Hirien planoak

Hiriak, sortzen den garaiaren arabera edo sortzen den lekuaren arabera, itxura bat edo bestea izaten du. Erdi Aroan sortutako hiri gehienak itxura nahasia dute, kale estu eta ordenatu gabeak dira. Aldiz, ibai baten edo errepide baten inguruan sortutakoak, linealak izaten dira, ibai edo errepide horren alboetan eraikitzen dira etxebizitzak.

Hiriak, edo auzo berriak, planifikazio baten ondoren eraikitzen badira, plano horiek antolatuagoak izaten dira, bai ortogonalak bai erradiozentrokideak.

  • Plano nahasia
  • Plano ortogonala
  • Plano erradiozentrokidea
  • Plano lineala

Plano nahasia, edo irregularra

Plano mota horretako guneetan, kale estuak eta gorabeheratsuak dira nagusi, batzuk irteerarik gabekoak, era anarkikoan antolatuak. Plazek ez dute forma jakinik. Plano irregularra izaten zen Erdi Aroan ohikoena eta oraindik hainbat hiritako alde zaharrek plano hori mantentzen dute (Toledo, Fez, Marrakex…). Horrelako hiri gehienak zahartze prozesuan murgilduak daude eta hainbatetan, bereziki turismoari begira, eraberritzeko lanetan ari dira. Plano mota hori duten hirietan ibilgailuentzako sarbide zaila dute eta horrek hainbat arazo ekar ditzake (bai obretako materiala edo altzariak garraiatzeko, baita anbulantziak iristeko ere).

Plano ortogonala

Koadrikula edo dama-joko itxurakoa, angelu zuzenean elkar ebakitzen duten kaleek osatzen dute plano mota hori. Greziarren eta erromatarren garaiko herriak dira (Tarragona, Castello, Aranjuez). XIX. mendeko hiri-zabalguneak egin zirenean ere, plano mota horretan oinarrituta egin ziren (Donostia eta Bartzelonako zabalguneak, adibidez). Lurralde-antolaketa erraza du eta hiritarren arteko komunikazio horizontal zein bertikala errazten du.

Plano erradiokontzentrikoa

Horrelako hirietan, zentro bat dago eta hortik kale erradialak abiatzen dira; kale horiek erdigunearen inguruan era kontzentrikoan antolatzen dira, zirkunferentzia baten erradioen antzera. Kale erradialak beste kale batzuek ebakitzen dituzte; plano hori erregularra edo irregularra izan daiteke. Horrelako planoak aurki ditzakegu muinoetan edo ibaien bihurguneetan kokatutako hirietan (Gasteiz, Milan) edo kostan kokatutako hirietan (Amsterdam). Hiri horien erdira sarrera oso azkarra da, eta hor egon ohi dira negozio nahiz zerbitzu publiko gehienak. Dena den, inguruko perimetroarekin, erdigunetik urrunen dauden lekuen arteko komunikazioa zaildu egiten du.

Plano lineala

Bide nagusi baten inguruan osatzen da hiria: ibai bat edo komunikazio bideren bat (errepidea, trenbidea…) eta forma luzexkoa du. Bidearen bi aldeetan banatzen dira eraikin publikoak, bizilekuak, etab. Linealak dira Donejakue Bideko hainbat hiri (Lizarra, Otxandio, Logroño, Santo Domingo de la Calzada…). Sorreran komunikabidearen gertutasuna abantaila bazen ere, azpiegitura eta zerbitzuen antolaketa zailtzen du.