Erdi Aroko ekonomia-jarduerak: nekazaritza

Erdi Aroan, biztanleriaren % 90 nekazaria zen. Erdi Aroan lurra dena zen. Europako biztanleria ia osoak lurreko jardueretan egiten zuen lan, hau da, nekazari-abeltzain jardueretan. Jendearen bizibidea lurrari lotuta zegoen, urtaro bakoitzeko lanei, uzta on edo txarrei. Lurra zen aberastasun-iturria.

Nekazaritza herri xehearen giza taldekoen ekonomia-jarduera zen eta batez ere herrietan eta herrixketan gauzatzen zen jarduera hori. Nekazari esklaboak baziren, baina nekazari gehienak nekazari libreak ziren. Halere, nekazari gehienak libre izateak ez zuen esan nahi soilik beren buruentzat lan egiten zutenik. Nekazari libreen artean mota askotakoak zeuden. Batzuk ez zuten lur propiorik eta jaunen lurretan egiten zuten lan errenta edo alokairu bat ordaintzearen truke, jopuak ziren. Beste batzuk lursail txikien jabe ziren, baina haiek ere uztaren zati bat erregeari edota elizari eman behar zioten zerga gisa. Elizari emandakoak hamarrena izena hartzen zuen, uztaren ehuneko hamarra eman behar zielako.

XI. mendetik aurrera, pixkanaka hainbat aldaketa eta teknika berri agertzen joan ziren: lugorri uzten ziren zenbait sail, lurrari atsedena emanez abereak bazkatzeko erabiltzen ziren lurrak; txandakatze-sistema, urte batetik bestera lursail bati erabilera desberdinak emanez, tartean urtebete lugorri utzita; animalien lepokoak eta ferrak, errazago eta azkarrago lan egin zezaten; errotak, lehenik laboreak ehotzeko eta, gero, beste hainbat gauzatarako, uraren eta airearen indarra erabiliz; haziak hobeto aukeratzea: golde handiagoak eta hobeak. Golde horiei esker, hainbat basotako lurra ere lantzen hasi ziren.

Bestalde, nekazaritza-lur gehiago erabiltzen hasi ziren, biztanleriaren igoerak eta birpopulatzeak bultzatuta, lur berri ugari egokitu baitzituzten. Horrekin guztiarekin, lurrari etekin handiagoa atera zioten, eta pixkanaka XIII. mendetik aurrera soberakinak sortzen hasi ziren. Horrek merkataritza indartzea eta hiriak sortzea ekarri zuen.

Nekazaritza euskal lurraldeetan

Nekazaritza Euskal lurralde osoan hedatzen zen. Landutako zereal nagusiak garia, garagarra eta artatxikia ziren. Bestalde, lekaleak ere ekoizten ziren: baba eta ilarra besteak beste. Nekazaritza tekniken artean zerealen eta lekaleen txandakatze-sistema ohikoa zen. Landareen ezaugarriak tarteko, ereintza udazken-neguan eta udaberri aldean egingo zen, eta bilketa berriz uda partean. Lihoa ere landatzen zuten, ehunak egiteko erabiltzen zena. Bestalde, mahastiak ere lantzen zituzten.

Euskal lurraldeetako alde mediterraneoan, aurreko landareez gain, olibondoak ere hazten zituzten. Lurra lantzeko burdinazko nabardun (puntadun) goldeak erabiltzen zituzten, idiz edo zaldiz tiratuak, eta zerealak biltzeko metalezko igitaiak. Irina lortzeko harrizko esku-errota zirkularrak arruntak ziren. Produktuak gordetzeko eskuz edo tornuz egindako zeramikazko ontziak zeuden. Lurrean egindako zulo sakonak ere erabiltzen zituzten biltegi gisa.

Erdi Aroko ekonomia-jarduerak

Erdi Aro osoan nekazaritza eta abelazkuntza izan ziren euskal lurraldeetako, Europako eta munduko ekonomiaren funtsa. Lurreko lanek biztanleriaren gehiengo zabala enplegatzen zuten, eta lurra zen aberastasun-iturri nagusia. Edonola ere, Goiz Erdi Aroan ez bezala, Berant Erdi Aroan hiriek eta hari lotutako merkatari- eta artisau- jarduerek loraldia bizi izan zuten. Hortaz, 1400. urte aldera, ekonomiaren barruan lehen sektorea zen nagusi, baina haren aldamenean artisautza eta merkataritza arloko jarduera aipagarriak garatu ziren.

Erdi Aroko lehen mendeetan ekonomia buruaskia zen nagusiki, hau da, beharrak asetzeko behar zutena haiek lortu edota ekoizten zuten; ekoizten zutena haientzat zen. Batez ere, nekazaritza iraupenezkoan oinarritua, lan asko eginda ere, jateko ozta-ozta ateratzen zuten garai hartan, ekoizpena eskasa baitzen: lurrak agortu egiten ziren, tresneria traketsa zuten, eguraldiaren mende bizi ziren… Soberakinik ez zuten sortzen, eta beharrezko guztia eurek sortu eta landu behar izaten zuten: lanerako tresnak, oihalak…

Erdi Aroko erakundeak euskal lurraldeetan: aginte-politikoa

Aginte-politikorik gehiena errege-erreginek zuten. Haiek zuten erresumako buruzagitza militar gorena, gerrak zuzentzen zituena, eta bere agintepean zeuden erresumako gaztelu, gotorleku eta defentsaguneak. Haiek izendatzen zituzten beren konfiantzazko nobleen artean erresumako gazteluen zaindariak, eta txandaka mugitzen zituen gaztelu batetik bestera. Erresumako aginte judizial gorena ere erregea zen, hau da, epaiketen arduradun nagusiak ziren.

Erregeak lur eta ondare publikoak ere kudeatzen zituen, haien gaineko eskubide eta zergak jasoz. Basoak, mendiak, larreak, ura, bide-sariak, merkatuak erregearen eskumenekoak ziren, eta zerga zuzen batzuk ere jasotzen zituen nekazarien ekoizpenetik. Errege-karguak ematen zizkion eskubide horiez gain, lur-jabetza partikularrak ere bazituen, bere propioak.

Erregea, ordea, ez zen agintari bakarti bat. Aldamenean zuen gortea, gertuko senideek eta bere konfiantzazko nobleek eta kleroak osatua. Haiek ematen zioten aholku eta haien laguntzaz kudeatzen zuen erresuma. Bestetik, Elizak ere babesten zuen erregea, Jainkoak hautatua zela esanez.

Nafarroako beste erakunde garrantzitsu bat Konptoen Ganbera zen, XIV. mende erdialdean sortua. Erresumako auzitegi gorena zen eta bere inguruan antolatu zituen epaileak, notarioak, abokatuak eta erregearen prokuradorea, azken hori erregearen interesak babesteko ardura zuena. Hala ere, berez, erregearen interesak babesteko erakunde nagusia Errege Kontseilua zen, erregearen gobernu antzean funtzionatzen zuena.

Erdi Aroko gazteluak

Erdi Aroko gizarte feudalaren sinboloa gaztelua zen. Gazteluak babeserako eraikinak ziren eta gaztelu on batek harrizkoa izan behar zuen. Horretarako, denbora eta dirua behar zen. Hortaz, boterearen adierazgarri zen, esan nahi baitzuen jauna hura egiteko gai izan zela.

Erdi Aroko erakundeak euskal lurraldeetan: antolaketa

Gaur egungo erakunde gehienak Erdi Aroan sortutakoak dira.

Herri mailako erakundeak

Batzarrak herriak gobernatzeko erakundeak ziren eta herrietako komunitateak eratzearekin batera agertu ziren, herritar guztiek komunean zituzten interes edo arazoei erantzuna emateko gutxieneko antolakuntza baten beharra sortu zenean. Herrietan eta hirietan egiten ziren batzar horiek irekiak edo itxiak izaten ziren.

Batzar itxiak hiribilduetako bizitza gidatzen zuten ofizialek eta karguek osatzen zuten. Karguek urtebeteko iraupena zuten. Ordezkarien hautaketan auzokideek parte hartzen zuten, hau da, etxe bakoitzeko ordezkariek. Nagusiki, gizonezkoek hartzen zuten parte aukeraketa horretan. Kargu hori bete ahal izateko hainbat baldintza bete behar ziren: gaztelaniaz idazten eta irakurtzen jakitea, gutxieneko diru kopuru edo ondasunak izatea, bizilekua hiribilduaren harresiz barne izatea…

Batzar irekian 25 urtetik gorako adina zuten herriko biztanleek soilik zuten bozkatzeko aukera. Elizetan egiten ziren ezohiko batzarrak izaten ziren, oso gutxitan eta oso garrantzitsuak ziren gaiak lantzeko.

Herrietatik haragoko erakundeak

Lurralde antolaketari zegokionez, XIII. menderako Nafarroako Erresuman lau eskualde edo merindade zeuden: Iruñea-Mendialdea, Zangoza, Lizarra eta Erribera. Horrez gain, Pirinioez bestaldean bazen era askotako lur multzo bat, gaur egun “Nafarroa Beherea” deitzen duguna, garai hartan baile-herri deitutako bi ataletan banatuta zegoen: Donibane Garaziko baile-herria eta Mixa-Oztibarreko baile-herria.

Merindade bakoitzaren arduradun gisa merio bat zegoen, erregearen ondarea, errentak eta eskubideak kudeatzen zituena. Merioak erregearen izenean justizia aplikatu eta ordena publikoa zaindu behar zituen. Nafarroa Garaian merioaren lana baileak betetzen zuen.

Beste euskal lurraldeetan XIV-XV mendeetan joan ziren finkatzen gerora Batzar Nagusi izena hartuko zuten erakundeak, eta haien eskutik joango ziren finkatzen lurraldeko foruak, astiro-astiro.

  • Gaztelako erregeak XIV. mendetik bere ordezkari bat zuen probintzia bakoitzean, Bizkaian eta Gipuzkoan korrejidore deitzen zena.
  • Bizkaian bertako jauntxoek1342. urtean Gernikan agiri bat idatzi zuten Bizkaiko jaunaren (erregearen) eta bizkaitarren arteko harremanak eta eskubideak zehazteko. Batez ere, bizkaitar nobleen pribilegioak zehazten zituen, baina zenbait eskubide bizkaitar guztienak zirela iradokitzen zen. 1452. urtean, Bizkaiko estamentu pribilegiatuetako kideek Bizkaiko Foru Zaharra idatzi zuten, beren buruen alde batez ere, baina berriro ere herritar guztien zenbait eskubide zehaztuz.
  • Gipuzkoan bertako hiribilduak Ermandade izeneko batzarretan elkartzen hasi ziren. Ezagutzen den lehen batzarra, 1375. urtekoa, Tolosan bildu zen. Ermandadeak, batez ere, jaunen gehiegikeriak mugatzeko elkartzen ziren.
  • Gernikako batzar eta Ermandade haien inguruan finkatzen joan ziren Batzar Nagusiak izango zirenak.
  • Erdi Aro amaieran Foru Aldundiak sortu ziren, Batzar Nagusien bilera artean horietan erabakitakoa bete arazteko.

Erdi Aroko erakundeak euskal lurraldeetan: Ipar Euskal Herriko lurrak

Gaur egungo Ipar Euskal Herriko lurraldeen banaketari buruzko lehen erreferentziak Antso III.a Nagusiaren erregealdikoak dira. XI. mendearen lehen herenetik aurrera, oso argi ageri dira Lapurdiko bizkonde-leinuaren dokumentuak. Nafarroako errege-etxetik sortu zen leinu horrek Baionan zuen egoitza. Zuberoa Biarnoko bizkondearen agintepean zegoen, eta bizkondea Iruñeko erregearen basailua zen. Amikuze-Oztibarre inguruetako egoera zalantzazkoa zen, Akitaniako dukeak eta Nafarroako erregeak aldarrikatutako lurraldea baitzen. Iruñeko erregea hil ondoren, lurralde horietako zati batzuek Akitaniaren eremura jo zuten, baina XI. mendearen amaiera aldera, Lapurditik Zuberoaraino onartzen zen errege-aginte bakarra Nafarroako erregearena zen. XII. mendearen erdialdean, ingelesen esku zegoen lur hori, eta horrek erregeen arteko liskarrak ekarri zituen (Nafarroako, Ingalaterrako eta Frantziako erregeen artekoak). Hor hasi zen lurralde horien behin betiko osaeraren prozesua.

Erdi Aroko erakundeak euskal lurraldeetan: Gipuzkoako sorrera

Gipuzkoaren lehen aipamen historikoa 1025ekoa da, bertan Gartzea Aznarren mendeko lurraldea zela agertzen da eta hura Nafarroako Antso III.aren mende zegoela. Kasu horretan ere, testuetan egiten den Gipuzkoaren aipamena ez dator bat gaur egun guk ezagutzen dugun Gipuzkoarekin. Testu horretan agertzen denaren arabera, Urola eta Oria arroek osatzen zuten Gipuzkoa. Garai horiez ez dakigu askoz gehiago, soilik Iruñeko erregeen mende egon zela Gaztelako Alfontso VI.ak eskuratu arte.

XII. mendearen amaieran, gaur egungo Gipuzkoako lurrak ongi bereizitako hiru lurraldez zeuden osatuta: Gipuzkoa nuklearra edo Ipuçcoa, Donostia hiria eta erdialdeko Debako eta Debabarreneko lurrak. XIII. mendean Gaztelaren esku gelditu ziren lurrak konkista bidez, eta Ipuçcoa izena lurralde osoa izendatzeko erabiltzen hasi ziren.

Gipuzkoako lurraldeko herriak Gipuzkoako Ermandadean bildu ziren, Gaztelako erregeek babestutako elkarteetan. Erakunde horrek, XV. mendearen bukaera aldera, gaur egungo Gipuzkoa osatzen duten leku eta lur gehienak biltzen zituen.

Erdi Aroko erakundeak euskal lurraldeetan: Bizkaiaren sorrera

Bizkaiko egitura politikoa prozesu luze baten bidez eratu zen. Bizkaiaren lehen aipamena Alfontso III.aren VIII. mendeko kronikan agertzen da. Testu horretan, bereizita agertzen dira, Bizkaia bera, Urduña, eta Sopuerta, Garape eta Karrantza. Testu horren arabera, Garape eta Karrantza, gaur egungo Enkarterri alegia, Asturiasko erregeen mende zeuden, eta aipamenean agertutako beste guztiak, tokiko biztanleen eskuetan, besterik gabe.

IX. mendeko Bizkaiari buruzko aipamenak iparraldetik itsasoak, mendebaldetik Nerbioi ibaiak eta ekialdetik Deba arroak mugatutako esparru geografikoaz ari direla esan daiteke. Bizkaia Asturiasko Erresumaren eta garai hartan sortzen ari zen Iruñeko Erresumen artean menderatu gabe zegoen lurralde gisa agertzen da.

Bizkaiko jaunaren lehen aipamena 924koa da, Antso Gartzez I.aren alaba Belaskita Momo bizkaitarren kondearekin ezkonduta zegoela aipatzen denean, Rodako eskuizkribu genealogikoetan. Hurrengo aipu garbia 1043koa da: Enneco Lupiz Vizcayensis comes deitua, Eneko edo Iñigo Lopez delakoarena. Haro familiak zuen lurralde gobernatzeko eskumena. Eskumen hori Eneko Lopezek lortu zuen, Gaztelako Alfontso VI.a erregeari eman zion babesari esker. Bizkaiko jaunek errekonkistan lagundu zuten. Horren ordainetan, Durangoko lurraldea eman zitzaien jaurerri moduan, Bizkaian sartuz, beren izaera galdu gabe. Geroago, Urduñak, Enkarterriko lurrek eta hainbat herrik zabaldu zuten Bizkaiko jaurerria.

Erdi Aroko erakundeak euskal lurraldeetan: Arabaren sorrera

“Araba” hitza Gorbeiatik (jatorrizko gunetik) Arabako Lautadako lurraldeetara hedatu zen. 1025. urteko “Donemiliagako golde-nabarra” dokumentuan Arabako lurrek Donemiliaga Kukulako monasterioari eman behar zioten burdin zergaren berri jasotzen da (golde-nabarretan ordaintzen zen). Garrantzitsuak dira, halaber, Arriagako Kofradiako jaunen esku zeuden herrixkei buruzko datuak; izan ere, guztien artean gobernatzen zuten Arabako zatirik handiena, eta San Joan Arriagakoa ermitan (Gasteiz) biltzen ziren.

XIII. mendearen erdialdetik, jaunen eskumenetik errege-eskumenera igaro ziren zenbait herrixka. Errege-boterea 1332an finkatu zen erabat, Arriagako Kofradiaren esku zeuden lurraldeak erregeari “borondatez ematean”. Erdi Aroaren azken urteetan, jaunen gehiegikeriak geldiarazteko, herrixkak ermandadetan bildu ziren; hau da, Gaztelako erregeek babestutako elkarteetan. XV. mendearen amaiera aldera, Arabako ermandadeak gaur egungo lurralde historikoaren antzeko lur-eremuan banatutako lekuak hartzen zituen.

Erdi Aroko erakundeak euskal lurraldeetan: Iruñeko eta Nafarroako Erresumak

Iruñeko Erresumaren sorrera

IX. mendean, Aritza familiak erregetza ezartzea lortu zuen Iruñea inguruan, Tutera eta Zaragoza arteko Ebro ibarra kontrolatzen zuen Banu Qasi familia musulman boteretsuaren laguntzari esker. Leireko monasterioa izan zen Iruñeko Erresuma berriaren gune politikoa. Harreman onak izaten jarraitu zuten musulmanekin.

Ximenotarren dinastia

X. mendearen hasieran, Ximenotarren dinastiak edo leinuak hartu zuen Iruñeko erregetza, eta Antso I.a Gartzez (905-925) izan zen leinu horretako lehen erregea. Erregeak, Leongo erregeekin aliatuta, bultzada handia eman zion musulmanen aurkako borrokei. Mende horren erdialdean, Iruñeak Aragoiko Konderria bereganatu zuen, eta mendebalderantz hedatu zen, Gaztelaren kaltetan. Antso II.a Gartzez Abarkaren garaian (970-994), Arabako lurraldearen zati bat Iruñeko Erresumari lotuta geratu zen.

Antso III.aren erregealdia

Antso III.a Gartzez Nagusiaren garaian (1000-1035) lortu zuen Iruñeko Erresumak goieneko unea, orduan izan baitzuen erresumak lurrik gehien. Errege horrek musulmanen aurkako borroketan arrakasta handirik izan ez bazuen ere, erresumaren mugak zabaltzea lortu zuen, sortu berria zen Gaztelatik Kataluniako mugaraino, eta, barne arazoez baliatuta, Leongo Erresuma ere bere eraginpean jarri zuen. Antso III.aren boterea Lapurdira eta Nafarroa Behereko lurralde batzuetaraino zabaldu zen.

Antso III.a hil zenean, erresumako mugak bere semeen artean banatu ziren. Gartzea Santxez Naiarakoari Nafarroako lurrak egokitu zitzaizkion, eta baita bere anaien gaineko aginte gorena ere. Hauek zituen anaiak: Ramiro, Aragoiko erregea; Fernando, Gaztelakoa; eta Gonzalo, Sobrarbe eta Ribagorzako kondea. Anaien arteko desadostasunen ondorioz, Atapuercako zelaietan hil zen Gartzea Santxez Naiarakoa, Fernando Gaztelakoaren aurka aritu ondoren. Antso IV.a Peñalengoa erresumaren buru jarri zen, Aragoiren eta Gaztela eta Leonen hedatzeko asmoen mehatxupean.

Antso Jakitunaren eta Antso Azkarraren erregealdiak

Antso IV.a hil egin zuten, eta Iruñeko nobleziak Aragoiko Antso Ramirez erregeari eman zion Iruñearen gobernua. Haren agintaldian, burgu edo herri ugari sortu ziren (Lizarra, Zangoza, Gares…) eta bizilagun asko bildu ziren burgu haietara (Erdi Aroko herri edo herrixka), emandako pribilegioek eta salbuespenek erakarrita. Iruñeko Erresumak Aragoiren inguruan jarraitu zuen ondorengoen agintaldian ere. Nafarroako Gartzea Ramirez (1134-1150) erregeak bereizi zuen Nafarroa Aragoitik.

Antso VI.a Jakitunarekin batera, Berrezarkuntza-garaia (1134-1234) hasi zen. Ordura arte Iruñeko Erresuma izenarekin ezagutzen zenari Nafarroako Erresuma deitu zitzaion. Errege horren garaian erresumaren osotasunari eutsi nahi izan zitzaion. Hala ere, pixkanaka-pixkanaka, ondoko bi erresuma boteretsuk, Gaztelak eta Aragoik, itzal egin zioten Nafarroari, eta erresuma txiki bilakatu zen.

Antso VII.a Azkarraren (1194-1234) agintaldian, Nafarroak Araba eta Gipuzkoa galdu zituen. Erregea oinordekorik gabe hil zen, eta nafarrek Tibalt II.a aukeratu zuten ondorengo. Horrela, bada, Frantziako dinastiak hasi ziren Nafarroan agintzen: Xanpainako etxearen, Frantziako etxearen eta Evreuxko etxearen garaia zen.

Nafarroaren konkista

Nafarroako Erresumaren konkistaren hasiera 1512an hasi zen, hau da, Gaztelako Fernando Katolikoak Nafarroa konkistatzea agindu zuenean. 1512ko uztailetik irailera bitartean, Albako dukeak Nafarroa konkistatu zuen. Urritik abendura bitartean, Nafarroako erresuma berreskuratzeko lehenengo ahalegina egin zen, baina porrot egin zuen. Nafarroako tronuan berriz ere legezko errege-erreginak jartzeko beste ahalegin batzuk egin zituzten 1516ko martxoan eta 1521eko maiatzetik ekainera, baina haiek ere porrot egin zuten. Iritzirik zabalduenaren arabera, armek beharturik beretu zuen Gaztelak Nafarroa, batere sinesgarriak ez ziren arrazoi juridikoak erabiliz eta Julio II. aita santuaren bulda edo agiri eztabaidagarriak baliatuta. Nafarroako Erresumak Nafarroa Beherean jarraitu zuen 1620ra arte.

Erdi Aroko erakundeak euskal lurraldeetan: egitura-politikoa

Erdi Aroan euskal lurraldeak hainbat egitura politikotan kokatu izan dira eta asko aldatu izan dira historian zehar. Euskal lurraldeetako erakunde nagusiak Iruñeko Erresuma eta Nafarroako Erresuma izan ziren. Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Ipar Euskal Herriko lurraldeak Nafarroako eta Iruñeko Erresumen testuinguruan osatu ziren. Gerora, lurralde horietako erakundeak Gaztelako, Frantziako edo Ingalaterrako erresumen barruan kokatzen joan ziren.