estu eta bihurrietan zehar, harlangaitzez edo buztinez betetako egurrezko egiturako etxeak zeuden bata bestearen ondoan; hori zela eta, suteek ikaragarrizko txikizioak egiten zituzten. Higiene- eta osasun-baldintzak ez ziren batere onak: etxeko animaliak inolako kontrolik gabe ibiltzen ziren hirian, zaborrak eta hondakin-urak kalera botatzen ziren zuzenean, etab.

Erdi Aroko munduko hiriak

Berant Erdi Aroan munduko hiririk handienak ekialdean zeuden. Txinako Nanjing hiria, Ming dinastiako erresumaren hiriburua, guztietan populatuena zen, milioi erdi inguru biztanlerekin. Gertu zituen Indiako Vijayanagara hiria eta Egiptoko Kairo; azken hori Erdi Aro osoan eta geroago ere, musulman hiri nagusietakoa. Europa mendebaldeko hiriak ondoren zetozen, Paris denen buru, baina Brugge ez zen askoz atzerago geratzen, eta Italiako hiriak, bereziki Genova ere handia zen. Ezin utzi aipatu gabe Granada, Iberiar penintsulan geratzen zen azken erresuma musulmaneko hiriburu distiratsua.

Munduko hiru hiri populatuenak eta beste batzuk 1400 urte aldera (biztanleria)

 

Nanjing (Txina)                           487.000

Vijayanagara (India)                    400.000

Kairo (Egipto)                              360.000

Paris (Frantzia)                            275.000

Brugge (Flandria)                        125.000

Genoa (Italia)                              100.000

Granada (Al Andalus)                   100.000

Iruñea (Euskal Herria)                 6.000

 

Erdi Aroko hirien sorrera

Berant Erdi Aroan, hiri handietan, artisau eta merkatari ugariz gain, unibertsitateak sortzen hasi ziren, eta katedral ugari eraiki ziren; Goiz Erdi Aroan, lehen mendekoaz oso bestelako bizimodua zabaldu zen. Hiribilduak sortzeko arrazoi asko izan ziren. Batzuek gune estrategikoan zeudelako eraiki zituzten: erresumen arteko mugak zehazteko, arrazoi politikoengatik (Segura, Ordizia, Tolosa), defentsarako (Uxue, Arguedas, Caparroso, Peñalen…), merkataritzarako (Nafarroako salgaiak itsasoratzeko), kostaldean (Hondarribia, Donostia, Bartzelona…), Gaztelako artilea kanporatzeko (Santander) eta Donejakue Bidearen inguruan.

Hiribilduak errege edo beste jaun handi baten eskutik hiri-gutuna jaso zuten biztanleguneak ziren (agiri horri fundazio-gutuna eta udal-forua ere deitzen zaio; gaztelaniaz carta puebla, carta fundacional edo fuero municipal). Gutun hori jasotzean, hiribildua fundatuta geratzen zen, hau da, lege-ikuspegitik existitzen hasten zen. Izan ere, hiri-gutuna agiri ofiziala zen, latinez edo erromantzez idatzia, hiribildua sortzeko eta populatzeko baimena ematen zuena, eta hiribilduaren baldintza legalak zehazten zituena. Agiri horretan jasotzen ziren hiribilduari zegozkion lurrak zein ziren, baita bertan biziko zirenen zenbait eskubide, zerga-salbuespen, pribilegio eta betebehar ere. Hiri-gutunaren emailea eta bermea erregea zen (edo gutuna eman zuen jauna): arazorik gertatuz gero hiribilduaren eta beste talde sozialen artean (adibidez, inguruko nobleekin), hiribilduak hiri-gutuna argudia zezakeen bere eskubideak zaintzeko eta erregearen babesa eskatzeko.

Erregeek eskubide ugari eman zizkieten hiribilduei, foruen edo hiri-gutunen bidez (adibidez, hirien fundazio-agiriak): azoka edo merkatua egiteko eskubidea, hiribilduko edo hiriko administrazioaren neurri bateko ardura, gerrara joan beharrik eza, jauntxoei zergarik ordaindu beharrik eza, harresia eraikitzeko ahalmena, larre-eskubideak, merkataritza-monopolioa… Horri esker, bertako biztanleek abantaila handiagoak zituzten. Horrenbestez, landan baserritarrak oso bizi-baldintza txarretan bizi baziren ere, hiribilduak askatasun lekuak bihurtu ziren.

Euskal lurraldeetan, Nafarroako erregeek fundatu zituzten lehen hiribilduak. Ondoren, Gaztelako errege-erreginek eta, gero, Bizkaiko jaun/andreek jarraitu zuten hiritartze-prozesua.

Hiriak ugaritu eta indartu ahala, ahaide nagusien boterea apaltzen hasi zen. Hiribilduen jaun bakarra erregea zen, legedi bakarra erregearena zen, eta haren aurrean bakarrik ziren erantzule hiritarrak. Zergak ordaintzeko garaian ere, erregeari bakarrik ordaindu behar zioten, inguruko nekazariek baino mendekotasun txikiagoa zuten, agintea ere beren eskuetan baitzegoen, kontzejuen bidez. Hiribilduek, beraz, jauntxoen boterea murriztu zuten, eta horrek, bereziki krisi-garaietan, gatazka ugari sortu zituen (Ahaide Nagusiek hiribilduei egindako erasoak, adibidez).

Erdi Aroko hiriak

XI. mendetik aurrera, mendebaldeko Europaren zati handienean, hiriak suspertzen hasi ziren berriro. Nekazaritzan ekoizpena hobetzeak demografiaren hazkundea ekarri zuen, elikagaiak ugaritzeak hilkortasuna jaitsarazi egin baitzuen. Era berean, elikagaiak sobera zituztenez, lan-banaketa zehazten joan ziren, merkataritzak eta artisautzak aurrera egin zuten eta horrek guztiak hiriak birsortzea eragin zuen.

Merkatariak leku seguruetan, herrixka zaharretako harresien inguruan, kokatu ziren, nekazaritzako eta artisautzako gaiak salerosteko. Gero, artisauak ere merkatarien inguruan finkatzen joan ziren. Gune horiek burgoak ziren eta haietako biztanleei burgesak deitu zitzaien. Erdi Aroko gizartean giza talde berri bat sortu zen. Hiriek artisautzaren eta merkataritzaren bilakaera geldiezina ekarri zuten. Artisauak gremiotan bildu ziren. Artisau maisuak bere lantegia izan ohi zuen, ofizial eta ikasleekin, eta baita denda bat ere, produktuak saltzeko.